2008-10-19 -- 2155.zenb
Atuna arraindegietan urte osoan topatzen badugu ere, Euskal Herrian atunaren inguruan antolatzen diren festak uda partean izaten dira guztiak. Atunek migrazio-bide oso luzeak egiten dituzte, nahiz eta nagusiki munduko bi leku dira beraien kokaleku nagusiak, hots, Mediterraneoa eta Mexikoko Golkoa.
Batean zein bestean jaio izan, atungorriak (Thunnus thynnus) heldutasunera ailegatzean bere jaiotze-lekuetatik irten eta Atlantikorantz jotzen du, eta Mediterraneoan jaiotakoa izan nahiz Mexikoko Golkoan jaiotakoa izan, nahastu eta elkarrekin bizitzen dira ugalketarako adinera heldu arte.
AEBetako hainbat unibertsitateko ikerlari-talde batek Jay Rooker eta Barbara Block buru dituela, atunek barne-belarrian dituzten otolito deitu substantzia-bilduma aztertu du. Bertan topatzen diren karbono eta oxigeno kantitateek jaiotze-lekuaren berri adierazten dute ziurtasun handiz. Horrela jakin izan dute Ameriketako uretan aztertutako atunetatik erdia baino gehiago Mediterraneoan jaioa dela.
Hori dela eta, Mexikoko Golkoko eta Mediterraneoko atun-populazioak erlazionaturik daudela ondorioztatu dute eta batean gehiegizko arrantza baldin badago, bestean ere populazioaren txikiagotzea gertatuko da. Berri honen garrantzia handia da, zeren eta une honetan eztabaida bizian ari dira arrantza egin nahi dutenak eta nahi ez dutenak.
Quebec-eko iparraldean dagoen Hudson badia Groenlandiaren aurretik jarri da munduko harkaitzik zaharrenak izateko lehian. Orain arte Groenlandiako Isuan topatutako ofiolitoak izan dira munduko harkaitzik zaharrenak, 3,8 mila milioi urterekin. Baina Kanadako Montrealen dagoen McGill unibertsitateko Jonathan O'neil ikerlariak zuzendutako ekipoak harkaitz zaharragoak topatu ditu Hudson-eko badian, 4,3 mila milioi urtekoak hain zuzen ere. Datu honek plaken arteko tektonika (kontinenteak sortu ziren garai aldera) uste baino lehenago hasi zela adieraz dezake eta ondorioz, orain arte ontzat emandako datak berraztertzea ekar dezake.
Nobel sarien light bertsioa da IG Nobel delakoa. Irabazleek zakurren arkakusoek katuenek baino jauzi handiagoa egiten dutela frogatu dute. Informazio gehiagorako ikus: http://ttiki.com/1003
Berriki egindako inkesta batean Kongon 125.000 gorila zenbatu dira. Ikerlarien artean sorpresa handia izan da berri hau. Ikus:
http://ttiki.com/1002
Antzinako gizakiaren hortzen morfologiak asko lagundu du euren elikagaia ezagutzeko garaian. Horri esker landare eta barazkien garrantzia ezagutu izan da.
Txili piperra min izatea onddoen aurka landareak antolatzen duen defentsa-sistemaren zati da. Informazio gehiago: http://ttiki.com/1001
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa