2008-10-12 -- 2154.zenb
Datorren urtean 30 urte beteko ditu demokrazia aroak Hego Euskal Herrian. Martxoan IX. legealdirako hauteskundeak izanen dira EAEn. Legealdiak eta ziklo politikoak agortuz doaz, baina herri honek ez du marko juridiko-politiko egonkorrik gauzatu.
Herri kontsulta iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak iazko urrian. 2008ko urria heldu da, baita urri heldu ere. Ibarretxe lehendakariak trazatutako ibilbide orria urrituz joan da urtea iragan ahala. Udazkena heldu da eta urriaren 25ean egitekoa zen kontsulta ez da eginen. Kontsulta eguna erori da egutegitik, orriak arboletatik nola. Egun horretan Gernikako Estatutuaren 29. urteurrena beteko da. Datorren udaberrian hauteskundeak izanen dira EAEn, VIII. legealdia bete ostean. 30 urte bete du Euskal Herriko aro berriaren politikak, baina herri honentzako ez da marko juridiko-politikoa oraindik finkatu.
Euskalkien arteko desberdintasun handiak ohiko hizpide izaten ditugu euskaldunok. Azpi-titulurik gabeko pastorala nekez ulertuko du manexak, egia, baina batua, Gipuzkoa epizentro duela, egiten ari da bere lana, eta igartzen hasiak gara. Euskal gazteen hizkerek antz handiagoa dute haien aitite-amamenek baino. Pena, zenbait euskalki ari direla galtzaile suertatzen.
Maiatzaren azken egunean, Sagrario Aleman euskaltzain oso izendatu berriak sarrera-hitzaldia egin zuen, ohitura den legez. Etxaleku jaioterrian bete zuen eginkizun hori, Luis Luziano Bonaparte printzearen euskalki-mapetan goi nafarreraren eremuan agertzen den Imotz haraneko herrian. Koldo Zuazo eibartar hizkuntzalariaren sailkapen berriagoak, alabaina, gipuzkoarraren eta nafarraren arteko eremu batean kokatzen ditu bai Etxaleku bai Imotz haraneko beste herri batzuk.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa