2008-10-12 -- 2154.zenb
Joxerra Aizpurua (Industria ingeniaria)
Elhuyarren ari ginen 1984. urtean, bideogintzari ateak zabaldu genizkion, zientzia dibulgazioaren formatu berri gisa. Ikasleentzat nahi genituen filmak eta hautatutako lehen gaia “Robot industrialak” izan zen. Bagenekien Ikastolen Elkarteak audiobisualen atal indartsua zuela eta beraiengana jo genuen ideiaren zirriborroarekin. Proiektua gustatu eta kofiantzatzea erabaki genuen guk informazioa eta beraiek zinema-teknika jarriz.
Hantxe ezagutu nituen Xabier eta Rotu eta beraiekin aritu nintzen ia urtebetez hau eta bestea grabatzen.
Xabierrek gutxi zekien robotaz, baina lanaren amaieran guk bezainbeste bai; gidoia idaztea eta eszenak zehaztea bere lana izan zen, lanen koordinazioarekin batera. Rotu ixila zen, baina eszena eta irudien kalitatea bere kamerekin lortu zituen.
90eko hamarkadan utzi gintuen Rotuk, ixilik utzi ere. Aurten Xabierrek utzi gaitu eta “memoria historikoa” aldarrikatzen utzi gaitu, bere azkenetako lana Pasaian 1936ko gudan desagertutakoen memoria berpiztea izan baita.
Rotu irudiarekin eta Xabier kritika, zinema eta alkate-izanarekin lotzen badira ere, nik euskarazko zientzia dibulgazioaren alorrarekin ere lotu nahi ditut, egunen batean inork Googlen euskara, zientzia, robotak, dibulgazioa edo antzeko hitzak sartzen baditu bilaketaren emaitzan Rotu eta Xabier azal daitezen.
Zientzian eta teknologian egunero argitaratzen dira lorpenak eta lorpen horiekin batera ikerlarien izen-abizenak. Aurrekoak ez du balio, azkenak bakarrik balio du eta lorpenaren historia azkeneko unera mugatzen da; atzo ez da historia, gaur ere ez, oraintxe baino ez da historia eta ez gara konturatzen hau gaur lortu bada, atzo hura egin zelako eta herenegun hark ideia bat izan zuelako izan dela. Gainera, zientzialariak espezialista izan behar du eta zientziaz jakin behar du eta gainerako arloez kezkatzea gaizki ikusita dago.
Rotu eta Xabier eta batez ere azken hau, alor askotan aritu ziren, beraz gaurko estandarretatik at izango lirateke; hala ere Xabierrek, arestian esan bezala, aurrekoak gaurkora ekarri nahi izan ditu bera desagertu aurretik eta bide batez gu, gure egoera eta gure etorkizuna atzokoaren jarraipena eta ondorioa dela gogorarazi digu.
Lerro hauen bidez Xabier eta Rotu gogora ekarri nahi ditut, zientzia dibulgazioaren izenean hain zuzen ere, jakin baitakigu etorkizunean ere, historia zubi amaitezina dela pentsatzen duten euskaldunak izango direla. Haientzat!
Txoli Mateos (EHUko soziologia irakaslea)
Zer da lana? Literatura filosofikoan, soziologikoan, eta teologikoan ere, mendeak dira gizakiaren jardun hori ulertzeko eta kokatzeko ahaleginak egiten direla.
Hala, lana har daiteke Jainkoak agindutako zigor gisa, katolizismo tradizionalak adierazi duen moduan. Arima salbu zegoelako froga modura, kalbinismoak esaten zuen moduan. Gizarte kapitalistan kapitalista ez garenon patu legez, Marxek zioen bezala. Edota, emakumeon autonomiarako ezinbesteko baldintzatzat, feminismoak aldarrikatu duen bezalaxe. Izan ere, zinez luzea da lana ulertzeko gizarte-ikuskeren zerrenda.
Baina ikuskera guztien gainetik, nire ustez, lana zigor gisa ulertzea nagusitu da gure artean. Lan egitera behartuta jaio gara gizaki gehienok, nahi eta nahi ez. Eta jardun horri erants dakiokeen esangura politiko, erlijiozko edota militante ororen gainetik, lana –beharra esaten dugu bizkaieraz– egin beharreko zerbait da; ez da norberak plazerez egindakoa. Edo ez?
Esan gabe doa, lanak eta lanak daude. Lanbide batzuk erosoak dira, edo sormenari leku handiagoa uzten diote, edo oso ondo ordainduta daude... Pentsa liteke ez dutela zigor kutsurik. Ulertzekoa da, neurri batean behintzat, erretiroaren ideiak arrakasta handirik ez izatea horrelako kasuetan. Beste batzuk, ordea... Badirudi, edo nik neuk behintzat beti ikusi dut horrela, lanbide jakin batzuetako langileek irrikan egon beharko luketela erretiroa noiz helduko, lan nekagarri eta malkartsu bat dutelako. Eta orain dela gutxi jabetzen hasita nago ez dela egia. Berdin da nolako lana egiten den, muga batzuen barruan, noski. Jendeak ez du erretiroa hartu nahi. Ezta pentsatu ere. Lanez gainezka, zeharo estresatuta, beti oporren esperoan egon arren... Zer egin etxean? Nola bete egunak? Zer egin bizitzarekin?
Lanak gure bizimodua egituratzen du. Hala, oporrak lanik eza dira. Eta lana dagoelako dute zentzua. Baina lanera joan beharrik ez badago, itxura denez, aisialdiak, eta, ondorioz ere, gure denbora osoak esangura galtzen du. Oporrak luzatzeko trikimailuak asmatuz ibili ohi gara; baina, sakonean, ezgauza gara geure bizimodua lanik gabe irudikatzeko.
Sinetsita nago: gure gizartea zeharkatzen duen mamua ez da lana. Gehienontzat langabezia ere ez da. Erretiroa da, ordea, izua eragiten duena. Honatx ondorioa: esklabo zoriontsu bihurtu gara, eta zenbat eta hurbilago ikusi erretiroa, are eta zoriontsuago, are eta esklaboago.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa