Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-10-05 -- 2153.zenb

Xabier Mendiguren Elizegi (idazlea)

Xabier Mendiguren Elizegi

Udazken-usaina dago bazterretan, eta ez eguraldiagatik bakarrik. “Oi, zein dan ituna behera behar hau!” esan zigun poetak, eta halako abailaldi bat sumatzen ote den inguruan…

Politikoen artean, abertzaletasun instituzionala aspaldi dabil noraezean eta galdu antxa, beraiek ere sekula sinetsi ez dituzten erronka-jotzeen eta arrastora itzultzeko dei gero eta ozenagoen artean, Jaurlaritzako aginte-makila (eta horrek atzetik dauzkan mauka guztiak) galtzeko aukera inoiz baino errealagoak beldurturik: ez Txiki Benegasek orain hogei urte, ez Mayorrek orain dela hamar lortu ez zutena, Lopezekin bihurtu da posible, ez Patxiren dohainengatik ez herritarren iritzi-aldaketagatik, ezpada ezker abertzalearen ilegalizazioari esker.

Ezker abertzale horixe, berriz, kartzelan eta isilarazita, botereak horretara ohiturik gauzkan arren salatzen jarraitu beharreko egoera antidemokratikoan. Hori salatu eta gero, hala ere, erantsi eta salatu beharko da, halaber, burdinen zama gainetik kendu ezinik dabiltzala, itsuenak eta buruberoenak ere garbi behar lukeenean estrategia zahar horrek, irabazteko inongo aukerarik ez izateaz gain, hondora daramala mugimendu osoa. Loiolan jotako hordago ustel horretatik ikasiko ote du? Beste hamar urte itxaron beharko ote dugu horretarako?

Baina politikatik kanpo ere ez dut ikusten itxaropenerako tarte handirik. Euskalgintzan inertzia hutsean gabiltzala iruditzen zait, ez ideia berririk ez ilusiorik ez daukagula; Baztarrikaren ekipoak dinamismo handiagoa erakutsi du, dudarik gabe, baina ez dakit ba, zelofanean bildutako txepelkeriatik harago joateko ahalik ba ote duen; gure gizarteak eskatzen digun mailatik behera bagenbiltza gaitz erdi, baina gizartea bera berdintsu barruntatzen dut, kemen falta erabatekoan, ekonomiaren gainbeherak noraino joko gaituen beste kezka askorik gabe. Baietz aurten, Durangoko Azokaren inguruan, krisi hotsak zabaldu euskal kulturan ere.

Urteko zikloetan, udazkenaren eta neguaren ostean udaberria loratzen da, ezinbestez eta halabeharrez. Bizidun ororen zikloan, berriz, iristen da beheraldi bat, ez egunsenti berri baten iragarpen baizik eta akaberaren aurrekari izango dena. Zer udazken mota bizi dugun ez dago esaterik, herrien patua ez baitago izarretan idatzia, guk geuk idazteko zain baizik. Poeta harexek esan zuen bezala, “nik ez nahi eguna bihurtzerik gau”.

Ekai Txapartegi (filosofoa)

Ekai Txapartegi

Joxe Manuel Odriozolak ireki du eztabaida Abertzaleak eta euskara (Elkar, 2008) liburuarekin. Herrigintzarik gabeko euskalgintza itsua da. Euskalgintzarik gabeko herrigintza berriz hutsala. Honi espetxetik Joseba Alvarez Batasuneko mahaikideak erantzun dio (Berria 2008/9/10 eta Gara 2008/9/13). Baietz, baina ahaztu zaiola aipatzea ezker abertzaleak uztartu dituela biak, ahalegin askoren ondoren lortu duelako independentzia politikoaren aldeko herri mugimenduak euskaraz egitea.

Ematen du, ordea, eztabaidatik at utzi dutela biek gaur egungo egoera zein paradoxikoa den. Herrigintza ilegala den bitartean, euskalgintza subentziotatik bizi da.

Abertzaleon bi fronteak euskalgintza eta herrigintza badira, lehen begiratuan Estatuaren politikak kontraesankorra dirudi: herrigintza kartzelaratu eta, aldi berean, euskalgintza diruz hornitzen utzi? Asmoa hala ere ez da batere kontraesankorra: euskal hiztunen komunitatea bale, baina euskal naziorik ezta mozkortuta ere.

Horregatik, komeni zaigu ez ahaztea gauden tokira errealitate juridiko-politiko horrek ekarri gaituela. Erabaki pertsonalak ondoren etorri direlako. Normala denez abertzale batzuek beldurragatik utzi egin dute herrigintza. Normala denez, baita ere, beste zenbaitek euskalgintzan aurkitu du bere hileroko diru-iturria.

Eta Estatuak espero zitekeen moduan erantzun du. Herrigintzan jarraitu dutenak espetxe urrunetan sartu ditu eta euskalgintzan gora egin dutenak berriz maileguzko bulegoetan egokitu. Adibideak begi bistakoak dira, Joseba Alvarez bera eta Erramun Osa.
Erabaki guztiek ez dute balio bera, jakina, ondorio berak ere ez dituztelako, baina egoera honi aurre nola egin eztabaida soseguz eman dadin, erabaki pertsonalei buruzko hika-mikak albo batera uztea da nire ustez lehen urratsa. Zaila izan arren edo urdailak beste zerbait eskatu arren.

Errepresioaren atzaparpean bizi direnek euskalgintza salduen aterbe gisa ikusteko tentazioa izan dezakete. Eta alderantziz, baina oso modu beretsuan, euskalgintzak herrigintzaren esku-hartzea mehatxu gisa har dezake. Horregatik, eztabaida erabaki pertsonalen mailara jaisten badugu abertzaleon arteko giroa areago mikaztuko dugu. Eta okerrago dena, hori bakarrik lortuko dugu.

Egoera juridiko eta politikoa garbia da. Makila eta azenarioa. Herrigintzari makila eta euskalgintzari azenarioa. Garbia da, baita ere, haren asmoa, ondorioa eta arrisku nagusia. Orain pentsatu behar dugu horren aurrean zer egin, herri bezala.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan