Astekaria

 Diskoak 

Estepako otsoaren rock heldua

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2152. alea
2008-09-28
alde 0    kontra 0

Los Ajustadores ::El templo del rock

ES3

iraupena ::49’09’’

prezioa ::15€

Gasteizko Alex Ferreirak zainetan darama rocka. Los Padrinos talde izerditsuaren gidari izan zenak gerora Euskal Herriko ehunka taberna eta zulo bisitatu ditu El Hierro izenpean, gitarra alboan zeukala: berak sortutako kantuak, Dylanenak, Stonesenak eta beste hainbatenak sentimendu handiarekin eskainiz. Azken aldian, baina, burdinari ondo eusteko bidaide aproposak aurkitu eta Los Ajustadores osatu du. Hitzek hausnarketa kutsua daukate, kanpoan gauez eta errepidean ibili den estepako otsoak itzuleran idatzitakoak, alajaina. Era berean, rocka egiten jarraitzen badu ere (zer, bestela?) azeleragailua gutxiago sakatu eta M-Clanen tamainako sustraidun rocka aukeratu du, tarteka AEBetako hegoaldearen usaina duena eta gitarra eta hammond doinu ederrez borobildutakoa. GP diskoetxearen azpi-zigilu batek kaleratu du.

«Kantuetako batzuk baladak direla uste duenak etxean marihuana erreta eta burua joaten utzita entzun ditzala»

Non kokatuko zenuke “Rockaren gotorlekua”? Gustura gelditu zara emaitzarekin?

Rockaren gotorlekua bakoitzaren zilborraren erdian kokatuko nuke. Niretzat gotorlekuak ate bat irudikatzen du, ukiezina eta uki daitekeena batzen dituen atea. Leku horretatik gero eta hurbilago nago. Gustura nago emaitzarekin, baina beti dago zer hobetu.

“Astea kargatutako errebolberra da eta astelehenak ondo-ondotik botatako tiroak”. Esaldi polita. Zer arma beharko genuke astearen bukaeran bizirik irauteko?

Arnasa ondo hartu, gehiegi ez pentsatu, ahal den beste sentitu, gauzak serioegi ez hartu eta ahalik eta barre gehien egin.

Asko kosta zaizu “gauerdiko trena” hartzea eta “zure leihoko distira” berreskuratzea? Los Padrinosen autotik jaitsi eta beste errepide lasaiago bat hartzea?

Tren hori askotan hartzen dut, nahiz eta batzuetan alde egiten uzten diodan. Garrantzitsuena da arretaz ibiltzea eta behar denean trena hartzea.

Jakin-mina daukat: aitarekin zorretan zaude rocka zainetan daramazulako?

Nire aitak nahi zuen ni edozer gauza izatea rock musikaria izan ezik, baina naizena beragandik dator; ezin nintzen beste ezer izan. Bai, neurri handi batean, berari zor diot.

Zer da “Rockaren zirkua”-k daukan onena eta txarrena?

Onena igoera da eta txarrena badakizu…

“Nire inguruan jende asko behar dut, baina ezin diet egunero-egunero guztiei aurre egin”.

Bai. Sortzaileak bakardadea behar du, baina aldi berean gizakiak besteekin egon behar du, nahiz eta askotan kalte egin.

Norbaitek zure kantuetako batzuk baladak direla esango balizu zer erantzungo zenioke?

Nire abesti geldoenak ez dira baladak. Baina hala pentsatuko balu gomendatzen diot etxean lasai entzun ditzala, marihuana erre dezala eta utz diezaiola joaten bere buruari.

Zer daukate Calamarok eta Sabinak beste askok ez dutena?

Argentina eta hango rock aitzindaria, ahots alprojena, eta inguruko hitz onenak.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza