Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-09-28 -- 2152.zenb

Brasil, Ekuador eta Bolivian hamar eguneko lan-bidaian bilduak

Hegonaldiko apunteak

Jon Sarasua

* Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko irakaslea da Huheziko fakultatean. Kooperatibismoari buruzko Lanki Ikertegiko zuzendaria ere bada eta Garabideko sortzaileetakoa.

Aurtengo ekaineko idazki honek badu kronikatik, analisitik, egunerokotik, badu erreportaje kutsurik. Baina irakurleari argitu behar zaion lehen gauza zera da, aurrean duen testua bere hastapenean ez zela idatzi berak irakurtzeko. Argitaratzeak zinez merezi zuelakoan, lana gure orriotan plazaratzea eskatu genion Jon Sarasuari. Pentsamendua, informazioa eta dialektika jorratzen ditu Larrunek. Ezaugarri horiek guztiak eta gaurkotasun zorrotza biltzen dute Hego Amerikako borborretik ateratako zipriztin-lerro hauek. Bere horretan argitaratzeko ausardiagatik, gure esker ona adierazi nahi diogu egileari.

Laneko irtenaldian ezer idazterik ez zitzaidan burutik pasa. Baina Sao Paulon opari berezi bat izan nuen, eta idaztea eskatu zidan zerbaitek, lagun gertukoenekin elkarbanatzeko. Horrek, hurrengo egunetan ere bizitakoa biltzeko jarrera jarri zidan, eta bueltako hegazkinetan ez nuen besterik egin.

Uste dut gehitxo dela hamar egunetarako, gutxi idaztekoa izan naiz, eta idazterakoan letra gutxikoa. Hauek ez dira lau urte lehenago Brasilen denbora askoan bildutako tantak bezain destilatuak. Denbora tarte gutxian osatuak dira, zakarrago. Bereziki Garabideko lanerako gogoetak dira Ekuador eta Boliviako luzeenak. Baina tartean denetik sartu da, hamar egunean bizitako intentsitatearen erakusgarri. Ale batzuk baldin badaude, lastoa berez eroriko da.

Goiko bi parrafo hauek osatzen dute orriok dozena bat laguni bidaltzeko egindako sarrera. Eraikuntza txikien lubakian lehiatzeko hautua egin dugu urteotan, eta ‘publikoari’ begira egindako oro saihesteko joera izan dut aro honetan. Gorputzak ezezkoa sentitu du orriok argitaratzeko ustekabeko proposamenaren aurrean, baina salbuespenak eginarazten badakite ARGIAko lagunek. Eraikuntza txikia izan berau ere.

Arazoa da lagun gutxi batzuentzat idatzita dagoela, testuingurua ulertutzat emanez. Ez dakit irakurlego zabalari nola aurkeztu, berarengan pentsatuz idatzi ez diren orriok. Ez da eguneroko bat, kronika batean kontatzeko moduko gauza asko ez dira agertzen (hamaikatik bi hegazkin galduta ibilitako gorabeherak, adibidez). Adiskide batzuentzat egindako mini-gogoetak dira. Horretarako aitzakia ematen zuten gertaera koxkorrak biltzeari eman nion irtenaldiko une batean. Laneko adiskideengan pentsatuak dira, haiek ulertzeko moduko erregistroan, zerbaitek haiekin konpartitzea merezi zuela sumatzean zuzenean idatzita.

Testua ukitzen ez hasteagatik, oin-ohar gutxi batzuk erantsi ditut, irakurleari testuingurua apur bat ezagutarazteko. Urte batzuk badituen lan-ildo baten harian Brasilen eskala laburra egin ondoren, ildo berri baten hasieran Ekuador eta Boliviara egindako irtenaldian kokatzen dira orriok. Aurtengo maiatzeko hamar egunen sarean bildutako apunteak dira, distantziarik gabeko beroan idatzitako oldozpen zatiak.

I. Hamar ordu Sao Paulon
Ekonomia solidarioa

Horrela izendatzen hasi dira hamarkada honetan. Planeta gorri honen baitan gertatzen ari den humanizazio prozesurik aipagarrienetakoa da beharbada.

Mundu osoko fenomenoa da, barreiatua. Brasil da adibide aberatsenetako bat. 22.000 ekimen edo enpresa inguru biltzen ditu Brasilgo ekonomia solidarioaren mugimenduak.

Kapitalismoaren gaitz batzuen alternatiba gisa bete dezakeen edo ez dezakeen tokiaz eztabaida teoriko interesgarria dago. Jadanik eztabaidan ez dagoena da badela ekonomia solidarioa deitzen den errealitate bat, eta errealitate zabala dela. Adibidez, euskalgintzaren inguruko erakunde eta enpresa sozialen sarea litzateke tanta nimiño bat itsaso honetan.

Brasilen errealitate zabal horretako eragileentzat esperientzia garrantzitsua da Arrasateko kooperatibagintza. Badira konpartitu ditzakegun ideia praktikoak, eta truke horren inguruan sistema txiki bat sortzen saiatu gara azken hamarkada honetan. Jaso egiten da beti gehiago.

Masajea

Laneko bileraren ondoren Ekonomia Solidarioaren Inkubadorako langile baten etxean tertulia luzea egin dugu dozena bat lagunen artean, beste behin. Brasilek masaje intelektuala ematen dit. Masajeak badu minetik eta badu giharrak tonuan jartzetik. Baina, batez ere, gozamen txiki bat da.

Hala gertatzen zait brasildarrekin. Ideologikoki bizi-bizirik dago herrialdetzarra. Edo herrialdeko geruza ideologizatua, baina geruza hori ere ia milioitan kontatzen da, ehunka mila militante gaztetan, ehunka erakunde, gizarte mugimendu eta ekimenetan. Brasil ez da Latinoamerika ohikoa, haren edertasun batzuekin beste abiadura bat, beste historia bat, beste gaitasun bat du. Bere handian, bere modernoan, badu alde bat gurekiko: ezkerra deitu izan dioguna sortu zuten zauriak oraindik odoletan daudela, saihesteko nabarmenegi. Aldatu beharraren handia ez dela eztabaidagai, bistakoegia baita miseria, hegazkin eta helikoptero pribatu kopururik handiena duen herrialdean. Eta azken bi mendetako Europan gertatu zen bezala, errealitate gordinak kontraste handiegia egiten du intuizio etikoekin –erro kristauen berdintasun-deiarekin bereziki, Brasilen intrigatuta nauka erlijio-senaren sakonak– eta horrek sortzen duen leherketa moralak askotariko bideak hartzen ditu. Brasilgo mugimendu humanizatzailea askotarikoa da, koloretsua, bizia.

Hala dira egungo proposamen global batzuetan erreferente. Munduko mugimendu alter-globalizatzailean hamarkada honetan ez dira sindikatuak gidari nagusi, nekazari mugimendu erraldoiak baizik, eta hauek ari dira ikuspegi integralenekin proposamenak lantzen eta praktikatzen. Horregatik ere interesgarria da Brasil. Baina beste kontu bategatik ere bai. Euskal Herrian lainez ideologiko ezkertiarraren erresaka azkartxo pasa zen. Hainbat gauza ukatzeko –tradizio espiritual osoa, mendetako burubide eragileak, edo hainbat jarraidura-sen– presa izan zuen ezker adoleszente hartatik, progresia honetara pasa gara: kapitalismoaren arrazoietara etorri izana ezker nerabe haren subproduktuekin apaintzen duen jarrera horretara. Hirurogeietan kolpe batean etorri zen gurera modernitatea, eta beste kolpe batean aldegin zuen gero eraldaketa-sukarrak. Gertatu denaz ohartzeko ere gaitasunik gabe gaude, eta diskurtso progrea da nagusi gure zutabegileetan, tertulianoetan eta albistegietako komentarioetan. Progrea eta pobrea hoskideak dira, kontuz ahoskatzerakoan. Izan ere gaur egun ertzetan interesgarria den ia planteamendu oro progresisten kontrako norabidean doa.

Brasilek aukera ematen du ezkerraren zuloez hobeto oldozteko, bere falaziak bizirik baitaude, ezkerraren arrazoi lodiak ere bizirik dauden moduan. Elkarrizketetan agertzen da iraultzaren balizko beharra, eta estatu planifikazioaren irtenbidea, eta autore marxisten analisia, eta baldintza objetiboen kontua, eta humanizazio bide apalagoei (pobreziatik sortutako autoeraketari, adibidez) seinalatzen zaizkion kontraizanak… Debate horretan egoteak guri pasa zaigun erauntsiaren liseriketa egiteko aukera ematen du.
Eztabaida horietan, entzutea ederra da. Burua irekitzen du, eta bihotza laztantzen. Ni mintzatzea ez da beti hain ederra izaten haientzat. Ez dugu lagunik galtzen, eta tira.

Gakartzana

Hamarkada honetan Brasilera tarteka gakartzana ez da masaje ideologikoa. Beste zerbaitek gaitu bultzatu hizkuntza berria ikastera. Lurrik Gabekoen Mugimenduarekin azken zortzi urtetan josi dugun harremanak eta beren eskualde-proiektu pilotu zehatz batek.

Egile-sena sustraitua da ‘bizkaitarrengan’, horretaz Kixote ere ohartua zen. Jarioan eta analisian nonahi gaituzte gainditzen. Baina harreman iraunkorrak egile-sena dagoen lekuan sortzen zaizkigu. Eta Lurrik Gabekoen Mugimendua historiaren opari bat da, milioi bat pertsona mugitzen dituen esperientzia.

Munduko gizarte-mugimendu handienetakoa denak, hala ere, Sao Pauloko kaleetan ibilki anekdota marginal bat dirudi. Erraldoian, handia txiki.

Sampa de novo

Sao Paulo berriro. Zazpigarren aldiz-edo bertaratu naiz azken lau urteotan, eta hiri erraldoia nire bihotzaren ertzean toki bat egiten hasia da. Goizean goiz omnibusean saopauloratu naizenean, kutsadurazko behelainopean esnatzen ari zen piztia. Berehala, eguzkipean giza-uholde zorabiatzaile bihurtu da. Libre dut eguna. Eta hiriaren usain kontaezinen korrontean murgilduta, berehala konturatu naiz egun osoa horretan pasako dudala, kalea bizitzen, eta ez dudala ez lanhousetako ordenagailurik ez paperik ikutuko, badaezpada pardelean lana ekarri badut ere.

Alguma coisa aconteçe no meu coraçao. Caetano Velosok hiri piztitzar honi, lehen urtetan sortu zion zartada urbearenganako maitasun bihurtuta gero egindako kantua da. Txunditu egin ninduen doinuak duela urte batzuk, Curitiban kooperatibismoari buruzko jardunaldi batzuen bukaeran gurekin hizlari izan genuen abokatu itsu batek gitarraz kantatu zuenean. Orain, nik sentitzen dut alguma coisa.

Hiru

Omnibusetik jaitsi eta norabidea erakutsi didan mutilarekin egin dut kilometro bat. Guarulhosekoa da eta han zenbat bizi diren galdetu diot. Berehala ohartu naiz ez dakiela, jakina, brasildar gehienek ez dituzte jakiten beren hiriari buruzko datu horiek, gutxi gora-behera ere. Nahiko hiri txikia dela esan dit, Sao Paulo dela handia dozena bat milioi inguruekin, Guarulhosek hiru milioi izango dituela. Esateagatik esan du.

Guk gure herriaren izenean –gure ingurueneko hiru milioiren izenean– ematen dugu gure amets-izerdiaren erdia. Mutilak bere inguruko hiru milioiak esateagatik bota ditu, izan litezke hiru, izan litezke bat eta erdi, izan litezke lau. Lotarako hiria omen da, lana Sao Paulon egiten omen dute gehienek, han ez dago lanik.

Opariaren hasiera

Goizeko bederatziak izango ziren, giza marean murgiltzen ari nintzela, Sao Paulo erdiguneko metro sarrera baten inguruan urrutira bost gazte inguru somatu ditudanean zakuz jantzita eta oinutsik. Iruditu egin zait, egia esan, ordurako ni beste norabide batean bainindoan eta jende-uholdean jantzi zatiak eta oinutsen bat besterik ez baitut ikusi. Norabidea aldatu dut eta korrika apur bat egin dut metro-eskaileran sar zitezen baino lehen beraiekin gurutzatzeko.

Zorionez ez dira metrora sartu (gero jakingo nuen zergatik), eta nire parean pasa dira. Bost lagun, hiru neska eta bi mutil, hogeita hamar urtetik beherakoak. Mutilek kasko gaina soildua daukate garai bateko frantziskotarren moduan. Zaku marroi arinez jantzita daude, soka moduko bat gerrian, eta guztiak oinutsik. Bi neska beltzaranak dira, eta hirugarrena intelektual itxurako betaurrekodun ilemotza. Bulkada izan dut, eta galdera luzatu diot haietako bati.

Irribarrez begiratu dit. Besteak ere inguruan gelditu dira. Brasilgo mugimendu sozialetan ezagutu izan dugun jende mota horren antzekoak iruditu zaizkit adinean, aurpegietan, tratu-motan. Arraza gazte ameslari horretako jendea. Asisko Frantziskoren ildoko anaidia direla esan dit, gizonezko eta emakumezkoak taldean batera. Asiskoaren hautua egin dute, pobre bizitzeko eta kale gorrian bizi den jendeari harrera egiteko.

Elkarrizketa labur bat izan dut beraiekin, eta antza denez nire galderek edo nire begiek konfiantza mailaren bat adierazten dute, edo jakinmina edo txundimena, ez dakit, ni haur bat bezala sentitzen naiz galdezka. Bapatean bota dit oraintxe doazela errepidepean bizi direnei, ‘irmaos da rua’ batzuei, ilea eta azkazalak moztera, eta ea nahi dudan beraiekin joan.
Aitor dezadan, zalantza egin dut segundu batez.

Bost oinuts

Bidean, espero ez nuen errealitate bat aurkituz noa, frantziskotar ez diren frantziskotar berri hauena. Maria Elena dut lagun hasierako pauso hauetan, neska betaurrekodun ilemotza. Duela hamalau urte sortu ziren, eta badira ehunka batzuk, gehienak gazteak, hogeitik hogeita hamar urtera bitartekoak. Bizitza kontsakratua egitea erabaki dute (pobre, sexu loturarik gabe eta taldean bizitzeko hautua), eta beren lan-ildoa Brasilgo baztertuetan baztertuenei maitasuna eramatea da. Kalean botata dauden gaixo, elbarritu, alkoholiko eta drogazaleen bizitzen alboan egotea. Otoitza, eta pobrezia erradikala.

Bada zerbait gehiago hemen. Bada zerbait Asisko herritarren aurrean biluztu omen zen Franchesco txiki zoro harengandikoa. Halako alaitasun bitxi bat.

Jantziengatik galdetu diot Maria Elenari. Mahaiak garbitzeko erabiltzen den oihalarekin eginak daudela dio, baina egia esan itxura erosoa dute, eta politak ere badirela esango nuke. Zoruan denetik duen hiri honetan oinutsik ibiltzeak ez dirudi arazorik sortzen dienik. Ez diet horretaz galdetu. Hemen gabiltza kotxe, semaforo, koska eta zizinkeria arteko hiritzar ero honetan, bost zakudun hankautsik eta bakerodun bat deportibo beltzekin. Semaforoak oinezkoentzat gorri daudenean ere batzutan egiten dute aurrera. Poztu nau horrek. Hiritarrak dira. Beren arteko umore eta xalotasunak erakartzen nau.

Doan

Periferiako homeless-ak urruti xamar daude, eta asko ibiltzeko prest nagoen galdetu didate. Eurak oinez ibiltzen omen dira ahal dela. Dirurik ez dute metroz edo omnibusez ibiltzeko. Uko egin diote ondasunak izateari, txanpon bakar bat ere gabe dabiltza.

Bizilekuari dagokionean ere, hiritar batzuk utzitakoetan bizi dira. Autobusetarako ez daukate, eta behar dutenean, autobus askotan dohainik uzten diete joaten. Uzten ez badiete, ez doaz. Jaten ere musutruk ematen diete inguruko begetariano batean. Ematen dietenetik bizitzea dute hautu, erradikalki ezer ere ez edukitzea, ez atxikitzea. Dena doan eman; eta behar dutena doan jaso.

Munduko tradizio izpiritual handi guztietan izan dira hautu erradikal hori egin duten adarrak. Eliza katolikoaren kasuan, bere historian interesgarriak dira hautu muturrekoon inguruan sortu izan diren dinamika ziklikoak: koherentzia maila harrigarriko hasierak, ereduari eusteko erakundetze prozesuak, lasaitze aroak eta degradazio uneak, ziklo erradikal berrien hasiera erakunde barrutik edo beste talde bat sortuz. Jakingarria da erakundetze zikloen irakaspena. Begiratu eruditoa egin dut, baina jakingarria denari atxikiz bizigarria denaren aurreko inozentzia galtzen da. Bizigarria dena unean unekoa da, eta edozeren benetakotasunak diakronia birrintzen du.

Biaduktopeko edertegia

Iritsi gara milaka kotxe dabiltzan biadukto baten azpira. Ilun, ketsu eta zikin dago dena, eta hor daude ertzetan espaloiko bizilagunak, batzuk mantapean etzanda, besteak eserita. Nire lagun berriak ilea, bizarrak eta azkazalak doan mozteko aukera eskaintzera datoz.

Natural hasi da sortzen elkarrizketen sarea, hau honekin, hura harekin. Tarteko egin naute, lagun berriek eta bai homeless bat edo bestek ere. Beraien taldeko postulante bat ote naizen pentsatu dute, antza denez. Agur beroa egin dit batek. Konfiantza osatuta gero lurrean eseri naiz, eta zahar batek azkazalak mozteko eskatu duela-eta Bernardok niri eskaini dit aukera. Azkazalak moztekoa luzatu dit. Atzapar beltzazkoak aurreratu dizkit agureak, ke usaina darie azkazalei mozketaren kolpe bakoitzean. Une horretan ez naiz tokiz kanpo sentitu, eta hala ez sentitzeko ez zait arrazoirik okurritzen, ez bada nire lagun berrien xalotasun deskribaezina. Poliki moztu dizkiot azkazalak, berriketan ari garen bitartean, hortz gutxiko portuges-hizkera ulertzea zailago egiten zait baina. Gustora dagoela dirudi aitonak, eta aspaldiko partez azkazal batzuk moztu ditut nik, nireekin bestela egiten baitut.

Zapatilak lotsagai

Gugandik metro batzutara, etxegabeko bat bigarren eskuko zapata deportibo batzuk saldu nahian ari da lurrean jarrita. Horietako batzuk kolaz konpontzen. Niri begia joan zait, juxtu bidaiara soineko zapatekin soilik etorri bainaiz, bertan beste pare bat inguratuko nuela eta. Ez naiz bada ni gauzak erosteko zalea, baina oraingoan hara, gustora erosiko nizkioke horri bigarren eskuko zapatila batzuk.

Eta nire irudia, ustez gizarte konsumistaren barruan gutxi-eroslearena, ispiluan ikusi dut hauen aurrean. Alegia, etxegabeei azkazalak mozten eta zapatiletan pentsatzen hasi naiz une batez. Bost hauek hortik oso urrun daude. Urrun, aske, beste galaxia baten. Gauzekiko atxikimendu oro askatzen hasiak. Lotsatu egin naiz. Bidaiarako ondo etorriko zaizkidan arren, eta bigarren eskukoak diren arren, eta saltzailea periferiako aitona erori bat izan arren, ez ditut zapatilak erosiko, ez dut dirua aterako bost hankautsen gonbidapenaren ordu preziatu hauetan.

Roberto

Beste batzuei ilea eta bizarra mozten ari dira hiru neska eta bi mutilak, haiekin txolartean. Niri Roberto izeneko berrogeita hamar urteko gizona jarri zait parean une batez. Hamar urtetik guraso gabe geratu zenetik espaloian bizi omen da. Berrogei urte, kanpoan edo tarte laburretan albergetan lo eginez. Arrakasta handirik ez omen du izan bizitzan, baina Jainkoak bizitzen utzi diola esaten du, eta harrotasun puntu batekin adierazi dit denekin ondo konpontzen dela, ez duela liskarrik, eta horixe, irauten duela, bizi dela.

Ea ni hauen seminarista bat naizen. Ezetz, eta ez naiz nire historian sartu. Umorea du tipoak, Jacinta izeneko erlijiosa liluragarri horrek bizarlaban luzea atera du, eta gillotinan ez duela hil nahi bota dio. Handik Maria Antonieta aipatzera pasa da, croissantengatik moztu omen ziotela burua Maria Antonietari. Croissanengatik? Eta hor non ematen didan historiako lezioa Maria Antonietaren ibilbideari buruz.

Bere azala nirea baino zuriagoa dela, melanina gutxiago duela esan dit gero, eta egia dela ohartu naiz, ni baino zuriagoa da. Gero hasi da kontu bat kontatzen melanina galerazten duen gaixotasun bat izan zuela, eta lehen beltzagoa izanik, pinto geratzen hasi zela, mantxa zuriz betea, bukaeran dena xuri geratzeko. Bai? Ea baduen lehengo argazkiren bat. Atera du kartera, eta eman dit konfidantza osoz. Aztarka hasi naiz kartera dirugabean, eta flipatu egin dut: kafesne ilunaren koloreko tipo guapo bat non agertzen den, lepoan mantxa txuri batzuk dituela. Bera! Michael Jackson naturala.

Hiru seme ditu, haziak. Berak alkohola du emazte. Duela urte batzuk hilabeteren bat egin omen zuen hartu gabe, huraxe inoizko tarterik handiena. Garbi hitz egiten du horretaz, badaki zer dagoen.

Uste dut biok gozatu dugula txolarteaz. Harreman sareak aldakor jarraitzen du, eta beste batzuekin egon gara ondoren. Zaila zait fraile-monja gazte hippy hauengan ikusi dudan gizatasun mota deskribatzea. Beharbada broma giroak harritu nau gehien. Batez ere bi mutilak, dena esaten duten begitarte baketsuen jabe izan arren, espaloiko hauei adarra jotzen ari dira bide batez!

Ez naiz jabetzen zergatik hain erraz onartu nauten, eraman nauten, ondo sentiarazi nauten halako egiteko batean.

Azalpena

Handik kilometro erdira beste biadukto baten azpiko beste jende batengana gindoazela, bidean Maria Elenak azaldu dit egiten dutenaren mamia. Bizarra, ilea eta azkazalak moztea, beren bihotzarekin kontaktuan jartzeko modu bat dela dio.

Hori omen da beren egitekoa. Maitatzea, eta esperantzaren izpi izatea itxaropena galdutako jende honengan. Maria Elenak dio Brasilgo homeless-ak ez direla hala bilakatu hainbeste ezintasun ekonomikoengatik, porrot pertsonal eta psikologikoengatik baizik. Depresioak omen dira gehienetan kalean bizitzen jartzeko detonanteak, itxaropena eraitsia duten pertsonak omen dira, beste ezer baino gehiago. Itxaropenaren eraikuntza bihotzetik hasten da, eta bihotzei bihotzeko mezuak ematea da nire lagun berrien bizi-egitekoa. Batzuk etxean hartzen dituzte, gaixo, ezindu eta egoera larrietan daudenak. Beste batzuk kalean ukitzen dituzte. Beraiekin kalean lo ere egiten dute tarteka.

“Maitatu”, dinost, “hori da egiten duguna”. Eta ez ei da beti erraza. Baina ziur dago horretarako prestatzeak eta hori egiteak emango dituela benetako fruituak. “Guk ez ditugu emaitzak ikusiko, baina noizbait eta nolabait, jaso duten maitasun horrek beren bihotzean fruitua ematen du”.

Ekonomia horrek transzendentzian bakarrik du logika. Jainkoaren esku sentituko ez balira, guzti honek ez lukeela zentzurik agertu dit, begietara patxadaz begiratuz.

Beija-flor

Ohartzen omen da sufrimendu itsaso baten erdian beren ekarpena hutsaren hurrengoa dela, baina bere begiek bakearen bidez erakusten didate hori dela bere bidea. “E como a beija-flor”. Beija-flor kolibria da (lore-laztantzailea, behin Edjanek ze ilusioz azaldu zidan gogoan dut), Brasilgo txoririk txikiena, eta ez diot ulertu zer esan nahi zuen.

“Vocé nao conhece a istoria da beija-flor?”

Suak hartu omen zuen behin oihana. animalia guztiek ziztu bizian aldegin zuten, dena utzita. Beija-florrak ere bai, baina errekatik mokoan ura hartu eta suari tanta bat botatzera itzuli omen zen. Ondoren berriz, eta gero berriz. Esan zioten alferrik ari zela, ez zuela sutea horrela itzaliko. Erantzun zien bazekiela, baina hori zela berak egin ahal zuen apurra.

Maitasuna eta politika

Sao Pauloko udalak etxegabentzako aterpetxeak murriztu dituela esan didanean, harritu naiz, udala ezkerreko alderdiak daukala uste bainuen, eta galdetu egin diot nolatan hori. Berari ez dio axola. Politika iraganean utzi omen du. Hori dena atzean utzi duela diost eskuekin atzeraka keinua eginez, lehen gauza horietaz pentsatzen zuela, orain ez. Orain maitatzera dedikatzen dela.

Ez omen dira saiatzen kalekoak berreskuratzen ere, beraietako askok ez omen dute nahikunderik ere horretarako. Larri daudelarik etxean hartzen dituztenean, hobetzean kanpora itzuli nahi omen dute, hango alkohola, tabakoa... kalea. Beraiena ez omen da berreskuratzeko programa bat, maitatzeko hautu bat baizik. Eta hortik beharbada itxaropena piztuko zaiela, eta hortik nahikundea, eta hortik auskalo.

Beren erlijioso-taldeak uko egin dio inongo udal edo erakunderekin lan egiteari. Askatasuna galtzen omen da, erabat eta ondorio guztiekin pobreekin egoteko. Kalkutako Teresa aipatu diot beren lanarekiko lotura atzemanez, eta harekiko errespetuz hitz egin dit, baina esan dit haiek erakunde publikoekin elkarlanean lan egiteko hautua egin zutela, eta horrek askatasuna kendu ziela une batzutan. Hauek ez dute inorekin inongo loturarik onartzen.

Pasa ditugu autobiapean jaiotako umedun familiak. Urtebeteko umeari kontuak egiten jardun du Irmá Peregrinak, eta badaki irribarre egiten, eta pentsatu dut umeak gurasoek baino etorkizun hobea izango duela. Baina buruaren lehen bueltan izan da. Bigarren bueltak dio garapen-optimismo hori soberan dagoela, eta estatistikak ez duela esaten ume horrek patu hobea izango duenik. Eta barruan atximur.

Autobia beraren pean apur bat aurrerago, etxegabeak integratzen saiatzeko gune batera eraman nau boskoteak. Ez dauka beraiekin zerikusirik zentroak, baina nigatik egin dute. Biaduktopeko gune antolatu honetan, etxegabeak bergizarteratzeko lehen pausoak ematen saiatzen dira, kapazitazio txikiak eginez, taldean jaten jarriz, ontziak garbitzen, lan batzuk egiten. Itxura polita dauka. Apur bat kexatu egin zaie bertako koordinatzailea, bisitan hala etorri direlako abisatu gabe. Asko gustatu zait Bernardoren jarrera anarkoa, irribarre batez koordinatzailearen deserosotasuna gainditzen saiatu dena. “Etorri egin gara hemendik pasatzen ari ginelako, eta Joni erakutsi nahi geniolako” esan dio ezaxola puntu bat duen apaltasunez, eta irribarrez jarraitu du aurrera. Eta ondoren bazkariari buruz txantxa luzatu dio.

Koordinatzailea niri beren lana apur bat saltzen hasi da, eta berez oso interesgarria da, eta diskurtsoa ere ona (etxegabeei eman ez zaiela egin behar, ohitu egiten direla hartzera, eta kapazitatu egin behar direla, eta sakoneko diskurtso politiko hori guztia). Baina frantziskoren zoro xume berriekin egonda gero, gutxiago balio dit diskurtso burutsuak. Koordinatzailea esanez bezala ari da hutsean erortzen dela maitasun-laguntza, edo ez dakigula azkenean nora doan, ez bada egiten norabide egokian kudeaketa eta politika zuzena. Eta nik beti hala pentsatu izan dut. Baina historia distantzia ironiko (edo kosmiko) nahikoarekin begiratuz gero, gehienetan hutsean erortzen dena ustez norabide egokian egindako kudeaketa eta politiken benetako emaitza da.

Beharbada nora doan ez dakiguna gure ahalegin politiko, ideologiko eta kudeatzaileen benetako emaitza da. Eta nora doan badakiguna, maitasunez bihotzera iritsitakoa.

Ez diot hau dena esan Maria Elenari. Alderantziz, aitortu diot nirea ere begiratu politikoa dela, eta bateragarri behar luketela bi begiratuek. Baina uste dut ulertu dudala bere hautua. Lehendik ere ezagutzen nuen, baina gaurkoa beste astindu bat izan da. Eta azkurea utzi du nire baitan.

Norberarentzat hil

Uste baduzu hau dena gugandik egiten dugula, oker zaude. Guk egiten dugunak ezer gutxi balio du. Jainkoaren maitasun eta itxaropenaren eramale sentitzen gara, gugandik pasatzen den fluxu baten parte gara. Bestela ez du zentzurik, eta guk ez daukagu hau egiteko indarrik.

“Hau egiteko apur bat niretzat hil egin behar dut” esan dit aurrerago. Hogeita hamar urte inguru ditu Maria Elenak, lehen abokatua zen eta lege-bulego bat zuen beste lagun batekin. Ondo zihoakion. Orain ez omen da erraza bost orduz bakarrik lo egitea, eta goizean goizetik eskainia bizitzea. Norberarentzat apur bat hil egin behar dela diost, bizia eskaintzeko. Uste dut badakidala zer esaten ari zaidan. Ibili naiz basamortuetan, eta malkar akigarrietan. Baina nik pasa ez ditudan mendikateak pasa ditu berak.

Aldartea

Ez da erraza azaltzea bost oinuts hauen begitartea. Begiratua, umorea, gauzak egiteko... aldartea, tonua. Ez nuen inoiz horrelakorik begien aurrean izan. Irudikatu bai egin nuen, Asiskoari buruzko gauzak irakurtzean, haren taldearen biziera errukior erradikal, axolagabe eta alaia pasa izan zait irudimenetik. Gaur halako printza bat iritsi zait.

Apur bat hitz egin dut eurekin elizaz eta Brasilez, baina hauek ez dute analisi potolorik egiten. Eurena badakite zer den. Eta nola bizi duten, zaila zait nire pertzepzioa deskribatzea.

Queremos muito aceitar

Kaleko bizilagunekin osatutako tailer batean izan gara ondoren. Beraiek ere ez zuten ezagutzen, niri erakusteagatik sartu gara. Ez dakit beraiek edo nik flipatu dugun gehiago. Badute halako sentiberatasun bat arte sorkuntzaren aurrean. Euretako bi artegintzan trebatzen ari omen dira. Egiten duten lanak eta eguneroko lau orduko otoitzak aski denbora uzten die, nonbait, beste gauza batzuk egiteko. Lo egiten dute gutxi.

Irteeran atera egin zait: “Quero muito convida-los a amoçar”, muito enfatizatzailearekin indar eginez, badaezpada, gonbidatuta nirekin bazkaltzeko arazoren bat jar ez zezaten. “Nois queremos muito aceitar”, esan dit txantxetan hitz-jokoa eginez Bernardok. Gonbidatzen pozik utziko direla, alegia. Ez diote eskainitakoari muzin egiten hauek, horretan ere frantziskotarrak nonbait. Eta ni pozik. Jatetxe merke batera sartu gara seiok.

Beren taldean kantuak, arteak eta edergintzak duen garrantziaz mintzatu zaizkit. Eta, batez ere, alaitasunak. Bereziki bromazale fama omen dute tokeroek (Toca de Asis da erlijoso-taldearen izena). Brasilgo eliza bereziki bizia eta alaia dela diote beraiek, baina euren taldean txantxak toki berezia duela. Hala da nire irudipena ere, hauekin pasa ditudan bost ordutan etengabea izan da umorea. Bazkarian ere, nik ordainduko nuela jakin arren, zerbitzaria larritu du apur bat Bernardok, doan bazkalduko duten kontuarekin txantxa sortuz.

Agurtzera goaz. Besarkada bana eman didate, eta begiratuak gogoan geratu zaizkit. Maria Elenak, bere medaloi txiki bat eman dit. Irmá Peregrinak liburuxka bat. Han utzi ditut São Pauloren erdiguneko giza-olde eskergaren erdian. Urrundu eta hogei metrora, atzera begiratu dut. Ordurako ez ziren ikusten jende artean. Begiak sentitu ditut.

Begirale

Bada leku bat hirian behin malkoak ikusi zizkidana, eta gutxi gora-beherako orientazioa hartuta, harantza noa kuku bat egitera.
Gizon batzuen ondoan koskan eseri naiz. Brasilen, arraza eta mota guztietako jendeareen inurritegi honetan areago, beti zara itxuraz beraietako bat, inori ez zaio burutik pasatzen atzerritarra zarenik, portugesez azento nabarmenarekin hitz eginda gero ere, harritu egiten dira kanpotarra zarela esaten diezunean. Gizon hauekin beste bat gehiago naiz, neska ederrak pasatzen ikusiz begiak elikatzen dituztenen artean beste gizonezko bat. Niretzat, egia esan, jende ikuskizun koloretsu hau dena da dastagarri, eta arimarako gazi-gozo. Adiskide idazle batek behin esan zidan hipersensiblea zela edertasunaren aurrean. Ez dakit gomendatzen diodan Sao Pauloko kale jendetsuetan ibiltzea.

Armenia

Hala izena du goizean goiz omnibusak utzi nauen guneak. Turkiak XX. mendearen hasieran genozidioz ia desagertarazitako herriari oroimen txiki hori egitea, beste tanto bat Sao Pauloren alde. Armeniako genozidioan hildakoen omenez eraikitako eliza ikusi dut goizean itxita. Sarreran, oroimenezko plaka bat, portugesez eta grafia arraroko hizkuntza batean idatzita. Iluntzean bueltan pasa naizenean, sartzeko bulkada sentitu dut, lehenbailehen Guarulhoserako omnibusa bilatzea komeni zaidan arren.

Hesiaren barruan ikusi dudan gizon bati keinua egin diot. Ezezkoa bezala esan dit, baina tira egin diot, bost minutuz eliza ikus dezakedan. Kasualitatez gogoeta-talde bat da elizan sartzekoa, eta orduantxe etorri dira hesiaren atera. Haiekin sartzeko aukera eman dit. Hasieran apur bat harriduraz begiratu didate. Koloretsua da eliza. Bortxaz hildako ia milioi bat armeniarren zerbait badabil eliz-banku honen gaineko egurats isilean. Isildu besterik egin ote liteke historiaren aurrean?

Ez dut denborarik haien hizkuntzan otoitzak entzuteko. Emakume bat hurbildu zait. Taldeko gogoeta bat egitera doazela, eta gonbidatuta nagoela esan dit. Eskertu diot, baina berehala irtetekoa naizela. Nire izena galdetu dit, presente izango omen naute gaurko otoitzean.

Hamar ordu

Aurrekoan, duela zortzi hilabete, lan-bilera ketsuen ondoren, ustekabeko gaupasa surrealista batetik espabilatu gabe agurtu nuen Sao Paulo. Oraingoan, egunpasa izan dut opari.

Hamar ordu bakarti eta behatzaile izan nahi zuten, jende oldean murgilduta. Baina ez, ukitu egin naute, sorbaldan, besoan, eskuan, bizkarrean. Besarkadak jaso ditut. Eta ikutu egin naute. Autobusa hartzera ere, talde-gogoeta bati uko eginda nator.

Laztandu egiten zaitu jende honek. Hori ere bada Brasil.

Irakurri II. Ekuadorren dago Quito

1-'Ere' dio testuak, izan ere Brasilek beste geruza batzuk izan ditu aro honetan guretzat. Herrialde erraldoia Movimento Sem Terrakoekiko harremanaren lekua izan da, eta ekonomia solidarioaren inguruko pertsonekin ortzimugak aberasteko tokia, lan eta solas. Lurrik Gabekoen Mugimenduarekiko elkarlanak konkrezio zehatza hartu du Paranako bailara pilotuan. Haiek tarteka doaz Euskal Herrira, gutako batzuk tarteka gatoz, injineru bat bertan biziz lanean hasia da eta bigarrenaren bila gabiltza gure kooperatibetan. Hegonaldi honetan, ordea, eskala laburra tokatu da Brasilgoa, eta lantxo bat kenduta, Sao Pauloko kaleko ‘ere’ hori izan du kolore nagusi.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan