Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-11 16:50:33
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-09-28 -- 2152.zenb

Brasil, Ekuador eta Bolivian hamar eguneko lan-bidaian bilduak

artikulu nagusira itzuli
III. Bolivian mamia dago

Jon Sarasua


Cochabamba

Cochabamba mendien arteko bailara zabalean kokatzen da. 2.600 metrora ‘bakarrik’ dago, altiplanoaren aldean apal, eta horrek bizitzeko toki inbidiagarri bihurtzen du. Bailarako klimatik hasi eta mendietaraino hiru pisu ekologiko desberdin ditu, eta komunitateek tradizionalki hirurak konbinatuz ekoizpen aberatsa lortu dute. 240 patata espezie lantzen omen ziren oraintsu arte eskualdean. Andeetako zibilizazioaren gune berezi batean gaude.

Inti-eguzki bikainarekin hartu gaitu hiriak, eta oihal koloretsuz apaindutako bilera zabal batekin bildu gaitu Kawsay elkarteak, Andeetako hiru herrialdeetako mugimendu indigenaren ‘beso teknikoa’ izateko jaio zen erakundeak. Mugimendu indigena estatu-artekoaren gune intelektual eta eragile moduan ulertzen dut nik. Nonbait egotekotan maila estrategikoa, pertsona hauengan dago (hauetako batzuetan). Eta justu gure mezua da hizkuntzaren garapenean estrategia mailatik urruti daudela. Arlo bakoitzeko arduradunek beren helburu eta egitasmoak azaldu dizkigute, eta iritsi zaizkigu. Gure testigantza eta mezua ere iritsi egin da.

Uf, Jose Cerruto, Leonelen anaia, tipo bizkorra iruditu zait. Hauek badakite zertan ari diren. Beste kontu bat da nahikotasun maila egoeraren handiari buelta emateko. Baina hemen Ekuadorreko aldean beste maila bat dago, beste ganora-dentsitate bat. Eta harrera, apaltasuna, hurbiltasuna, Ekuadorren handia bazen, hemen are gehiago iristen da bihotzera. Azkar, oso azkar hasi da Bolivia sentipenetan txoko bat egiten.

Prozesua

Azalpen asko eta interesgarriak entzun ditugu. Denen artean, Jose da sintesi gaitasuna duena. Egoerak ikustarazteko etengabe metafora eta alegoriekin mintzo da.

Prozesu baten jakinaren gainean jarri gaitu. Urte asko eta asko daramate indigenek Bolivian beren momentua prestatzen, eta orain omen da une historikoa. Urteetan, komunitate-antolaketa tradizionalak zaindu dituzte, belaunaldia apur bat prestatu egin da politikoki, komunitateak landu dituzte mezu aldetik, bozkatzaile masa sortu dute, gehiengo dira Bolivian, eta koadro batzuk badituzte. Aldaketa prozesu bat omen dago martxan, eta sustatzaile nagusia ez da langile-klasea (lehenago uste izan zuten moduan), herri indigenak ditu motor nagusi. Gobernua eta departamentu-prefektura batzuk lorturik, prozesu horrek errotik ukitzen ditu oligarkiaren interesak, eta lehia lehertzen ari da.

Puyaren metafora

Irudien bidez harilkatzen du diskurtsoa Leonelen anaia gazteak. Puya Raimdi da lore bat ehun urtez behin loratzen dena. Urte horietan guztietan energia pilatzen egoten da, eta halako batean lorea botatzen du, ehunka lore txikiko alarde bikaina urte bakar batean. Hurrengo lorea, beste ehun urtera. Boliviako indigenak prozesu horretan ei daude. Urte pila bat daramate komunitateetan indarra pilatzen, kontzientzia hartzen eta politikoki indartzen. Oraintxe omen da lorea botatzeko unea.

Ez dadila gertatu, dio, landarearekin maiz gertatzen dena, nekazariek moztu egiten dutela lorea eman baino lehen, sutarako oso egur egokia omen du eta. Kolibriak aipatu ditu gero, loratze hori ekartzeko lanean, eta Sao Pauloko oinutsekin gogoratu naiz.

Bilera askotarikoa

Bazkaria eskaini digute kanpoko mahai batean, eta apur bat liluratu egin gaituzte lurrak emandakoaren aniztasunarekin. Gauza erdiak-edo baziren inoiz ahoratu gabekoak. Kolore eta forma guztietako patatak, haragi gazitua, arto erraldoiak, gaztak, zukuak. Guri harrera egiteko bazkari-alardea da, abegi ona.

Arratsaldean euskal esperientziaren bueltan beren prozesuko hainbat gauza sakontzea gaitzat jarrita, gidari eta eragile pila bat gonbidatu dute. Han hasi dira iristen guarani ‘kapitainak’ (ez dakit zergatik kapitain hitzarekin aurkeztu dituzten) behe-lurretatik, aimarak goikoetatik, eta beste hainbat eragile kechwa eta beste etnietakoak, tartean ikasle gazteak. Intentsitate handikoa izan da trukea, beti hizkuntza bera hitz egitea erraza ez bada ere. Inpaktua sortzen du euskalgintzaren ibilbideak, eta gure interpelazioek. Zorrotz gabiltza, kontzesio gutxirekin  

Bost orduko loarekin eta honen guztiaren intentsitatearekin, burukominari eutsi ezinik nago, baina hain da ederra sortu den kaosa, bukatuta gero ere denbora pila bat egin dugu eskatzen ziguten denei azalpenak eta aurreragorako emailak ematen. Gogoa dago, ekimena dago. Urkok ez zekien ze aurpegi jarri jakin duenean guaraniek 20 orduko bidea egin dutela gure bilera honetara etortzeko, eta bueltan doazela beste 20 orduko bidaian. Beste askok ere ordu mordoa egin dute. Nola ez bortxatu norbere burua apur bat?

Hostoak

Egia esan burukomina arintzeko lagungarri bat ere izan dugu. Bilera aurrera zioala wipala (bandera indigena) jarri du mahai gainean Kokok, eta koka hosto sorta bat barreiatu du bere gainean. Hura ahoan hartuta egin dugu jardunaldia. Bihar gehiago beharko dugu Orurorako, hura ia 4.000 metrotara dago, eta egun osoko lan-jarduna daukagu.

Kontuz gazteekin

Gazteak politikoki lantzeko talde bat sortua dute Kawsaykoek. Izan ere –adi honi– gazteak dira aldaketa prozesuaren kontrako ikurra.

Gu etorri baino egun batzuk lehenago, Sucre hirian indigena batzuk hartu, biluzarazi, gobernuaren kontrako gauzak esanarazi eta plazan publikoki umilatu zituzten. Eragile protagonistak gazte unibertsitarioak izan ziren.

Hedabideak dira oligarkiaren tresna nagusi, eta gazteek omen dute hedabideekiko lotura, aurreko belaunaldiek ez bezala. Eta beraiek dira, bereziki unibertsitarioak, herrialdean hasi den aldaketa prozesuaren kontrako sinbolo, indigenak aldaketaren sinbolo diren moduan. Gaurko egunkarietan, oligarkiak bultzatutako autonomia erreferendumaren garaipena ilustratzeko neska gazte erakargarri eta moderno baten argazki espontaneoa jarri dute egunkarietako azalek, mutil baten bizkar gainean banderarekin ospatzen. Egia esan, ederrak dira neska eta argazkia bera. Erakargarritasunaren lehian zaila da kapitalismoari irabaztea.

Boterea versus gobernua

Brasilerako hegazkinean ikasleen azterketak zuzentzen etorri nintzen, eta ariketa bat zera zen, egungo gizarteetako botere-egitura deskribatzea, Noam Chomskyren ingelesezko testuetan landu dugunetik. Gaia edozein liburuk baino gardenago erakusten du Boliviako une honetako koiunturak.

Ikustekoa da ze mekanismoren bidez ahaldun ekonomikoek eta hauei lotutako botere-sare osoak Evo Moralesen Gobernua higatzen diharduen. Egunotan, adibidez, garraiolarien grebak piketeak sortu ditu eta errepide nagusiak geldiarazi. Greba antolatzen oligarkia ari da, enpresa handiek taxutu dituzte garai bateko ezker kutsuko aldarrikapen diskurtsoak, hedabideak oro erresonantzia kaxa moduan orkestatuta.

Ahalmen-gune desberdinez osatzen da gizartea, eta xake partidan, botere-gune bakoitzak bere fitxak jokatu behar ditu, guneok esku desberdinetan dauden kasu apurretan.

Ahalmen-guneen xakean norbere fitxak jokatu. Gure herriko subirautasunen xakean, norbaitzuk somatu dute –sen onez, aitortu behar da– desorekatuegia dela fitxa errealen kopurua, eta orekatzeko bide bakar moduan zaldi beltza darabilte taulan, ahalegin miresgarri bezain katastrofikoan. Ez erregina eta ez dorre gaude, ados. Bi alfilei aukera ematea beste biderik ez dakit badugun mende berrian.

Chacanaren gako laukoitza

Beharbada hau da egunotako gauzarik sakonena. Prozesu sozial guztiak, gizarte bizitza osoa, lau dimentsiotan ulertzen du Andeetako kosmobisioak, eta horretan oinarritzen dira aldaketa prozesuaren protagonistak.

Munai, yachai, atiy eta ruway, kechueraz esanda. Dimentsio hauen irakurketa bat dator gure intuizio askorekin, beharbada gauza batzutan osoagoa da. Nahimen, ahalmen, adimen eta ekimen, itzuli ditut lehen kolpean. Baina gero Leonelekin beste era batera ikusi dut. Beste modu batez, beste lotura batzuekin adierazten ditu gizartegintzaren funtzio filosofikoak, ekonomikoak, jakintzazkoak eta antolaketakoak. Beratzen uzteko moduko ideiak, aurrerago lantzeko.

“Os vamos a exprimir”

Hala esan du Leonelek(4) une batean, hurrengo bi egunetarako programa aipatu digunean. Bai, abegi berezia egin digute Bolivian, eman egin digute, bai eskatu ere. Lo gutxi eta bilera asko.

Ez dut nigan turista sen handirik sentitu ohi. Ez dut argazkirik ateratzeko beharrik izaten –zer pentsatua ematen didate nonahi argazkiak ateratzen ibiltzen direnek–, ez dut bertakoekin edo inguruko naturarekin argazki exotikoetan ateratzeko nahirik sentitzen, ez eta bertako gauzak erosteko bulkada gehiegizkorik ere. Baina bidaiari errante sen apur bat bai, eta kontxo, Cochabambara etorri, egun osoa bileran eman, eta kalea patxadaz sentitu gabe lo egin eta Orurora joateak barruan krak eginarazten dit. Gauez bada ere, kalera atera eta jendea ikusi, aurpegien zaporea dastatu, haizearena, kaleena, lurra eskuetan hartu…

Aukera laburregiak izan ditugu, baina laburrean ederrak. Toki bakoitzeko borrokalariekin egiten delako bidaiarik ederrena lekuen bihotzera, eta egin behar duzuna egiten ari zarela dakizularik ‘bide batez’ ikusten duzunaren zaporea delako, pittin bat izan arren, leku horretan egon izana ziurtatzen dizuna.

Aho biko ezpataz zauriak sortzen

Ez da erosoa ohartzea: hizkuntzak biziarazteko behar den minimotik behera daude hauen planteamendu onenak ere. Ekuadorren baino baldintza eta fundamentu hobeak badaude ere, errigore soziolinguistikotik begiratuta ez daukate etorkizunik bide honetatik. Eskola bati, hedabide bati, hizkuntzari berari eskatzen diotena, bizitzeko gutxienekotik behera dago. Eta zaila dute beren identitate-diskurtsoak goxatutako herio-bide estali horretatik ateratzea, hain da konplexua lurralde berean elkar ukitzen duten hizkuntza desberdinen kaosa.

Beldur nintzen hitza ateratzeko. Euskal Herrian bertan ere erabiltzen hasi berria bainaiz, eta han politikoki inkorrektoa bada, pentsa hemen. Baina bota egin dut, honaino etorrita ez gaude epelak izateko. Hegemonia da hitza, eta hegemonia-guneak artikulatzeko beharra hondoko ideia. Hezkuntza ‘bilingüe multicultural’ deitzen duten horrek zulora daramatza. Ez du inondik ere jatorrizko hizkuntzetan hiztun osoak sortzeko baldintzarik sortzen, ez da hango A eredu batera ere iristen. Zer da hiztun oso, hablante completo? Ibilbide naturala eta kulturala bere hizkuntzan egiteko gai dena, beraientzat kontzeptu urrunegia, baina biziraupenerako hain oinarrizkoa… Beraien aurrean, adibide eta metaforez hornituta bada ere, pertinenteak diren kontzeptu gakoak ezpata bezala erabiltzea dagokigu, aho biko ezpatak direla jakinda.

Benetako gidari dituztenetako batzuk ohartzen dira zulora doazela, baina identitatearen garapenaren pentsamendu estrategiko bat izateko baliabiderik ez dute. Pentsamendu soziolinguistikoak eta hololinguistikoak tresna batzuk eman behar lizkieke, eta gu hortik gertuago gaude. Intuitiboki gure esperientziaren sintesitik beraienean zauriak sortzen ari gara.

Hegemonia espaziorik gabe hizkuntzak ezin direla garatu jaurti diet. Espazio jakin batzuetako bilinguismoa handiak txikia jateko modu bat dela, ez dutela funtzionatzen egunkari eta aldizkari ustez elebidunek, eskola planteamendu ustez elebidunek (are argiago hemen elebidun multikultural deitzen dioten eredu erabat asimetriko eta testimonialak). Norbanakoa izan litekeela elebidun edo eleaniztun, baina gune jakin bati, familia bati, erakundetxo bati, aldizkari bati, eskola bati, hizkuntza baten hegemonian ardaztea dagokiola, handik eleaniztasunera irekitzeko. Espazio horiek izan ezean, hizkuntza batek ez duela garatzen jarraitzeko aukerarik eta arrazoirik.

Hiru egunen buruan bilakaera bat ikusi dut gai honekiko Leonelengan eta beste batzuengan. Baina lehen egunean salto egin zidan Cochabambako batek, esanez beraiek ‘konbibentziaren’ eredua dutela eta ez ‘hegemoniarena’. Horrek esan nahi du identitatearen diskurtsoa erabiltzea baina elkarbizitzaren izenean gazteleraren nagusitasuna eta hizkuntza propioaren espaziorik eza, transmisioaren azken belaunaldira amiltzea. Egia esan, landuenek badakite hala dela, baina beste ezer amesteko elementurik apenas.

Erreflexuak, eta gaiari pasatzen ez uzteko hautua. Erreplika deserosoa egitea dagokit, hain abegi ona jasotako gonbidatuari ez badagokio ere. Elkar bizitza garrantzitsua dela erantzun diot, baina con-vivir, vivir-con dela eta horretarako lehenik vivir egin behar duela hizkuntzak, eta hizkuntza bizi dadin nahi badugu espazio hegemonikoak izan behar dituela nonbaiten. Hegemonia kontzeptuak ez duela itxitasuna adierazten. Hegemonia irekiak antolatu beharko direla, gaztelerara eta beste hizkuntzetara irekiak, baina hizkuntzaren garapena eta erabilera ziurtatuko dutenak herri bateko eskola jakin batean adibidez. Erantzun beharrak inprobisarazitako idearekin geratu naiz gero: hegemonia irekiak kontzeptua landu behar dugu, gidari indigenen imaginarioak zirikatzeko.

Eta esan badut, da juxtu hemen horretarako baldintzak egon daitezkeelako. Galdetzen eta eskatzen ari direlako zein diren erreferentziak. Eta gaztelerari tokia eginez une honetan hizkuntzei bizitzeko aukera bat emateko koiuntura historikoan oraintxe daudelako, hamarkada honetan, gobernu honekin, mugimendu indigenaren loratze-puntu honetan. Altiplanoan telebista sartu eta masiboki heda dadinean, hamarkada pare batera, Latinoamerikako toki gehienetako prozesu-puntuan egongo dira. Beste aldetik, egia da hizkuntza desberdinen solapamenduak konplexutasun handia eransten diola gaiari. Baina badituzte aukerak, eta une honetan kontzeptu gako batzuk mahai gainean jartzea tokatzen da. Kontzeptu horien atzean bi gauza ditugu: batetik, euskararen herriaren esperientzia zehatzen irakaspen mugatua. Bestetik, hortik eta munduko beste esperientzietatik ateratako nolabaiteko jakintza unibertsalagoa.

Hau luze kontatu dut, bi gauzagatik. Batetik, harreman honetan behar dugun gogoeta-mailaren konplexutasunaren adibide. Bestetik, hegemonia-espazioen eta ardazte ireki kontzeptuaren gaia Euskal Herrian ere une honetan benetan barneratu gabeko gaia delako, eta planteamendu honen ondorioak dirudiena baino urrunago doazelako(5). Diskurtso progresistek nortasunaren gramatikarik ez dutela ekoiztu ohartzen garenean, generazio berriago bateko debate politikorako elementuak dira.

Eta azken gogoeta. Euskal Herrian bertan dugu gure kinka gorriaren sintesi eragilea egiteko premia. Eta hortik bakarrik, gure onenetik bakarrik gaude une honetan beste herriekiko elkarrizketa emankorra sortzeko moduan. Eta gure sintesia egiteke daukagu gure artean, ahul gaude. Bestetik ederra da ohartzea: batera doaz norbere iparra eta hurkoarenganatzeko indarra. Ez derrigor hurrenkera horretan, ez beti norabide bakarrean.

Grafitia eta leloa

Pintada bat: “Cristo vive, ahora es presidente”.

Iragarki bat, unibertsitate pribatu batena: “Transmitiendo valores. Formando vencedores”.

Mondragon Unibertsitatetik komentariorik?

Goi-lautada

Goi-lautada aurreko goi-muinoetan igarotzea bedeinkazio bat da.

Cochabamban bideak gora egiten du, hiriak dituen 2.600 metrotatik hasi eta 4.200 metro ingurura. Lau mila eskasean dago hurrena hartuko gaituen hiria, Oruro, departamentu zabal bateko hiriburu, indigenen egosialditik sortutako aldaketa politikoaren esperimentazio gune esanguratsua.

Kolore guztietako harri eta lurrak pasa ditugu. Goi-lautada aurreko goi-muinoak leihotik begira egin ditut, arima elikatu behar da, egun gogorra datorkigu eta. Rut eta Irma kawsaytarrak eta Urko planak egiten doaz bidean, postgradoa, truke-programak, beren pedagogia interkulturalerako ikastaroan gure modulu bat… Nik tarteka aportatzen ditut ideak, baina ezin dut begirik kendu pasatzen ari garen mundu zatitik. Ebanjelioa ezagutzen duenarentzat, Marta eta Mariaren artean gaur Marta izatea hautatu dut.
Planetako leku bakana da. Argindardun etxerik ez dugu pasa bide osoan, adobezko etxe koxkorrak oso tarteka. Argindarrarena eragin kultural eta politiko handia duen kontua da. Telebista masiboki iritsi ez den Hego Amerikako giza-ingurune zabal gutxietako bat osatzen dute Boliviako lurrok, eta horrek badu zerikusia bere izaera eta potentzial politikoarekin. Adi datu horri. Izan ere, altiplanoa kooperazio-gunetzat hartzeko proposamen zabala egingo digu Leonelek (bai nortasunaren gaian, bai produkzio komunitarioaren gaian), eta argindarrarena –telebistarena– kontuan hartzeko datu interesgarri bat da. Badu zerikusia gero ministrordeak esango digunarekin ere. Garapena da nahi duguna, ala ondo bizitzea? Zer da ondo bizi?

Llama taldeak beren llamazaiekin. Garia aldapa malkarretan multzo txikitan ereina. 4.495 metro ditu lepoak. Muinoen ondulazio marroi bukaezina ortzimugaren alde guztietara, urdinpean. Eguratsaren hezetasun txikiak ikuspegia garden bihurtzen du, urdina garbi. Errekak ertzak zuri ditu izotzez.

Irmak azaltzen digu ikusten ari garen lurrean eta ikusiko ditugun guneetan egindako eraikin eta toki sakratuek izarren arabera eta chacanari lotuta logika bat dutela.

Berez

Berez sortzen da otoitza Boliviako goi-muinotan. Biziaren iturri sakratua sumatzeko ez dago abstrakzio beharrik. Berak esaten du dena.

Zerbaitek sentiarazten dit, nire bakera hurbiltzeko, erdigunea ukitzeko, hementxe mugagabeko denbora pasa beharko nukeela.

Baina ezin, beko bear goríak narama, agur… ezta Lizardi?

Hemen geldituko banintz, bertan geratzeko bulkada izango nukeela sentitu dut. Dei existentziala baino indar gehiago duten bakarrak Atlantikoaren bestaldean bizi diren pertsonatxo batzuk dira.

Eskerrak

Gure lagun indigenek edozein otordu bukatu ondoren eskerrak ematen dituzte. Bai leihotik gazta eta babak erosita furgoneta barruan egin dugun arrantxo inprobisatuaren ondoren ere.

Ez da argi geratzen elkarri emandako eskerrak diren, ala jan ahal izanagatik Jainkoari edo Bizitzari emandakoak diren.

Beharbada, hondoan, ez dira gauza desberdina.

Hamabost urte atzera eraman nau, ukitu egiten baininduen Guatemalako maien ohitura horrek, otordu osteetan “tantish” esateko moduak. Amerika luze eta zabaleko begiratu espiritual nahiz kulturalen artean dagoen konexioaren beste adibide bat.

Inozentzia

Hay un túnel que lleva desde América hasta Europa por debajo del océano.

¿Ah sí?

Noo.

Oruro

Lau graduko eguzki urdinez hartu gaitu Orurok, goizaldean zero azpitik hamahiru gradu eman omen ditu. Goi-lautadako hiriburua. Departamentu osoa (Euskal Herria baino askoz handiagoa lurrez, erdia inguru jendez), gobernatzen duen prefektura indigenen esku dago, eta Leonel gure anfitrioi nagusia da prefektoaren esku eskuina. Apustu handi batean sartuak daude. Bertako herri indigenen lurralde-banaketaren logikatik abiatuta lurralde osoa berriro antolatzea politikoki, ekonomikoki, kulturalki. Tira, “politikoki, ekonomikoki eta kulturalki” gure kontzeptuak dira. Chacanaren dimentsio laukoitzaren arabera, esango lukete beraiek. Politika funts horretatik pentsatzeko determinazioa duen gune bakarretakoa izango da Amerika osoan. Bolivia osorako nahiko luketen irizpidea hemen oinarri errealekin antolatzen ari dira gobernutik. Saiatzen, utz dezagun horretan.

Gaizki sentitzen omen da Leonel boterean. Beti komunitatea eta mugimenduak ‘artikulatzen’ ohitua, boterea maneiatzeak ez omen du gustura sentiarazten, hain zuzen ere horregatik, ‘maneiatzen’ ari dela sentitzen duelako eta ez ‘artikulatzen’. Baina une berezian daude.

Hermanos vascos

Egun hauetan ez dugu beste titulorik entzun. “Los hermanos” gara. Los hermanos vascos. Beren artean erabiltzen duten bokatibo bera. Antolatzen ari diren aldaketa politikorako inspirazio eta lagungarri izan gaitezkeela uste dute. Leonelek ezagutzen du Euskal Herria, eta beren gabezietarako erreferente ikusten gaitu. Bereziki hizkuntza eta nortasunaren garapenean, eta produkzio komunitarioan, kooperatibagintzatik. Ardura handia da, eta guk indar gutxi daukagu(6). Asma dezagun analisian behintzat, hasteko.

Eta gure hasierako mezuetan erabil dezagun intuizio eragilea.

Gehiago

Analisian asmatzea eta hasierako mezuetan intuizio eragilea erabiltzea baino gehixeago eskatzen zaigu. Oruroko departamentuko agintari eta eragileekin bilera zabala egin dugu, eta hitzarmen marko moduko bat nahiko lukete. Hizkuntzaren garapenean batetik, eta produkzio komunitarioa bultzatzeko kooperatiben esperientzian bestetik, proposamen konkretuak eskatzen ditu bilerak. Apur bat inprobisatu dugu, eta eskerrak gure burua Lankin eta Garabiden ametsak maniobratzen hasia zegoen. Bi graduondokoak aipatu ditugu, eta truke-programa espezifikoak, eta egonaldi-formatibo bilateralak. Eta txiletarrekin batera ekonomia solidarioari buruzko graduondokoa hiru herrialdeetan antolatzeko aukera, ayllu-aren eta beren produkzio bisioaren gaia ere integratuz.

Aimara zaharra

Tata Florencio nabarmendu zait bilerako guztien artean. Gure ondoan jarri da 74 urteko aitona, pontxo berdea eta kapelu grisa, aurpegi beltzaran zimelean halako duintasun aire bat. Gatza du aitonak. Ez dakit Aimarengan beste gatz bat ez dudan sumatzen.

Gure lehengo zaharretako batzuek –aitona Inazio datorkit gogora– eskuak mugitzean eta aurpegiko keinuetan zuten taju hura.

Gizon handiaren biloba miresle sentiarazten nauen zerbait.

Txilerekin muga egiten duen goi-lautadaren ertzekoa da, eta inoiz erabat oinperatua izan ez den komunitate-jarraikortasunaren autokonfiantza dario. Beren lurrak ez dira inoiz lurjabe handien menpean egon, konkistaren aurreko Tawantinsuyu zibilizazio zabaletik gaurdaino beren komunitateek atxikitako lurrak dira, bazterrean geratu badira ere herrialdeko prozesu ekonomiko-politiko handietatik. Ezagun du.

“Ahora por primera vez tenemos gobierno nuestro. Ahora sí nos sentimos dueños”.

Fundamentuz hitz egin du. Gogoan geratu zait gure mintzaldi eta ondorengo proposamen-gurutzaketaren ondoren gurekiko hartu duen hurbiltasuna. Urkok halako sinpatia keinu edo hitz batzuk egin ditu, bere pasta natural horretan, eta Florenciok hitz goxo batzuk esan dizkio aimaraz. Eta ondoren itzuli egin dio:

“Tú eres mi buen hermano”.

Ukitu egin nau aitona tente honek Urkori halako xamurtasunezko abegia egiteak. Urkok erantzun:

“Me alegro de que haya personas de 74 años como tú apoyando el proyecto de universidad indígena”.

UNIK

Hainbeste gauzaren artean, unibertsitate indigenaren proiektua ez dut aipatu ere egin –gauza dexente dira hautapen presazko honetan sartu ez direnak–.

UNIK unibertsitate indigena da gure bileretako eta proposamenetako gai nagusietakoa. Proiektuarren jiran gauza interesgarri asko ari dira egiten, desberdinak, komunitateei lotutakoak, asmoz behintzat akademiakeriatik urrun herri-jakintzari eta beharrei lotuak. Ez dute ordea aitorpen ofizialik, eta hainbat proiektu dute buruan. Hor sartzen gara gu.

Kawsaykoen urrezko ametsa da unibertsitatea, eta mando zaharra bezala bidea egiten ari dira.

Con esa verrddad

Taberna moduko batean llamaren haragi gazitua jatera abiatu, eta tartean dugu Tata Florencio ere. Hizkuntzari buruz guk esandakoek gogoeta piztu diote.

“Cuando hablamos en nuestra lengua, hablamos con ese cariño. Con esa verdad y clareza hablamos”.

Ezin dut transkribatu ‘verrddad’ hitza ahoskatzean adierazi duen intentsitatea. Baina iritsi egin zait adierazi nahi izan duena, bere hizkuntzan bere egiarekin egiten duen lotura hori.

Aimara hitzak haia mara omen du jatorri, ‘tiempo inmemorial’ esan nahi du. Etorri omen ziren ba espainiarrak eta galdetzen omen zuten ze hizkuntza zen hitz egiten zutena. Haiek aspalditik zetorren hizkuntza zela esanez erantzuten omen zuten, eta izen horrekin geratu. Kechwuerak hizkuntza berriagoa izan behar du, inkek antolatutako zibilizazio loturan (kulturen eta etnien artxipielago luzea artikulatzen zuen sare andinoan) funtzio behikularretan erabilitako hizkuntza.

Zurrunbiloa

Oruro departamentuko eragile pila bati deitu eta aretoa bete dute guri entzuteko. Bi ordu eta erdi inguruko mintzaldia eman dugu, Urkok ekarritako infogramak ere aprobetxatuta gure esperientziaren kontakizun pedagokikoa eginez, eta sintesi eragilea ezpata bihurtuz tarteka.

Leonel ertzetan dauden gizon eta emakume batzuei zorrotik koka orriak eskaintzen.

Lotura, begien konexioa, hazten joan da mintzaldia aurreratu ahala. Asko izan dira galderak, asko iruzkinak, eta bukaeran txanda zabaldu da, entzundakotik sortzen zenaren oihartzuna jasotzeko. Katarsi txiki bat sentitu dut une batez, beren artekoek egindako interbentzio batzuen ondoren askok besoa jaso eta “haiaia” eskerrak ematen hasten zirenean.

Batzuetan, ez dakit nola esan, zurrunbilo bat sortuko balitz moduan, unibertsoaren zentrotxo bat artikulatzen duena minutu batzuetako tartean.

Autoritate komunitarioak

Ez dakit agintari itzuli beharko nukeen, beraiek ‘botere’ kontzeptutik aparte ulertzen dute eta. Oraindik indarrean daude, eta horretaz galdetu diot Leoneli. Hirietan ez, baina komunitateetan ez omen dute inoiz beren lekua galdu, konkistatik hona autoritate sistema horrek higadura jasan badu ere.

Autoritatea ez da bere hitzetan boterea, txandaka bete beharreko erantzukizun sozial bat baizik. Familia bakoitzeko gizonari, edo ondorengoari, txandan tokatzen zaio ardura hori hartzea. Ardura hori hartzeko baldintza batzuk eskatzen zaizkio. Ekoizpenean emankorra izatea frogatu izana (hori baita herriaren lehen oinarria), jokaera moral egokia, komunitatearen errespetua irabazi izana. Horrek, nolabait, kulturalki bultzatzen ditu jokaera horiek garatzera, eta autoritatearen ardura errotazio moduan bizitzea zerbitzu soziala izateaz gain ikasketa da guztientzat.

Funtzio integralak zituen garai batean, eta gaur egun ere halatsu, Estatuak solapamenduz arlo asko beste logika batetik ukitzen baditu ere. Komunitateko autoritateari omen dagokio, chacanako filosofia integralaren arabera, bizitza ona ziurtatzea, produkzioaren koordinaziotik hasita justiziaraino. Azken honetan, justizia zigortzailearen ordez justizia konpontzaile eta hezitzailea ei dute ipar, jokaera desegokiak komunitatean bertan kudeatuz.

Autoritate hauek errespetatu eta indartzean datza mugimendu indigenaren oinarria eta orain Oruroko Gobernuan daudenen indarra. Oruroko Departamentuko agintari moduan, beraiek komunitateetako autoritate izandako zaharren kontseilu bat omen daukate. Tata Florencio omen da bat, eta hura bezalako beste pertsona batzuk.

“Nos orientan con su experiencia. Realmente son sabios”.

Leonel pertsona formatua eta botereduna da. Grabatuta geratu zait kontseiluko zaharrei buruz esan duen esaldian jarri duen aurpegia, ez zen diskurtsoa, buruari aldamenera eraginez esan du.

Decreto de austeridad administrativa

Austeritate hitza entzuten dudanean, arreta pizten dit. Hain dago kontzeptu hori urrun azken hamarkadetan euskaldunongan hedatu den alternatibo itxurako pijismotik, eta gizarteko mezuen zaporetik.

Beste muturra ere bada hau. Ostatua Kawsay elkarteak ordaindu zigun Ekuadorren. Ez nuen espero. Bolivian alderantziz, anfitrioi Oruroko Gobernukoak genituenez, uste genuen ostatua ordaindua izango genuela. Keba. Xuhurkeria? Ohartu gara ezetz. Leonel lurralde zabal bateko erabakitzaile nagusietakoa da (agintari gorenaren aholkulari nagusia), baina ez du dirurik gure ostaturako, eta bera autobusean dabil. Gau batean autobusak huts eginda ostatua hartu behar izan du, eta gurea baino xumeagoko pentsio ilun batean geratu da.

Gobernura sartu eta berehala, Evo Moralesek bere soldata erdira jaitsi zuen, eta “Decreto de austeridad administrativa” atera.

Gobernuko karguek erabiltzen duten dirua zorrotz murriztu du horrek. Leonel behintzat militante zenean bezala dabil batera eta
bestera.

Badu alde txar bat. Dekretu horrek, lanerako jendea eta aholkulariak kontratatzeko aukera ere murriztu omen du. Eta agintari-militante bitxi hauek itota dabiltza. Gorputzari gehiegi eskatzen. Apur bat ezagutzen dugu hori zer den. Akats bat.

Azkurea ministerioan

Plangintza eta koordinazioko ministrordeak intelektual troskistaren itxura du, jertse eta betaurreko borobilekin.

Leonelek gugandik bilera honetan nahi zuena sumatuz, Euskal Herriko panorama bat eta beraien prozesuarekiko loturen gainbegiratu bat egin dugu, eta kontundentea izaten saiatu naiz herri indigenen diskurtsoaren hutsuneak seinalatu eta kontzeptu gakoak mahai gainean jartzean.

Begiradetan konexioa dago.

“Todo lo que me dices me pica enormemente”.

Eta galdera zuzena, noiz arte zaudete hemen? Ministerioan bilera izateaz gain, lasai afalduz solas intelektual luzea izan nahiko luke gurekin. Eta gu, ministrordea baino agenda estuagoarekin. Hurrengo bidaiarako utzi dugu.

Hiru helduleku nagusiei errepaso bat egin ondoren (identitatea, enpresa komunitarioak eta gestio publikoa), eta bilerako mamia osatzen zuten elkarlanerako kontuak zehaztuta gero, bera pasa da erasora. Badagoela beste laugarren gai bat, etorkizunean gure arteko elkarrizketa-fluxurako. Gobernu batek eta herri batek lortu behar dutenaren kontzeptualizazio berria egiten ari omen dira Gobernu moduan, Tawantinsuyu-ko kosmobisioan oinarriturik. Garapena ez omen da helburua. Ez omen dute “garapen iraunkorra” ere hartu nahi ipartzat, harago joan nahi omen dute. Herri baten bisioa izan behar duena sumaj kawsay omen da: bizitza ona. Ondo bizitzea zer den pentsatzen hasi behar omen dugu, behetik, herri desberdinak, gure arteko konexioak eginez.
Indian eta beste hainbat lekutan dituzten kontaktuak aipatu ditu, eta gu hor ikusten gaituela, hori pentsatzen laguntzen, hori pentsatzen.

“Ahora es a mí a quien pica”.

Bai, niri sortu dit azkurea. Ezkerra kontzeptuari buruz biok irribarre beretsua egin dugula uste dut. Politika pentsatzen hasteko, lurretik hasita polisa oldozten hasteko gogoa dutela dirudi, eta abiapuntu batzuk badituztela.

Ministra

Kantzilerrordearekin Evo Morales presidenteak Euskal Herria bisitatzeko duen aurre-asmoaren inguruan bidea egiten jardun dugu. Aurrerago hezkuntza ministrarekin izan dugun bilera ere berezia izan da zentzu batzuetan, baina laneko koadernoan bi hitz bakarrik geratu dira: “Hezkuntza ministrarekin”, bilera hasierako titulua, data eta gero orria zuri. Mezu zorrotza eman diogu, eta merezi luke kontatzea, baina egunean pasa diren gauzen artean ez du aipamen berezirik merezi.

Maja, ezkerrekoa. Mariok esan duen moduan, ea aldatzen duten.

Enorme, grande, urgente

Leonel kargatu xamartua dago azken egunotan landu ditugun ideiekin. Aipatu diot, hala ere, beharbada hegemonia kontzeptua bortitzegia izan litekeela koiuntura honetan, hizkuntzak espazio mugatu batzuetan behar duen tokia irudikatzeko, eta adjetiboa jarri behar zaiola beti ondoan: hegemonia irekiak. Edo bestela sustantiboa baztertu eta taktikoki ‘centralidad’ bezalako zerbait erabiltzea intelijenteagoa izan litekeela. Berak ezetz, hegemonia kontzeptuarekin inpaktua sortzea ona dela. Egin dugun elkarlanean ze puntutan gauden galdetuta, horrela laburtzen dit:

– Se está creando una expectativa enorme con la referencia vasca. Y existe una necesidad grande, y además urgente.

Apuntatu egin ditut koadernoan hiru adjetiboak. Leonel ez da adjetiboak nolanahi erabiltzen dituenetakoa.

Erantzukizuna

Handia da, bai, erantzukizuna. Uste genuena baino inpaktu gaitasun handiagoa daukagu une honetan Amerikako kultura indigenen garapenaren eragile garrantzitsuengan. Alde batetik, ez da seinale ona.

Estrategia-ikuspegi sakona behar dugu, eta hori da aporta dezakeguna, lortzen badugu. Ez da kontua esperientziak transmititzea bakarrik, sintesi bisio-sortzaile bat behar dugu, gure lorpen eta ezintasunen laburbiltze eragile bat. Hori dateke gure balio erantsia.

Eta hori egitea, entzunez, beren larruan sartzen saiatuz, ikasiz. Dialektika horretan, ordea, apalegiak izan gabe, errigorez, deserosotasunak asumituz, erakarmenez. Eta denaren hondoan, ondo ala gaizki, adiskidetasunez, maitasunez. Ez daukagu ezeren kexarik. Lanean nahiz jolasean –edo bien tarteko muga horretan– nahi dugun huraxe egiten jarduteko sentipenean surf egiten ikasi dugu apur bat. Bihotzaren deiagatik gaude hemen. Zuhur, zoro, hortzak estutzen, gozatzen.

Munai, lehen bultzada, sentimendu eragilea, maitasuna. Hori inguruan dabil gaur, eta dena kutsatzen du.

Adiskidetasunetik zerbait

Bukatu da lan politiko guztia. Afaldu dugu hurbileneko taldearekin, “haiaia” esanda hainbat aldiz topa eginez. Afalondoan, La Pazeko gau hotzean, lau geratu gara, Urko eta biok, Leonel eta Salustiano(7). Leonel eta Salus, gure bi lagunak, Euskal Herritik ezagutzen ditugunak, pertsona gakoak hemen.

Azken garagardoa hartzera laurok kalean goazela sentipen berezia izan dut. Konspirazio-adiskidetasun moduko bat. Lan politiko lurpekoan gabiltza, eta konplizitate hariak sendotzen ari dira, baina ederrena da halako adiskidetasun moduko hori. Elkarri adar apur bat jotzeko, edo emakumeez hitz egiteko adinako zera hori.

Ez da sentipen berria. Azken hamar urteotan hainbeste izan dira munduko txokoetan egin ditugun adiskideak, hainbeste despedidak, hainbeste begietara irrifarrez begiratuta emandako besarkadak. Hainbeste humanizazio-zurrunbilo txikiren testigu izan gara. Gehitxo eta dena iruditzen zait hamar urtetan. Ez ditugu inoiz idatzira ekarri igurtzitako pertsonak eta bizipenak. Lankiko eta inguruko pertsonen esperientziaren dentsitatean geratu dira itsatsirik.

Arrazoi instrumentalari gorazarre

Hegazkineko eskailerara oinez bidali gaituzte. Banoa Boliviatik, eguzkia irteten ari da eta nire begiek goi-lautada agurtu beharko lukete, baina hegazkinaren isatsaren azpitik pasatzea gauza berezia da.

Atzeko motorraren eta isatseko hegal garaien presentzia miresgarria egin zait. Gizaki modernoaren teknika-alardea. Gure buruak behartu ditugu natura eta gizakiaren bihotza bezalako gauza autentikoak ederrestera. Arrazoi instrumentalak(8) ekoiztutako burnizko eta plastikozko azpi-munduari destainuz begiratzera jarri gara. Guk galtzen dugu. Hegazkin bat, inoiz sumatzera iritsi naitekeena baino elementu gehiagok batera ondo funtzionatzea eskatzen duen arkitektura erraldoi hau, txundigarri da, txundimenaren adar batzuk kamusten ez zaizkidan artean.

Une jakin batean beti motorrak serio haserretzen dira, gauza astunek hegan ezin dutela egin dioen legearen aurrean. Haserre ikusgarriena une bat izaten da, ulertu egin behar da, utzi egin behar zaio motorrari sumina bizitzen, eta orduan zaramatza hegan.

Pribilegioa

Lur honetako arbasoek izan ez duten pribilegioa izan dugu hegazkinaren mirariari esker. El Altotik aireratzean altiplanoaren alfonbra marroia agertu da zabal, mendikate zuri luze bateraino sartzen. Dagoen aireratzerik ederrenetakoa izango da La Pazekoa.
El Alto hiriak baditu milioitik gora biztanle, eta bere txirotasun uniformean ia altiplanoarekin koherente ageri da, lurraren kolore bereko milaka etxe apal alfonbra bukaezinaren ertzean barreiatuta. Eta goi-lautadaren presentzia ortzimugaren beste ertzeraino.

Betikoa, behera joan eta lur zati bat ikutzeko gogoa, esteparen bide ertzeko txabolatxo hartan sustraituta geratzeko gogoa.

Goi-lautada, mozketatik behera bailara, eta mendikate elurtu luzea.. Bailararen tapiz pinportaduna da La Paz bera, altiplanotik beherako markarreko etxe-inurritegi ondulatua. Pirinio itzel bat dirudi denak, himalaietako mendi garaiak babesle dituela. Nori otu ote zitzaion (otu ote ) hemen hiri bat sortzea?

Mendikatean doa hegazkina, Andeak gurutzatzen hasi gara egurats lehorrak ematen duen ikusmen gardenean, hegazkina erabat igo aurretik. Ez goaz mendien gainetik, mendi elurtuak aldamenetik pasatzen dira, guapa! esateko aukera emanez.

Aurrerago, mendi lerroak meandro mugagabe bihurtzen dira, eta Amazonasera zirauntzen. Bista kolpe berean lau sugetzar eta denera ehun bat bihurgune forma guztietakoak. Arroak erro. Hauetako asko, bihurgunearen exajerazioz irla bihurtutako alferrikako ibai-bide borobilduak. Hondartutako arro zabalak, basoarekin kukuka. Beheko detaile bakoitzean, bizitza aukera batentzako deia niretzat, inspirazio mingarri.

Eta oihana behe-lur landuekin batera. Bai, badakit, Santa Cruz da, egunotan ahotan ibili dugun lurraldea, baliabide naturalak ustiatzeko oligarkiaren gotorlekua. Justizia soziala garatzeko gobernu berriaren apustua kolokan jartzeko ahalmena dute, eta erabiltzen ari dira. Behean mindu egin ninduen egoerak, oligarkiaren mekanismo faktikoak liburu batean baino argiago erakusten dituen adibide etsigarriak. Hemen goitik anekdota dirudi.

Ohartu naiz nire hegazkineko gehienak interes-talde horren partaide edo onuradunak direla, negoziotan hiriburutik Santa Cruzera doazenak. Puntutxo bat deseroso sentitu naiz hegazkinkideen artean. Eskerrak bost fila aurrerago, ni bezala leihotik begira, Noemi doala.

Noemi

La Pazeko aireportuko kolan nire aurrean zegoen, eta berak eskaini dit poltsa zaintzeko laguntza une batean. Iladan eta hegazkineratzeko gelan solasean egon gara, eta aurreragorako planak sortu dira.

Hogeita bi urte ditu, eta lehen aldiz Boliviatik irtenda Sevillara doa itzultzeko data zehatzik gabe, gutxienez urtebete, gehienez betirako. Neska txikia da, betarte zapal orientala eta ezpain ederrak. Barruan daukana ahotik naturaltasunez ateratzen zaio. Santa Cruzen hiru orduko eskala daukat nik, berak ere antzekoa, eta elkarrekin hiria ikustera irteteko plana egin dugu.

Aireportutik irten dugu giro tropikalera, haize epela harroxko dabil, eta emozionatu egin da: hara non jartzen den haizeari besoak zabalduta bueltaka errepidearen erdian, autobusera gindoazen bitartean. Autobusean apenas isildu den. Leihotik hiriaren zapore tropikal koloniala dastatzeko beta sakratua ere ez dut hartu, hainbesteko arreta eskatzen du neska beltxaranaren jarioak.

Amak ez zion kechwera erakutsi, eta bai La Pazera bidali ikastera, bere jakin-minerako herriko eskola txiki geratzen zitzaiola susmatuz. Orain Espainiara doa ortzimuga berrien bila. Esperientzia hori ezagutzeko aroa omen datorkio. Aipatu dizkidan bere herriarekiko eta umeekiko miresmenak, gerorako. Espainian ezagutzen duen bakarra bere mutilagun izandako emigrantea da, baina bera berera omen doa, gogoeta oso bat bota dit harremanez eta proiektu pertsonalez.

Badu beste arrazoi bat ere atzerriratzeko. Bere ahizparen alabatxoak berari deitzen dio ‘ama’, lehen urtetan oso gertuko izan zuelako. Ohartzen da umeak bera maiteago duela ama baino, ama hotzagoa duelako, eta berarekin –hau nik ulertzen dudanez– ekintza eta ilusio mundu bat zabaltzen zaiolako. Bere ahizpari espazioa uztea omen da espainiaratzeko arrazoi bat, bertan geratuz gero ezingo baitu haurrarengandik urrundu, berak ere hainbeste maite eta. “Siento que es mía, porque ella el cariño ha decidido dármelo a mí”. Ez naiz harritzen, egia esan.

Sumendi bat badu barruan neska honek, txingar bare bat, noiznahi txinparta. Hogeita bi urterekin daukan bizitzaren ikuspegi finduak, dituen intuizioen ganorak, harrituta nauka. Esan egin diot bere hitzak iristen zaizkidala.

“Dios me ha dado dos cosas. Tal vez en potencia, pero están ahí. Una, el sentir las cosas, la capacidad de sentir. Y la segunda, la capacidad de expresarlo”.

Dio jendeak ez dituela gauzak “sennntituz” egiten, hitzari indarra emanez. Eta uneoro sentitzen denari hurbiltzen zaion hitz zehatza bilatzearen inguruan jardun du gero. Une honetan nola sentitzen den galdetu diot. Segundo batzuetan egon da berbaren bila. Lasaitasuna sentitzen duela esan dit. Hamar minutu falta ditu itxarongelatik bere hegazkinera sartzeko, ez du inoiz halako hegaldi bat hartu, emigrante bizitza bat hastera doa kontinente ezezagun batean. Eta sentitzen duenari jartzen dion hitza da… lasaitasuna.

Eta sinistu diot, bere begiek ere hori baitiote.

Arloak eta mugak

Egunotan egindako lanari buruz pentsatzen jartzean, ireki diren lan-ildoetara doa burua. Mugitzen gaituzten amets-motorrei ekarpen txikiak egiteko aukera berriak zabaltzen dira Ekuadorren eta Bolivian.

Nola erantzun, ordea, hainbeste arlori? Bost edo sei fronte baditugu irekita. Lankiko lanbideari lotuenak, euskal herrietako kooperatibagintza, bailara proiektua, munduko hegoaldeko kooperatibekiko interkooperazioa, Paranako lurrik gabekoen proiektu pilotua, eta beste pare bat9. Eta Garabideren lana, euskalgintzaren esperientzia munduko herriekin trukatzeko irekitako bidea, une honetan horietatik txikiena da tamainaz. Berez, gainera, ez dagokio gure lan-arloari, baina modu prekario xamarrean ideiak praktikara eramateko laborategi txiki bihurtu da gure taldea. Horietako bakoitzak pertsona multzo bat ehuneko ehunean egotea eskatzen du. Hori da bidea, jakina, pertsonak inguratzea, eta hirukia osatzea: pertsonek, ideiek eta baliabideek osatzen duten triangelua. Eta gero espiralean joaten dira garatuz. Fronte batzuk genesi garaian daudelarik –perretxikuak, Andoni Mujikak deitzen dien moduan–, ordea, lanpetualdi luze xamar hau tokatu zaigu.

Buruak bai, ematen du denerako. Buruak muga gutxi izaten du. Gehiago dena, fronteen biderkatzean ikasten duenak are gehiago prestatzen du burua are gehiago biderkatzeko. Makina harrigarria izan liteke lepo gaineko portatila. Sentimenak, ordea, gorputzera zubia eginda daukan lurralde zingiratsu horrek, ez du denerako ematen gainezka egin gabe. Bihotzak ez du ertzik, horregatik da ahulena.

Eleberria

Aspaldiko partez eleberri bat hartu nuen esku artean bidaiaren hasieran, hegazkineko ordu aspertuenetan irakurtzeko, zuzentzeko neuzkan azterketen alternatiba moduan.

Harakoan gutxi irakurri banuen, honanzkoan ez dut ukitu ere egin. Hitz hauek idazten eman ditut orduak. Batetik, ez dut izan eleberriari eskaintzeko denborarik. Bestetik, hain justu fikziozko historia batean murgiltzeak, ezabatu egingo zizkidan Boliviako benetako bizipenen kolorearen ñabardura batzuk, eta gero zailagoa litzaidake haiek hitzetan jartzea.

Hegazkinean gertatu zaidana adibide polita da bizitzan fikzio idatziaren gaiarekin gertatzen zaidanarena. Bizitzak berak hainbeste historia eta istorio, hainbeste min, ertz eta ñabardura eskaintzen dituenean, nolaz fikzioan erabili arreta? Eta idazterakoan ere, idaztekotan, fikzioa ote nuke bada lehentasun, bizitakoaren pintzelada oker batzuk edozein fikzio baino ederragoak edo minagoak direnean? Noemi baino pertsonaia aberatsagorik ba ote dago bada fikziozko euskal literatura osoan? Inguruan gertatzen denari bihotzean lekua egiteko orduak gutxiegi direnean, arretan txokoa egiteko bizitza laburregia denean, ura eskuetatik joaten denean inguruko edertasun txikia atzematean… Hegazkinean ez naiz eleberria irakurtzen entretenitu. Ondoko eserlekuetan doaz ele berri interesgarriagoak.

4- (Leonel duela urte batzuk ezagutu genuen Euskal Herrian. Mugimendu indigenan hainbat lan egindako kechwua ilustratua da, Finlandian hainbat urtez bizitakoa. Oruron indigenek gobernua lortuz geroztik, gobernadorearen beso eragilea da. Pentsamenduan jantzia, indigenen filosofian arradikala eta eragiletzan kilometro batzuk egina).

5- (Hegemonia-guneen gaia eta lurralde kontzeptua kudeatzeko hiru plano jostea dagokie, beharbada, euskal herriei. Batetik, lurralde-hegemoniarik gabeko sare izaten asmatu behar du euskararen komunitateak. Eta baina lurralde-hegemonien gaia debate politiko-kulturalaren erdian jartzeko prestatu behar du beste belaunaldi bat, irtenbiderik gabeko diskurtso korrektoetan kateaturik orain botereguneetan dagoen belaunaldi modernoarentzat berandu denez. Eta baina lurralde kontzeptua eta boterea bera egituratze estatalarekin soilik identifikatu gabe, ahalmen-gune askotarikoak irabaztea dagokio, hegemonia-lurralde irekiak sortzea, lurraldetzat ulertuz erakundeak, guneak, sareak, arloak eta bai, seguruaski, zenbait espazio fisiko ere. Kontraizanean daudela dirudi, baina baliteke hirurei heldu behar izatea hurrengo hamarkadetan).

6- (Nortasun-garapenaren arloan, Garabide sortuberri delako, eta erantzuteko gaitasuna astiro lortuko duelako. Bestetik, Mundukidek eta Lankik elikatzen duten kooperatibagintzaren arloan truke-sistema indartsuago dago hamar urteko ibilbidearen ondoren, baina gaitasun oso mugatuekin hala ere. Azken urteotan, gainera, toki batzuk utzi eta gure lana munduko gune batzutan zentratzeaz eztabaidan ari gara).

7- (Salustiano Aima Hezkuntza Ministerioko teknikari bat da, arlo baten arduraduna. Garabideren lehen truke-programarako Leoneli planteatu genion Bolivian kontzientzia maila eta gaitasun biderkatzaile handiko pertsona bat bidaltzeko. Salus etorri zen, eta "ni Salustiano Aima naiz, aimara naiz, eta euskaldunberria naiz" esanez ibili zen euskalgintzako eta erakundeetako bileretan. Ikuspegi indartsua du, eta fundamentua. Evo Moralesen lehengusua ere bada, eta berak berotuta iritsi zaigu presidenteak Euskal Herria bisitatzeko aurre-asmoa. Bisita posible honen inguruan Euskal Herrian izandako gora-beherak ere noizbait kontatzekoak dira).

8- (Lankiko taldean Joseba Azkarragaren insistentziak aipu klasiko bihurtu du arrazoi instrumentalaren eta arrazoi baloratiboaren arteko oreka galera, modernitate kapitalista ulertzeko gakoetako bat. Horri egiten dio zirri pasarte honek).

9- (Lanki Ikertegia hamabi langileko taldea da une honetan, eta apurka osatuz doa. Disziplina desberdinetatik bertako kooperatibetan eta nazioarteko sare batzuetan funtzio batzuk betetzen dituen sormen-gunetxoa. Hiru ikerlerro izan ditu orain arte, horietako bat beste kontinenteetara begira dagoena. Beste lan arlo batzuk Lankitik kanpora geratzen dira).

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan