Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-09-28 -- 2152.zenb

Brasil, Ekuador eta Bolivian hamar eguneko lan-bidaian bilduak

artikulu nagusira itzuli
II. Ekuadorren dago Quito

Jon Sarasua


Begiratu deserosoa

Ekuadorreko nazionalitate indigena guztiak biltzen dituen CONAIE erakunde nagusira joan gara bilera batera. Kasualitatez ekitaldi handia zegoen ordu berean. Herri indigenen eskubideetarako Nazio Batuen Erakundeko (NBE) arduraduna etorri da, eta Ekuadorreko nazonalitate indigena guztietako buruzagiak bildu dira berari oharrak egitera.

Koloretsua izan da ekitaldia. Zoruan frutaz, laborez, lorez eta kandelez osatutako borobil ederra dago, eta intzentsu-ke bat dario erditik. Nazionalitateetako gidariak beren jantzirik dotoreenez etorri dira. Elkarrengandik zeharo desberdin ageri dira kostako, oihaneko eta mendiko gidari desberdinak, gehienak ile luzez, batzuk aurpegia pintatuta, ilean zintak dituztela, beste batzuk jantzi koloretsuz, edo estilo desberdineko pontxo eta mantaz. Gatza atera duen lehenbizkoa Amazoniako emakume bat izan da.

Ipurdirainoko ilea duen andere ederra, aurpegia marra beltzez pintatua eta bular parean hilabete gutxiko ume bat zintzilik duela, jaiki egin da, eta NBEko relatorearen aurrean hitzaldi gartsua egin du.

Exotikotasun koloretsu honen azpian, ordea, Urko eta bion begiratuak badu analisi eszeptikotik zerbait. Gidarien diskurtsoak ohikoak dira, indigenen izaeraren aipamen etengabea, eta eskubideen defentsa itxuraz bipila. Asko du kexatik, asko du aldarrikapenetik. Asko du ezkerraren tik eta diskurtsoen bertsio indigenatik.

Baina ez. Ez dago gaitasunik, ez dago eraikuntzarako benetako proiekturik eta argitasunik. Ez dago hizkuntza eta kulturaren garapenari buruzko estrategia-pentsamendurik. Eta estrategia-gaitasun gabe, diskurtsoak globo puztuak dira. Hizkuntzarik indartsuen eta zabalena den kichweraren kasuan ere, alarma gorri guztiak pizteko modukoa da egoera.

Deserosoa da begiratua, urteetan ezagutu dugunak, aurten Garabiderekin(2) ikusi dugunak, eta hemen berresten ari garenak erakusten duen panorama: amildegirako bidea hartuta daude hizkuntzak. Indigena gehienen diskurtso eta harrotasun merkea gorabehera, ez da mamitzen benetako gaitasunik.

Euskaldunok badakigu hala dela. Deserosoak izatea dagokigu. Erakargarriak, baina aldi berean gogorrak, seinalatzaileak. Gonbidatu bati ez dagokion zorroztasunez jardun dugu, diskurtsoei kontzesio gutxi eginez. Eskerrak, gero irribarreek, bromek eta Urkoren pasta onak konpentsatzen duela gure mezuaren ziria.

Cesar Pilataxi

Cesar Pilataxi, ziurrenik berak uste duena baino pertsona garrantzitsuagoa da kichwerarentzat. Berrogeita zazpi urteko militante zaildua, txikia eta azal ilunekoa, buruan txapela eta atzean koleta-isatsa.

Kichweraren alarma gorria piztu duen gidari bakarretakoa da. Bere gaitasun mailan, dirudienez bakarra. Hamarkadak daramatza gidari indigena moduan, ardura nagusiak izan ditu bai mugimendu indigenan eta bai erakunde ofizialetan, baina guztiak utzi ditu, guztietan sumatzen duen funtzionariotze eta geldotzeak uxatuta. Diskurtso sutsuaren eta ekiteko bisio faltaren arteko etena ezin eramanik. Erakunde handietatik irten eta Kawsay fundazioa sortu dute kontzientzia maila jakin bateko pertsona gutxi batzuk Ekuadorren, Perun eta Bolivian. Bera da arima Ekuadorren. Ez dirudi gidari indartsua gurekiko tratuan, bere apalean. Antza denez, Euskal Herrian Garabiderekin izandako truke-programan(3), bere intuizioen berrestea ikusi zuen. Hainbatetan luze eta zabal hitz egin genuen orduan. Konfiantza oinarrizko horrekin hartu gaitu orain.

Erakunde indigena eta ofizial nagusietan ibili gara, eta ez da inon sumatzen nahikotasun mailaren aztarnarik hizkuntzaren gaia dagokion lekuan jarri eta norabide bermedun bat irudikatzeko ere. Cesar bakarrik hasi da mezua zabaltzen. Autoritate moral handia du. Bera izan zen koletaz ibiltzen hasi zen bakarretakoa. Bera izan zen Inti Raimi eguzkiaren jaia bultzatu behar zela esan zuena. Bera izan zen gaur onartuak dauden hainbat ‘zorakeria’ proposatu zituena. Aitortzen diote, itzala du. Eta orain, berriz ere mezu deserosoa ematen hasi da. Ez “educación bilingüe intercultural” delakoak (ia erabat gazteleraz denak), ez balizko irrati indigenek, ez gaiari buruzko diskurtsoek daramate inora nortasun kichwa. Baina mugimendu indigenatik sortutako jende asko bizi da ekintza hauetatik janez. Posizio batek, lanpostutxo batek, errazegi irensten ditu kichwen gaztetako sugarrak. Eta anaia kokatu eta erosotuek bertan-goxo egiteko duten interesaren aurrean, berari astintzea dagokio. Hor dabil bere kapelu eta koletarekin batera eta bestera.

Elkarrekin lantzen ari garen TVK kichwerazko telebista egitasmoa ere ‘zorakeria’ moduan aurkezten du bilera guztietan, bere herrikideei transmitituz errealitate bihurtutako zorakeriekin bakarrik egin dezaketela aurrera. Hitz egin dugu hezkuntza ofizial “bilingüetik” atera eta guraso zoroek sortutako eskola kichwua propioak abiarazteaz ere. Helduei kichwerazko ‘gau eskolak’ ematen ere hasi berri dira Quiton, udazkeneko truke-tik bildutako ideiarekin dirudienez.

Pena pixka bat ematen dio Urkori. Nik ez nuke pena esango, uste dut ondo ulertzen dudala. Duen ikuspegiak amesteko materiala ematen dio, eta horrek erosotasunak desestabilizatzen ditu.

Elkarte frankotiradorea

Erakunde ofizial eta handietan ibili da Cesar. Mugimendu indigena ‘nazionalean’ gidari eta instituzio publikoetan arduradun. Eta aitortzen du beti egon izan dela GKEak eta fundazioak sortzearen kontra. Izan ere, Latinoamerikan milaka erakunde sortu dira azken hamarkadatan, nazioarteko kooperaziotik edo toki ofizialetatik zetorren dirua kaptatuz proiektuak kudeatzeko, eta mesfidantzaz ikusten du elkarte hauetan sortzen den klientelismoa.

Mugimendu indigenan eta instituzio ofizialetan hainbat urte egin ondoren, ordea, denak utzi eta Kawsay fundazio txikia sortzea deliberatu du. “Yo que siempre he estado en contra de eso. Pero desde las instancias grandes no se puede”. Nahiko lan badutela uste dut elkartetxoari ekonomikoki eusten, duela urtebete edo larri ibili zen, uztekotan. Baina ikuspegi sakona eta ekintzarako zalutasuna bilatzen duela uste dut, elkarte frankotiradore honetan.

Txikitasunetik, kualitatetik eta autonomiatik ekiteko hautua, mende berriaren hasieran. Gaiak badu mamia.

Pausoen ama

Elkarrekin lantzen ari garen telebista kichwaren proiektua ondo dago, baina ororen gainetik dagoen lehentasun bat aipatu diogu: muina sortzea, pertsona multzo bat trinkotzen hastea.

Belaunaldi bat minimoak amestera iristen ez denean, zera egin behar du: geratu, eta hurrengo hamarkadarako jauzi bat pentsatuko duen belaunaldi bat prestatu.

Euskararen herrian ere gauza batzutan muina erein behar dugula ikusten hasiak gara. Goiko paragrafo hori gure hizkuntza komunitatearen ikuspegi politikorako da, beharbada, egokia. Ekuadorren, egoera ikusita, pauso guztien ama da. Horretan laguntzeko prest agertu gara, eta bakoitzak bere etxekolanak hartu ditu.

Barrutik kanpora

Barrutik kanpora. Barrutik kanpora. Bi aldiz idatzi dut, handi sentitu dudalako azpimarratu beharra. Muina behar da sendotu, ezer sendotu behar bada, eta hortik sortzen dira merezi duten proiektuak. Dela talde, elkarte, ikertegi, fakultate, mugimendu, edo hizkuntza komunitate. Muina osatu, eta hortik indartzen da egitura, edo erlatibizatzen egituraren forma. Muina elikatu, eta horrek bihurtzen gaitu indartsu edozeren aurrean.

Berez, hau euskararen herriarentzako mezua da. Han gaude oraindik hori ikasteke. Ez da erraza horretaz ohartzea, diskurtsoan dena denean global, dena gizarte, dena askotariko eta lauso. Ondo dago marko hori, baina hor, identitate kolektibo bizigarrien bizi ikurra espirala da: barrutik kanporako espirala, galaxiaren karakola.

Hobe zukeen euskalgintzak ere duela urte batzuk karakol-espirala hartu izan balu imaginariotzat.

Ardura

Gure ardura handiagoa da duela pare bat urte usteko genuena baino. Alaiki sortu genuen Garabide, beste alorretan pilatutako esperientzia baliatuz, ri-rau bost lagunen artean.

Intuizioa bagenuen, baina alorra espero genuena baino oparoagoa da, eta unea, uste genuena bezain gorria. Lehen urterako, Amerikako hizkuntza indigena handienen eragile nagusien ondoan gaude. Eta txarragoa dena, ia ‘garrantzitsuegi’ bezala ikusten dugu euskal esperientziatik egin litekeen lana. Alegia, ia erreferentziarik gabe daudela, eta martxan dituzten ekimenak ez direla iristen ‘estrategia’ dei litekeen mailara, benetan hurrengo belaunaldietan hizkuntza komunitate eta herri indigena bezala iraun ahal dezaten.

Ohartu gara gidari gutxi direla hizkuntzen bizi-estrategia garatu dezaketenak. Eta dauden apurrentzat, gu garrantzitsu bihurtzen hasi garela. Eta ze baliabide, ze denbora daukagu guk!? Tira, horretarako sortu genuen Garabide, baina uste baino lehen sartu gara otsoaren ahora. Ardura handia da une honetan gugan jarri duten konfiantza maila. Eta gure artean Urko bakarrik dago horretara lanean. Nire lanean nahiko ertzekoa da orain egiten ari naizen hau, eta taldeko muinekoentzat ere bai. Horretan bete-betean jardungo duten pertsona egokiak ekarri behar, poliki-poliki, baliabideak sendotu ahala.

Euskararen esperientzia kalitatez destilatzea dagokigu. Lan honek ez du eskatzen esperientziatxo batzuk konpartitzea bakarrik: bisio-lana eta estrategia-begiratua eskatzen du egoerak. Eta hain zuzen ere horixe da euskararen herri horretan ere falta duguna…

Has gaitezen entzutetik, eta mintza gaitezen.

Zilborra

Munduaren erdigunea identifikatzea omen zen zibilizazio andinoaren gurarietako bat. Hainbat saio eta kalkuluren ondoren, aurkitu omen zuten espazio guztien erdia, besteak beste eguzkiaren gorengo puntua hartzen duen gunea ere tartean omen zuena. Quitok ‘zilbor’ esan nahi omen zuen, eta ez da hiri bat edo toki zehatz bat, lau erreferentzi barreiaturen arteko espazio zabal bat baizik.

Begiratuta, egia esan, munduaren periferiatik gehiago du. Bai gune pobre bukaezinetan, bai gune aberats imitaziozkoetan.

Baina kontuz, Joserekin gaude. Bere hiriaren maitemindu bat da, eta bere maitea miresten irakatsi digu apur bat. Begiratua irekia bada, Latinoamerikako hiri erraldoiak altxor agortezinak dira. Quitok, gainera, asko du bakarretik.

Ohartzearen abiaduraz

Tawantinsuyu zahar eta zabalaren ondorengo diren indigenak gero eta jakitunago eta ohartuago daude Andeetako kulturaren hedaduraz eta sakontasunaz. Ingurumenaren garrantziaz gero eta ohartuago omen gauden bezalatsu. Bietan ere, auskalo zein den kontzientziaren gutxieneko abiadura, hondamendiari lasterketa irabazteko.

Irakurri III. Bolivian mamia dago

2-(Garabide erakunde koxkor sortuberria da. Aurretik, kooperatibagintzatik munduko hegoaldera begiratzen jardun duen ekimenak intuizio bat gauzatu du: "Bere 'garapenerako kooperazioa' pentsatzean, herri batek ez du galdetu behar soilik zenbat diru daukan emateko, baizik eta ze esperientzia dituen herri moduan herrialde gabetuekin trukatzeko". Ibilbide hori eginik, beste alor bat zegoen ukitzeke: hainbat aldiz erreferentzia bila zetozkigun gidari indigenentzat ez genuen fundamentuz esperientzia trukean erantzuteko modurik, beste alor batean ari baikinen. Baina euskal herrien esperientzia 'unibertsalena' ziurrenik euskararena da, eta bereziki trukagarriena, azken berrogei urteko euskalgintza modernoaren esperientzia multzoa, lorpen nahiz ezintasun. GKEen panorama ikusirik, horretarako berariazko erakundea sortzeko hautua egin genuen, beste alorrean pilatutako esperientzia baliatuz. Urko Kolomo aipatzen da orriotan, Garabideko kudeatzailea, zereginik gehienak elkarrekin egin genituen Ekuador eta Bolivian, bera egun batzuk lehenago joanda.)

3- (Truke Programa hilabete inguruko ekitaldia da. Munduko hainbat eragile hautatu eta gonbidatzen dira hilabetez Euskal Herrira, herrialde desberdinetako hamar bat pertsona. Truke intentsibo bat antolatzen da, esperientziak zuzenean ezagutuz, ikastaroen, bisiten, hitzaldien, mahai inguruen eta lehen mailako protagonistekiko elkarrizketen bidez. Programak badu formaziotik, badu bisitatik, badu harremanetik eta badu, guretzat, festatik. Azken bederatzi urtetan urtero antolatu da, kooperatibagintzari eta beste alor batzuei lotuta. Iaz, Garabide sorturik, lehen aldiz hizkuntza-garapenaren inguruan erabili genuen formula hori. Hizkuntza-garapeneko esperientzien lehen truke programan Afrikako eta Ameriketako hainbat herri indigenetako gidari edo eragile izan genituen partaide. Intentsitate berezia izan zuen taldeak eta programak. Partaide haietako bat izan zen Pilataxi.)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan