2008-09-28 -- 2152.zenb
Sinpatikotzat naukate emakume zenbaitzuek azkenaldian. Begiradan nabari zaie, keinuetan, tratuan. Hitzez adieraztera ere iritsia da bat baino gehiago: ui, ze sinpatikoa! Eta niri, ustezko sinpatia horren ordainez edo, irribarretxo bat marrazten zait aurpegian. Horrelakoetan ez dakit bestela jokatzen eta.
Aitatasunak ekarri dit sinpatikoaren etiketa; adibidez, kalean umearen karroa eramateagatik, haurra besoetan sobera-ez-baldar hartzeagatik nahiz oihala masakre handirik eragin gabe aldatzea lortzeagatik. Halarik ere, sinpatia honek badu bere alde iluna: esaterako, haurrentzako arropa-denda batean saltzaileak begiratu ere egiten ez didanean; zenbait emakumek errieta tonuko aholkuak eskaintzen dizkidatenean (haurtxo hau goseak dago: non da bere ama?) nahiz noiznahiko utzidazu-niri-zuk-ez-dakizu-eta amorragarria.
Gauza gehiago ere ekarri dizkit aitatxoren tituluak, jakina; alabaina, ez dut beste ezer sexistagorik aurkitu sinpatikoarena baino. Susmoa baitut neure sexuak irabazten duela adjektiboa: nonbait, amak egiten dituen lanak egiteagatik gertatzen naiz sinpatiko.
Nik aita sinpatikoa izan nahi dut, baina umeak hezteko ama guztiei suposatzen dizkiegun gaitasunekin.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa