Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-09-28 -- 2152.zenb

Tere Irastortza (idazlea)

Tere Irastorza

Gai bat behar duzunean hitz edo esaldi batekin etortzen da, eta bestela egunkariek emandakotik abiatzen gara sarri, garela idazle, ama, edo adiskide. Izan ere, hitz egitearen edota idaztearen egiteko bakarra ez baita informazioa ematea; izan ere, hitz egitean besteekin egon eta beste batzuk amultsuki goza gaitzaten nahi izaten baitugu. Gai batek, ordea, batzuetan, behartu egiten du gizakia. Obsesiboki sartzen da bere larrupera eta beste ezer egiten ez dio uzten. Batzuek esaten dute gaixotu egiten duela gizakia.
Halakoxe zerbait gertatu zitzaion, sobra ere, Christian Karl Gerhasrtsreiterri. Alemanian jaio zen 1961ean. Bere alaba bahitzeagatik atxilotu zuten aurrena eta azkenean hainbat hilketa leporatuko omen diote. Baina, funtsean, bere gaitza, bere obsesioa, aberats izatea zen. Eta, hala, bere burua beti aberats familiako kidetzat pasatuz eman du. Gaztetan aristokraten pertsonalitatearekin jolas egitea gustatzen zitzaiola eta aberats izateko aberatsak bezala bizitzea erabaki zuen. Hartara, bera baino gehiagotzat zeuzkanen familietara sartu zen eta aberats familiako kidetzat pasatuz bizi ahal izan da han eta hemen. Azken aldian Rockefeller abizena erabiliz.

Rockefeller abizenarekin bizitzeko, ordea, pentsatzen dut nik, talentuak beharko dira: ez daukazun diru baten erabilera iruzurtia egiteko, ez duzun familia bati buruzko jakintza erakusteko, ez dituzun harremanei jarraipena emateko. Horretarako, noski, bizimolde bat jokatu, antzeztu eta bizitu behar da eta, noski, baita norbere nortasuna ahaztu ere.

Baina eta besteak? Besteen ahazturagatik bizi al gara beste norbaiten larruan sartuta? Non daude, non egon dira umetan eta gaztetan ezagutu ditugunak. Ez dugu hainbeste urtetan ezer galdetu, ezer sumatu? Edota noraino iristen da beranduago ezagutzen dugun jendeari buruzko informazio-sarea, gizarte globalizatuan. Inork ez du ezer susmagarririk topatu bere iraganean? Ala aberats eta boteretsuei ez zaie esan nahi ez duten ezer galdetzen?

Gerhasrtreiterrek bezala, nobelako protagonistak inguruko guztiak liluratzen zituen Henry Jamesen nobela batean, bere hitz jarioaren arintasunaz eta ematen duenez, neurri handian, denek nahi zuten gezurra egia izan zedin. Iruzurgileak ezezik bere inguruak ere ez duenez xarma apurtu nahi izaten, iruzurgilearen jokoa besteoi jaso nahi dugun irudia emanez gauzatzen da. Suertatzen baita, denok gozatuak eta xarmatuak izateko dugun premia ez dela fikziozkoa!

Jon Abril (Aralarreko koordinatzaileordea)

Jon Abril

Hamar urte bete dira Lizarra-Garaziko Akordioa sinatu zenetik. Ospakizun xume batek baino ez du gogora ekarri ekitaldia. Sinatzaileetako anitzek ez dute ekitaldia oroitarazi nahi izan. Eta horrekin, batzuek zein bertzeek euren bidea ez dela hura nabarmendu nahi izan dute.

Lizarra-Garaziren hausturak ekarri zuen Aralarren sorrera. Baina Aralar alderdiaren sorrera bera ez ezik, akordio hark utzi du bertzelako biderik euskal politikagintzan. Lizarra-Garazik argi utzi zuen gatazka politikoa dela Euskal Herrikoa, eta horrenbertzean, konponbideak politikoa izan behar duela. Gaur gauza hain xinplea dirudienak badu bere mamia.

Elkarrizketaren beharra ere nabarmendu zuen Akordioak. Ez dira guti adibideak munduan, baina 90. hamarkadaren hasieran (Ajuria Eneako hitzarmenaren garaia) politikari zein herritarren artean heldu gabeko ideia zen Euskal Herrian. Egun, PPk ez beste guztiek onartzen duten printzipioa.

Akordioak bakea eta normalizazioa bereizteko beharra agertu zuen. Ondotik etorri ziren Anoetako Adierazpenak zein Loiolako elkarrizketek atzerapausoa ekarri dute arlo horretan, bertzeren artean gatazka konpontzeko alde guztien parte-hartzea baztertu zutelako, eta ETAk ez zuelako abangoardia lana alde batera utzi.

Hamar urte geroago, Euskal Herriko gatazka politikoa gainditzeko bi oinarri horiek ere behar-beharrezkoak dira: Euskal Herriko gizarteari bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea aitortzea, eta bortizkeria oro alde batera uztea, ETArena barne.

Ezin ukatukoa da, baina, Lizarra-Garaziz geroztik izan dela mugimendu gehiago. Ibarretxe lehendakariaren ekimenez, Estatutu berri baterako proposamena eta kontsulta egiteko lege ekimena gatazka politikoa gainditzeko proposamenen bidean ulertu behar dira. Ez agian gatazka bere osotasunean, baina bai gatazka gainditzeko bidea egiteko. Biak hala biak gehiengo osoz onartu zituen Eusko Legebiltzarrak. Biak hala biak, atzera bota ditu Espainiako Estatuak, Kongresuaren bidez lehenbizikoa; presidentearen eta Auzitegi Konstituzionalaren bidez bigarrena.

Orain Estrasburgora jotzea da egin beharreko bideetako bat. Ez bakarra, ordea. Arazoa eta erabakitzeko eskubidea gizarteratu egin behar dira, herria inplikatuz borroka horretan. Gatazka gainditzeko eztabaida sozializatu egin behar da. Horretarako, indarraren erabilera bertan behera uztea nahitaezkoa da. Eta hamar urteotan ikasi dugu indarraren erabilera bertan behera uzteak ez diola itxaron behar gatazka politikoa konpontzeari.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan