Astekaria

 Bertso berriak 

Arrantzalea nuen senarra

I Urriak hogei, ilunabarrez gaua jantzi zen ilun nabarrez itsas zabala kanposantu lez ta Mutriku luto beltzez (bis) “Gazte alaiak” izenez arrantzontzia indarrez itsasoratu zen goizez baina enbatak irentsi zuen gerora halabeharrez... Itsasontzia aurkitu zuten baina nire senarra ez. (bis) II Muxu suhar bat kaian barrena, irri bat ahalik ta zabalena, “bidaia on ta zorte on, maite” zen esan nion azkena. (bis) Orduko oroitzapena ta oraingo etsipena... Amildegia da dena. Aspaldi galdu dut bizipoza, aspaldi itxaropena betiko agur bihurtu baita ustez gero arte zena. (bis) III Zenbat helburu eta promesa, langintza gogor eta nekeza. Ilusio ta amets gozoen urkatzaile da ur geza. (bis) Itsasontziaren ertza suntsitzeko interesa mendekatu ahal baneza... Biak batera zapuztu ditu (samurra denik ez pentsa): ametsetako itsas zabala ta itsasoko ametsa. (bis) IV Arrantzalea nuen senarra langile fina ta goiztiarra, familiaren ongizatea zuena amets bakarra. (bis) Itsasoaren indarra hango bitsa ta aparra... Orain dena zoritxarra! Zein gogorra zen begietatik ezin sahietsiz nigarra berriz ez zela porturatuko umeei esan beharra. (bis) V Iraganaren min ta destaina! Alargun gaude ni ta oraina. Dena eskaini zigunak dena kendu zigun, alajaina! (bis) Olatutzarren tamaina bera irensteko aina izan zen behin, alabaina oskarbi bada maiz zeruaren ispilu da itsas gaina: Han dagoela iruditzen zait ez dut sinistu nahi baina. (bis) VI Noiz itzuliko digun aiduru, itsas zabala begiz jo dugu baina olatuak dira erantzun; Joakin beretzat hartu du. (bis) Nahiz ta egunak ilundu, portutik ezin urrundu, min sarkor hau nork leundu? Joakin maitea, nahiz desagertu orain bi aste inguru, azalduko den itxaropenak biziarazten gaitu gu. (bis) Doinua: Itsaso hori dago zatarra / Naufragoarena. Goierriko Bertso Eskolak Ordiziako Udalarekin batera antolatutako XVII. Lazkao Txiki Sariko bertso sorta irabazlea.

Irudia

Amaia Agirre


2152. alea
2008-09-28
alde 0    kontra 0
Amaia Agirre
(Alberto Elosegi / XDZ)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia