I Zu ez zarenean dena, izan al ninteke ezer? Ez nezakeenean uler sentitzen ari naizena, zer da egin behar dena dena bukatu ondoren? Erdibitzear zegoen mundu batetik bi mundu erditu, eta urrundu, zatitan lehertu baino lehen? II Maiz negarretan leherturik, babes pozoindu bat behar: Besarkatzen dugu elkar elkar ezin ulerturik eta orduan, urturik, biak haragi ta gezur (bata bestearen beldur, noiz ihes egingo digun…) Noiz bihurtu zitzaizkigun besoak galdera ikur? III Ustekabean leihotik lapur isilen antzera negua sartu ote da? Ta sartu bada, zergatik sartu den ere ez dakit. Zure ta nire bihotzak besarkatu ditu hotzak sortzeko bihotzikarak bihurtzeraino izarak txikiegiak biontzat. IV Usoak hegan egin du. Hoztutako izarekin bandera zuriak egin eta zeruan astindu. Baina bihotz maitemindu batentzat bake koldarra beti izaten da txarra. Ez dut nahi bakerik jada zu-etena baldin bada bake posible bakarra. V Jolas makabro honetan nork mugitzen ditu fitxak? Bolbora usaineko hitzak burdinazko ezpainetan; betiko elkarrilketan zauri zaharrak zabaltzea. Inork ez du nahi galtzea, baina ez al da ankerra galdurik dagoen gerra batean borrokatzea? VI Zer egingo dugu orain zauritutako soldadu bat baino ez bagara gu? Zer? Odoldutako lur-gain honetan bala baten zain itxarotea besterik? Ez badugu, sentitzerik gure loturatan aske ta, gure munduaz beste egiteko adorerik. VII Lehengo zeru orlegiak daude itzalez sututa. Zein tximistak itsututa galdu ditugu begiak, sentimenduak, egiak? Zein harreman da gurea, esperantzarik gabea? Gurea bada maitea trumoi bat eta bestea lotzen dituen barea. VIII Trumoi ondorengo trumoi hauetara errenditu rutinak bihurtu ditu aho hau eta ohe ohi hura, ahazteko arrazoi. Nahiz eta iragan eder hura faltan bota laster, onar dezagun azkena ezer ez delako zena dena ez denean ezer Doinua: Dezima Oharra: Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatutako XXIV. Basarri Sariko bertso sorta irabazlea.
Jon Martin2008-09-21 |