Astekaria

 Bero-beroan 

Talaian

Krisi finantzariotik, industrialera?

Ez gara alarmistak izan behar. Baina okerrera egin dezakeen errealitaterik bada. Munduko krisi finantzarioak krisi industrialari eman dakioke bide, eta ekonomiaren moteltzea oraindik gehiago bizkortu. Banketxeek zabor hipotekekin jolas egin dute, estatubatuarrek, eta baita europarrek ere; eta horiek dira egungo egoera ekonomiko finantzarioaren arduradun nagusiak. Egoera horrek urtebete egin berri du, “subprime” zabor hipotekak kreditu historial txarra zuten pertsonei eskaintzen hasi zirenez geroztik. Banketxeek eta pentsio fondoek interes altuekin jolas egin zuten, eta hipoteka horiekin dirutza egin, horien atzean garantiarik ez zegoela “konturatu” ziren arte. Horrek guztiak milaka familiaren eta ehunka erakunde finantzarioen hondamena ekarri zuen. Areago, sistema finantzarioarengan konfiantza galdu da, arrisku gehiegi hartzea egotzi zaio. Banketxe eta aurrezki kutxak, gainera, ez dira elkarren artean fio eta ez die elkarri dirurik uzten. Banketxeen arteko merkatuak ez du funtzionatzen. Orain banketxe eta erakunde finantzarioak enpresa eta norbanakoei kredituen iturria ixten hasi dira. Euskal Herrian ere atzematen hasi da uda baino lehen eta hemendik aurrera gogortu egingo da. Egunak pasa ahala, enpresa ertain eta txikiek gero eta nekezago lortzen dituzte ezinbesteko zaizkien kredituak. Kreditu hori mozten bada, krisi finantzarioak krisi industrialari eman diezaioke bide, ekonomia gehiago motelduz eta hainbat sektoretan lanpostuak galduz. Banketxe eta aurrezki kutxek, oparoaldian enpresa eta familien pentzutan dirua egin dutenek, krisiari aurre egin beharko liekete, baina enpresak ito gabe. Euren irabaziak, azken finean, enpresen menpe baitaude.

Juan Mari Arregi

Juan Mari Arregi


2150. alea
2008-09-14
alde 0    kontra 0


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia