Astekaria

 Liburuak 

Eldarnio alkoholikoa sumendia den munduan

Irudia

Pilar Iparragirre


2150. alea
2008-09-14
alde 0    kontra 0

Malcolm Lowry ::Sumendiaren azpian

Alberdania, Elkar

orrialdeak ::552

prezioa ::21€

Hogeita sei urterekin eman zion hasiera Malcolm Lowryk (1909-1957) bere idazlanetan maisulana izatera iritsi zen Sumendiaren azpian nobelari. Orain Karlos del Omok euskaratu du liburua eta Alberdania eta Elkar argitaletxeen eskutik plazaratu da.

Hamar urte igaro zituen Lowryk liburua osatzen eta berridazten. Alkoholikoa zen, eta alkoholikoa aukeratu zuen hilketa baten gainean eratutako eleberri trinko bezain poetikorako. Izan ere, Sumendiaren azpian 1938ko Defuntuen Egunean, Mexikon, gertatutako hilketari buruzko istorioa da; mundua Lehenengo Gerrarekin astindua izan ondoren –bertan parte hartutakoak dira nobelako protagonista batzuk–, Espainiako Gerra Zibilaren gorabehera makurrei begira ari denean, eta Hitler indar geroz eta handiagoa hartzen ari denean. Britainia Handiak petrolioa dela-eta, hautsiak ditu harreman diplomatikoak Mexikorekin. Alkoholikoa kontsul ingelesa da, dibortziatu behar izanak lur jota utzia. Nobelan kontatzen diren azken hamabi ordutan, emaztea itzuliko zaio, anai iraultzailea alboan izango du, baina berak bere eldarnioan jarraituko du.

«Liburu osoa alkoholez bustiriko pandemonium modukoa da»

Nola azalduko zenuke itzuli berri duzun lana?

Ezin ukatuzkoa da Sumendiaren azpian literatur eta itzulpen ezaugarrien aldetik obra berezi-berezia dela. Maisulana da, estiloa ia liburu osoan esanguratsua delako. Eleberria erritmo motelean hasten da eta horrexek atzera eragiten die hainbat irakurleri. Baina geldotasun horrek giro berezia eta xarma halako bat sortzen dizkio moteltasuna gainditzeko gauza denari. Nolanahi ere, eleberriak deskribaturiko parajeen bisitari guzti-guztiak harri eta zur geratu ohi dira deskribapenen zehaztasuna eta argitasuna direla bitarte.

1938an gertatzen da istorioa, eta garai hartako erreferentzia politiko ugari topa daitezke nobelan.

Lowry Defuntuen Egunean heldu omen zen Mexikora, 1936an, Espainian Gerra Zibila hasita zegoen garaian. Liburuan Defuntuen Egunak, Lehenengo Mundu Gerraren ondorioak, Espainiako Gerra Zibilak eta are Euskadik berak ere halako ehundura trinko eta sinboliko bat eratzen dute.

Alkoholagatik hil zen idazlea. Delirium tremens-aren atzaparretan dago eleberriko protagonista...

Malcolmek berak esanda badakigu Sumendiaren azpian Danteren Jainko Antzertiko Infernu eguneratu halako bat dela. Liburu osoa alkoholez bustiriko pandemonium moduko zer edo zer da. Nola idatz zezakeen bera ere alkoholiko zen idazleak halako eleberri konplexua protagonista alkoholikoaz? Aditu batzuen arabera, nobelaren kontzepzioa, asmoa bera, hain bihurri edo korapilatsua izateak lagundu zuen, hain zuzen ere, idazkuntza gorpuzten.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza