Pobre, etsita, isolatuta... baina harro

  • Abkhazia eta Hego Osetia plazara atera dira berriki baina ez dira, inolaz ere, “gatazka izoztu”en azken ereduak. Afrikako Adarrean, Somaliland izeneko lurraldea dago. Hauxe duzue “existitzen ez den” herrialde honetara egindako bidaiaren kronika.
Somaliland
G.A. Hussein
Mohammedek begirada eroa zeukan. Faktore hori, eta bere hortz berdeak, mesfidatzeko nahikoa arrazoi ziren. Goiz hartan ezagutu genuen elkar Jijigan, Etiopian. Gizonak hiriko gauza erakargarri bakarra erakusteko, eta murtxikatzeko, gonbita egin zidan: kat izeneko landarearen hostoak. Bertan, Somaliako mugan, Mohammedek kata landatu eta handik garraiatzen zuen gero. Diotenez, makina bat dira kataren esklabo Afrikako Adarreko etorkinen artean. Nola errefusatu landareak sortzen duen zorabio gustagarri hori?

Hostoak espero bezain mingotsak dira. Bost orduz murtxikatu eta gero, esmeralda koloreko hortzak genituen; Cheetos pakete batek utzitako laranja hura bezain groteskoa.

Katak meditazioa eta isiltasuna eragiten dio hainbati. Beste batzuei, ordea, neurririk gabe hitz egiteko grina. Nigan, egarria eta ondoeza baino ez. Itzalpean igaro genuen arratsalde osoa. Abendua bazen ere, beroak edan bezain azkar xurgatzen zizkidan likidoak. Nahi baino askoz ere denbora gehiago eman nuen Mohammedekin. Baina berak Somalian sartzen lagun zezakeen immigrazio ofiziala ezagutzen zuen, bai eta espetxea nola saihestu ere, Etiopiara etorkin ilegal gisa bueltatu behar izatekotan.
Somaliak ez dauka benetako gobernurik, bai, ordea, euren burua gobernutzat hartzen duten hainbat talde. Eta gobernu gisa funtzionatu ohi dute askotan. 1990eko Nazio Batuen Erakundearen esku-hartzeak jasandako porrotaren ondoren, anarkia nagusitu zen eskualde osoan. Indarkeriak eta klanen arteko borrokak terroreari bide eman zioten.

Duela urte gutxi izan nintzenean, herrialdeko bi zatik benetako gobernu baten zimenduak zituzten jada. Erdialdeko Puntland-ek Garowen zeukan hiriburua, eta bisitatu nahi nuen iparraldea, “Somalilandeko Errepublika”, nahiko ongi moldatzen ari zen. Ez zen borrokarik egon urtetan eta arduradunek hauteskundeak bideratu zituzten. Aldi berean, bulegoak ireki zituzten atzerrian eta, gezurra badirudi ere, ni bezalako bisitariek bisa bat eskura zezaketen.

Bisa haiek ez ziren legalak baina nik Adis Abeban eskuratu nuen nirea. 30 dolarren truk saldu zidan gizonak inork ez zuela konprobatuko esan zidan. Dena den, Etiopiako irteera-zigilua jasotzeko gomendatu zidan. Arazoak saihestuko nituen horrela, Etiopiara bueltatu behar banu.

Hurrengo egunean zigilua jaso nuen. Oso sentsazio berezia izan nuen ofizialak hain kementsu estanpatzean: jada ez nengoen ofizialki Etiopian, ezta “existitzen ez zen” Somalilanden ere. Mapatik erabat kanpo sentitu nintzen.
Gainera, Somalian, eta Somalilanden gero, ez zegoen nire pasaportea jasoko zuen ofizialik, ezta mugako soldadurik ere. Bazirudien denboran zehar ari nintzela bidaiatzen, mugak iradokizun huts zireneko garaietara...

Somalilanderako bidean

Mohammedi agur esan eta Hartichekerako kamioi batera igo nintzen segidan, Etiopia eta Somaliaren arteko mugako kontrol posturantz. Autobus geltoki bat baino ez nuen ikusi Harticheken, basamortuaren erdian. Handik Hargeisarako txangoa eskaini zidaten beste auto batean. 80 kilometrora zegoen, gobernurik literalki existitzen ez den lurraldean, hain zuzen.
Nire bidaideak negozio-gizonak ziren. Toga zuri batez jantzitako batek italieraz zekien.

“Somaliland ez da herrialde bat oraindik baina bere gogoa eta kemena oso handiak dira. Inork ez gaitu geldiaraziko”, azaldu zidan. Egiptotik pasa berri nintzela aipatu nionean, Somaliako zati guztiak elkartzen saiatu izana leporatu zien arabiar guztiei.

“Banatzeko borrokatu dugu eta arabiarrek elkartu egin nahi gaituzte berriz. Ez da inoiz gertatuko”. Autoaren sabaiari kolpe bat eman zion orduan, eskuan zeukan makilaz. Handik gutxira Maweel hotelean nengoen; bi dolar eguneko, eta haizagailua zuen gela batean.

Ramadan garaia zenez, egunsentia baino pixka bat lehenago jaiki nintzen bi laranja eta beste hainbeste litro ur irensteko. Ez nuen nahi jendearen aurrean jan edo edan behar izatea.

Zorionez, Hargeisa mendi txikien mendikate batean dago eta askoz ere jasangarriagoa da beroa Etiopiako lautadetan baino. Indiar batzuen dendan bertako txanpona eskuratu nuen: dolar bakoitzeko 5.000 Somalilandeko txelin eman zizkidaten. Billete handiena 500ekoa zen, beraz, nekez ezkuta nezakeen diru mordoa nire poltsikoetan eta txanoaren azpian. Lapurren biktima erraza izango nintzela pentsatu nuen hasieran. Baina beste batzuk dirua gurdi txikietan garraiatzen ikustean ez nintzen hain aberats sentitu.

Hoteleko arduradunak “gobernu”ko egoitzetatik pasatzeko gomendatu zidan, iritsi nintzela azaltzeko. Solairu bakarreko eraikin hartan hiru aulki eta mahai bakar bat besterik ez zegoen. Ingelesez zekien langile hark egun erdiz egiten zuen lan gobernurako, eta beste erdiz Somaliland Irratirako. Dolar batzuen truke, sarrera-zigilua nire pasaportean jarriko zuela esan zidan. “Gelid” omen da “sarrera” hitza bertako hizkuntzaz. Nire pasaportean ikustean, herrialde hura definitzeko hitzik okerrena zela pentsatu nuen –“gelid”ek “oso hotza” esan nahi du ingelesez–. Nire poltsikoetatik txelin mordo bat “deskargatu” ostean, hiria bisitatzeko prest nengoen.

Egia esan, ezin daiteke esan Hargeisa “benetako” hiria denik. Goizetan azokan mugimendu pixka bat bazegoen ere, Ramadaneko goseak eta egarriak eten egiten zuten arratsero. Erdigunean Hargeisako monumentu nagusia topatu nuen: porlanezko zutoin batean paratutako gerra-hegazkin bat, 1980ko gerra zibilaren oroigarri. Orduantxe hasi zen Somaliland bere independentziaren alde borrokatzen. Hamar milaka lagun hil ziren Somaliako diktadore Siad Barrek agindutako bonbardaketetan. Hegazkina kolokan zegoen, edozein momentuan oinezko baten gainean eroriko zela ematen zuen.

Hegaldien ordutegiak begiratu nahi nituen, beraz, aireporturako autobusa hartu nuen gero. Eguneko azken hegazkina aireratu eta gero tokiak erabat abandonatua zirudien, haizeak soilik hausten zuen isiltasunaren menpe.

Paretan zegoen plaka bat erakutsi zidaten bertako zaindari lotiek. Antza, instalakuntza 1954an inauguratu zuen Gloucesterreko Dukeak berak. Somalilandeko kaosaren erdian, urrutiko irudia eta erabat absurdoa iruditu zitzaidan hura. Alboan, Somali Telecomeko iragarki bat zegoen: konkorrean antena parabolikoa daraman gamelua.

Hirian bueltaka, muezinak ilunabarreko otoitzerako dei egin zuen, denek espero zuten afaltzeko “txirrina”. Ni ere zain nengoen eta jatetxe bat aurkitu nuen azkenean. Jabeek Al Jazeeraren seinale “elurtua” jarraitzen zuten bitartean, ahuntz erregosia eta espageti platerkada bat jan nituen. Londresen bizi zen somaliar bat barrez lehertu zen turista nintzela jakitean. “Zertarako etorri Somalilandera?”, galdetu zidan.

Herrialde berri baten jaiotzaren lekuko izan nahi nuela erantzun nion. Ados.

Euskaldun bat kaosaren erdian

Hotelera bueltatzean 40 urteko euskaldun batekin egin nuen topo, alkandora zuri eta zikin batez jantzita. Ahal zuela, Jean-Marc Seinek urtebetez hartzen zuen jai Afrikatik bidaiatzeko. Eguzkiak eta errepideetako hautsak urteetan zaharkitutako gizona zen. Aurpegia errepidearen txintxorrek tatuatuta zeukan. Zerbaiten bila urteak eman dituen norbaiten begirada zuen, ehiztari edo barkuko kapitainen antzera. Baina Bidarten zein lanbide zuen galdetu nionean, “sistema analista” erantzun zidan.

Jean-Marcek eta biok beste egun bat eman genuen Hargeisan. Gero Berberarantz (Somalilandeko portu nagusia) abiatu ginen. Bidaian zehar, hamaika te katilu lagun, Somalilandera joateko arrazoiak azaldu genizkion elkarri. Nirea, Burton britainiar bidaiari eta abenturazalea; berea, Arthur Rimbaud –arma eta kafe trafikantea izandakoa Etiopia eta Adenen–.

Baina ez zen hori Jean-Marcen motibazio bakarra: bere lurraldearen beharra zuen, Euskal Herriarena, hain zuzen. Somalilandarrek euren estatua eraikitzeko ekimena inspirazio iturri zen berarentzat. Bere begien bidez saiatu nintzen bertakoak ulertzen. Zerk laguntzen zion hango jende hari gerra eta miseria jasaten? Erdi mailako independentzia hark?

Berberan hoteleko gela bera hartu genuen, itsas aurrean. Alboan, Otomandar garaiko auzo bat, inperio haren bi mendetako nagusitasunaren lekuko.

Eid al Fitr zen, Ramadanaren azken eguna, eta hiri osoa urteko afaririk oparoena prestatzen ari zen. Bero egiten zuen, eta itsasoaren gertutasunak sargoriaren sentsazioa biderkatu baino ez zuen egiten.

Herdoildutako zamaontziak ziren giza arrasto bakarra, ez baitzegoen inor kalean. Hankak uretan sartzean, inoiz ikusitako hondartzarik ederrenetakoan nengoela konturatu nintzen. Baina, aldi berean, limonada baten truk hiltzeko gai nintzela jabetu nintzen.

Erdigunean bueltan, somalilandar batek –musulmanen abegitasun tipikoaz– bere etxean afaltzeko gonbita egin zidan. Jean-Marc eraman nuen nirekin, eta somalilandarrak berriz, bere seme gazteena. Pastaz eta arrainaz osaturiko otorduaz ase ondoren, mutikoak ikusten zituen “lehen zuriak” ginela esan zigun.

Jean-Marcek bertako gobernuari buruz galdetu zion gizonari. Somalilandeko estatusak harritzen zuen euskalduna, batez ere herrialde berri hark oso bizilagun erasokorrak zituelako. Hegoaldeko klanak elkartzekotan, iparraldea berreskuratzen saiatuko zirela zen komentario zabalduena. Baina gizonak bere herrian seguru zeudela baieztatu zuen, beldur oro honela uxatuz. Gainera, nazioartearen onespena ez omen zen ezinbestekoa.

“Begiratu zure inguruan”, esan zigun espageti sorta bat poliki eskuratzean. “Behar dugun guztia daukagu. Berriro bueltatzen badira (hegoaldeko klanak), berriz ere garaituko ditugu”.

Azalpen hark ez zuen Jean-Marc erabat lasaitu. Agian, frantziar armada Bidart bonbardatzen imajinatzen zuen nire lagunak, Siad Barreren hegazkinek Hargeisan egin antzera. Somaliland biolentziari esker existitzen da eta biolentzia gehiagoren mehatxuak mantentzen du bizirik. Horixe da independentziaren ordaina.

Somaliarekin batzeko makina bat proposamen errefusatu ditu Somalilandek azken urteotan. Bestalde, hegoaldeko klanen arteko borrokak, bortitzak eta etengabeak izan dira. Islamistak boteretsu bilakatu ziren Mogadishun, Somaliako hiriburuan, eta sasoi batez gobernu itxurako zerbait eratzea lortu zuten. Baina Al Qaedaren lagunak ziren baita ere eta bere kide batzuek makina bat moja akabatu dituzte euren aisialdian. Etiopiarrek hegoaldea inbaditu eta gobernu islamista kanporatu zuten horrela. Iparraldean, aldiz, Somalilandek bereari eutsi dio: pobre, etsita, isolatuta… baina harro.

Tamalez, Jean-Marcen historia ez zen ongi amaitu. Ez genuen berriro topo egin, eta ez genuen inoiz gehiago elkarrekin hitz egin. Baina jakin badakit Afrikara bidaiatzen jarraitu zuela. Bere herria hainbeste maite zuen pertsona batentzat nahiko joera bitxia iruditu zait beti. Agian huraxe zen aukerarik logikoena bere herrialdea bitan zatiturik ezagutu duen norbaitentzat.

Bidarteko egunkari bati eskutitz bat bidali nion nire lagunaz galdezka. Samin handiz, editoreak zera erantzun zidan, Jean Marc malariak eraman zuela 2006an Burkina Fasson, Bobo Dioulasson izeneko herrixka batean.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Somaliland
Eguneraketa berriak daude