I DFtik hasi eta Guanajuatoraino buelta. Hondartzan egun batzuk eginda tarteka-tarteka gora-goraino beteta ekarri arren maleta argazki batzuk ekarri ditut barruan gordeta. II Erdian Teotihuacan beherago Monte Alban Palenquen gora Chichen Itzara bidean Ek Balam. Mayen bideetan hegan altxor handiak daude han. Harriek berba egiten dute ta gainera zelan! III Karibearen zaindari Tulum itsasora adi: ur turkesei begira poza emanez bistari. “Kamarero, zerbeza bi!” barrua pozik, kantari: “Gaurko aukera zinez eskertzen diot bizitzari”. IV Chiapas eta Oaxaca malkoak, gerra, zarata. Askok ez dauka eskolarako diru ez zapata. Nahiz ta zorroztu ezpata, nahiz kalean eman lata Mexikon ere gutxik jateko zatitzen da tarta. V Hernan Cortesen konkista ez zela izan polita, leku askotan usaindu leike arreta jarrita baina euskaldunen lista errepasatzen hasita sentitu nintzen txiki, lotsati eta hipokrita. VI Ikusi ditudan gauzak –berdin zuriak zein baltzak– garrantzitsuak izango ziren guztiak niretzat. Behintzat susmo hori daukat hala sentitzen dut behintzat: Nonbait gordeta badaukadala Mexiko txiki bat. Doinua: “Haizak hi mutil mainontzi”.
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa