Astekaria

 Diskoak 

Ikasturte osorako kantu bero eta mestizoak

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2150. alea
2008-09-14
alde 0    kontra 0

Esne Beltza ::Made in Euskal Herria

Gaztelupeko Hotsak

iraupena ::53´41´´

prezioa ::15.95€

Arraroa da Xabier Solanok denbora luzean proiekturik ez abiaraztea, eta salbuespenik egon ez dadin hemen dator berriro. Fermin Muguruzarekin egindako azken biraren aurretik sortu zen ideia eta biraren erdian hasi ziren kantuak eta ideiak sortzen. Etzakit, The Solanos eta beste hainbat talderen sortzaileak melodia eta lelo itsaskorrei eutsi die, baina mila batailatan ibilitako musikari eskarmentudunekin –Joxe Ripiau, Baldin Bada, Ttak, Mal de Ojo…– doinu beroetan murgildu da erabat: raggamuffina, ska, soula, folka, musika arabiarra, rocka, popa eta beste. Euskara, gaztelania, italiera, japoniera eta beste erabili dituzte Jon Garmendia Txuria-k, Maialen Lujanbiok eta Jon Maiak idatzitako testu eder eta metaforikoak plazaratzeko. Beroak bai, baina udarako kantuak baino gehiago dira hauek, aizu!

«Doinu beroak apur bat galduta daude Euskal Herrian»

“Bizitzak ez du askatasunik ematen, baina askatasunak bizitza ematen du”.

Bizitza lerro batetik doa, baina benetan bizi ahal izateko, askatasun gehiago behar dugu, lerro horretatik tarteka ateratzea.

Gogoratzen. Nostalgia ona da ala hobe da iragana alde batera uztea?

Iragana museo bat bezalakoa da. Ona da gogoratzea eta museo hori bisitatzea, baina ez bertan bizitzea.

Diskoari Made in Euskal Herria jarri diozue, baina munduko kolore asko ditu…

Egia da. Hala ere, oinarria euskaldunek egindakoa da, nahiz eta hizkuntza eta kolore asko dituen. Are gehiago, logoa kataluniar batek egin zigun eta hark proposatu zigun izen hau.

Zer aurkitzen duzu Txuria-ren hitzetan?

Batzuetan nik ematen dizkiot gaiak edo ideiak, beste batzuetan berak asmatzen ditu. Asko gustatzen zaizkit bere idatziak. Hitz horiei bide eta zentzu asko har dakizkioke eta hori oso ona da. Nahiz eta zenbaitetan hitz zuzenak ere ondo dauden.

Raggamuffina, ska, soula… dira nagusi lan honetan. Zure proiektu gehienetan doinu beroen alde egin duzu. Zer ematen dizute?

Gehien mugiarazten nauen musika da, eta nire ustez Euskal Herrian apur bat galduta dago.

Sartzen zaizkizu “boltsikoan bete ez dituzun desioak”?

Inoiz gertatu zait norbait galdu eta berari emateko neukana ez eman izana. Orduan gogoratzen duzu zenbat daukazun berari emateko.

Zein da Esne Beltza izenaren jatorria?

Fermin Muguruzak proposatu zigun biran geundela. Kontraste hori: txuriak musika beltza egiten. Gainera, diskoaren bukaeran abesti tradizional bat sartu dugu etxez etxe banatzen zen esne beltz edo deklaratu gabeko horren gainean.

“Amesten dudana da nirea”, “zapaltzen dugun lurra gara”. Amets egin daiteke hankak lurrean izanda?

Nahiz eta gure herria asko maite zapaldu ere egiten dugu. Are gehiago, askotan gutxietsi egiten dugu daukaguna eta urrunekoa miretsi.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza