Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-09-14 -- 2150.zenb

Nagore Irazustabarrena

Pisako dorrea

Pisa (italia), 1173ko abuztuaren 9a. Hiriarentzat arrakasta militar eta oparotasun ekonomikoko urteak ziren haiek, eta katedralaren kanpandorre independentea eraikitzen hasi ziren. Bost urte geroago, ordea, hirugarren solairua amaituta, dorrea iparraldera okertzen hasi zen, zoru ezegonkor hartan hiru metroko sakonerako zimenduak ez zirelako nahikoak. Pisaren eta aldameneko estatu-hirien arteko gerrek kanpandorrea eraikitzeko lanak eten zituzten ehun urtez. Mesede handia egin zion horrek dorreari, asentatzeko denbora izan baitzuen; lanak jarraituz gero, amildu egingo zen.

1272an, Giovanni di Simone arkitektoak berriro heldu zien lanei, eta lau solairu berriak angelu apur batekin eraiki zituen, inklinazioa berdindu nahian. Baina 1284an genoarrek Meloriako gatazka irabazi zutenean, lanak berriro gelditu zituzten.

Azken txanpari 1373an ekin zioten. Tommasso di Andre Pisanoren agindupean paratu zituzten goiko solairua eta kanpaiak. Baina amaitu bezain pronto, dorrea berriro okertzen hasi zen, orduko hartan hegoaldera.

Orduz geroztik, dorrea zuzentzeko ahaleginak alferrikakoak izan ziren eta kontrako helburua lortu zuten. 1838an Alessandro Della Gherardesca arkitektoak dorrearen inguruan bide bat industu zuen, zimenduak bistan utziz; ingurua urak hartu zuen eta oinarriak oraindik eta ahulago geratu ziren. 1934an Benito Mussolinik dorrea bertikal ipintzeko zementua bota arazi zuen oinarrian. Baina filtrazioak saihestu ordez, mugitutako lurra bigundu zuten eta dorrea are gehiago okertu zen.

Gutxi falta zuen dorreak amiltzeko eta II. Mundu Gerran estatubatuarrek azken bultzadatxoa eman nahi izan zioten. Inguruko dorre guztiak suntsitzeko agindua zuten, frankotiratzaileak saihesteko. Baina dorre okerraren txanda iritsi baino lehen, ezusteko erretretak gutxigatik salbatu zuen.

Dorrea amiltzeko arriskua ezabatzeko azken ahalegina 60ko hamarkadan hasi zen. 1964ko otsailaren 27an Italiako gobernuak arazoa konpontzeko laguntza eskatu zuen. Ingeniari, matematikari eta historialari talde bat Azoreetan bildu zen proiektua eztabaidatu eta martxan jartzeko. Helburua zehatza zen: dorrea gehiago okertzea saihestu behar zuten, baina guztiz zuzendu gabe, dorrearen inklinazioa baitzen turistak gehien erakartzen zituen elementua.

Emaitzak, ordea, mantso iritsi ziren. Dorreak okertzen jarraitu zuen eta 1990ean publikoari ixtea beste erremediorik ez zuten izan. 1993an marka guztiak hautsi ziren: oinarriaren eta goiko erlaitzaren artean 4,47 metroko aldea zegoen. Baina azkenean, zorutik 70 tona lur kendu ondoren, pixkanaka zuzentzen hasi zen. 2001ean zabaldu zituen berriro ateak eta berriki mugitzeari utzi dio; 3,99 metrotan egonkortu da, 1700. urtean zuen inklinazio berberean. Horrenbestez, Pisako dorrea ez da gehiago okertuko... datozen 300 urteetan behintzat.

Nagore Irazustabarrena

Julio Zesar

Julio Zesar erromatar enperadorearen busto bat aurkitu zuten Arlesen (Frantzia) 2007ko udazkeneko kanpainan, eta berriki aurkeztu dute lehenengoz. Marmolezko obra orain arte topatutako jeneralaren irudirik zaharrena da, adituen esanetan, eta errealismo handiz islatzen ditu Zesarren hazpegiak. Hortaz, historiako pertsonaiarik garrantzitsuenetako batek izan zuen benetako itxuratik inoiz baino gertuago gaude, aurkikuntzari esker.

Pieza hori Rodano ibaiko uren azpian aurkitu dute, Arles hirian. Gune hori urpeko ikerketa egiten duten arkeologoentzat erromatar garaiko arrastoen iturri oparo bihurtu da azken aldian. Esaterako, kanpaina horretan bertan, 1,80 metro inguru neurtzen duen Neptunoren marmolezko estatua ere topatu zuten.

 

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan