Astekaria

 Ezpalak 

Abarrak

Hiria irudi bihurtzen denean

Getxophoto. Irailaren 11tik urriaren 12ra. Betidanik, Uribe Kostako UK hamaboskaria egiten dutenek harro aldarrikatu dute aldizkariak, bere apalean, irudiari ematen dion garrantzia. Sentiberatasun horrek eraman zituen bertako zenbait kide Begihandi elkartea sortzera, helburu bakarrekin –ez makalarekin– oraingoz: Getxophoto antolatzea. Erakusketa hitza erabiltzeko tentazioa nekez uxatu dugu, aurten bigarren edizioa duen ekimen hau definitzeko orduan. Tira, balio beza terminoak, baina erne: erakusketa izanda ere –ezin uka daiteke–, ohiko euskarrietatik ihes egitea du xede nagusietakoa Getxophotok. Proposamenak artistiko bezain komunikatibo izan nahi du, hori ondo azpimarratu nahi dute antolatzaileek. Bestela esanda, betiko museo eta galerietatik atera nahi dute argazkigintza, nazioarteko argazkigintza ona. “Espazio publikoa erabiltzea dugu gustukoen”, diote. Kalea gurea da, berbakera ezkertiarra nahiago baduzue. Erabiltzea ez ezik, janztea, betetzea, gupida gabe okupatzea, gaineratu liteke. Kaletar xehea begi handiz ibiltzera behartu nahi dute Begihandikoek, oinezkoa ezustean harrapatu, asko eta ondo iragarritako ezustea izanagatik; iaz behintzat lortu egin zuten helburua. Edozein ekimen arrakastatsu errepikatzeak berezko dituen arriskuen jakitun, egonkortasuna bilatzea dagokie aurten. Iraultzak beste baterako gorde dituzte, Getxoko eraikin esanguratsuenetako batzuen hormak argazki erraldoiz estaltzea nahikoa iraultza ez bada. Hau idazteko unean ikusteke dauzkagu bigarren Getxophoto honek ekarriko dituen proposamenak, alboko irudian ageri dena bezalako salbuespenak salbuespen. Iazko edizioaren oroitzapena eta aurtengo argazkilarien izenak aski ditugu, hala ere, datorren hilabetean Getxori bisitatxoa egitea gomendatzeko. Ez ezer bilatu, argazkiek bilatuko zaituzte zu. Eta badaezpada, eraman kamera aldean. Begi handientzakoa ez ezik, atzamar azkarrentzako gunea ere izan nahi du-eta Getxophotok. Kultura parte hartzailea esaten omen zaio horri.

Unai Brea

Unai Brea


2150. alea
2008-09-14
alde 0    kontra 0
Getxophoto
(Iñigo Azkona)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia