“Etxebizitza eskubidearena ikusi dudan aldarrikapen burgesena da”

Pako Aristi
Dani Blanco
Oso jende gutxirekin haserretu omen da bera. Besteak ei dira berarekin haserretzen direnak. Zergatik ote?

Zergatik bizi zara kritikatzen duzun herri prototipoan?


Herriko putakume handienak mezetara joaten ikusteak pentsamendua garatzen asko laguntzen didalako.

Ateoa eta elizako organista. Zuri harpa jotzea gustatzen zaizu!


Igandero mezetara joatea da ateo bihurtzeko modurik onena. Aspertu egiten naiz. Pentsa, hutsuneak egunkaria irakurtzen pasatzen ditut.

Aspertzeko ez dago mezetara joan beharrik, nahikoa da telebista piztea.


Telebista hamar ordu lanean sartu dituen gizarajoak bere bizitza jasangaitz hori anestesiatzeko behar duen tresna da. Telebistan agertzen ez dena ez dela existitzen iruditzen zaigu, baina justu kontrakoa da, telebistan agertzen dena da irreala.

Orain ere zure burua zuritzen! Ez esan telebistan agertzen zen Pako Aristi irreala zenik!


Telebistak 25 urteko lana urtebetean estali dezake. Nik tarteka telebistan agertzen den idazle bat izan nahi dut, ez tarteka liburu bat ateratzen duen telebistako tertuliano bat.


Tertulianoekin ez naiz fidatzen. Idazleekin fidatu ninteke?


Ez, jende arraro samarra da, nahiko asoziala, fantasia batean bizi dena. Gehienak, ni neu barne, oso banidosoak dira. Tira, ni behintzat banidadea kentzen ari naiz nire bizitzatik. Garbiketa emozionala behar nuen.


“Kaixo, Pako naiz eta banidosoa naiz”…


Asko nekiela, ia-ia jenioa nintzela, sinetsi nuen. Ez zitzaizkidan besteen iritziak interesatzen, nire pentsamendua baino hoberik ez zegoela uste nuen. Dena nekielakoan, urte asko pasa ditut ezer ikasi gabe.

Segi besteoi leporatzen dizkiguzunak zeure buruari egozten!


Iraultzaile ezkertiarra naiz baina nire bizitza gozoa da. Terrazan kafea hartuz aldatu nahi dut mundua eta nekez egoten naiz deseroso.


Ez esan terrazan kafea hartzetik bizi zarela!


Egindakoa kobratzea gustatzen zait, ez dirua irabaztea. Funtzionamendu karibetarra daramat, alegia, kobratutakoa gastatu arte ez naizela lanera itzultzen. Askoz arazo ekonomiko larriagoak dauzkate, ordea, dena diruaren inguruan antolatuta daukatenek.


Euriborra dagoen bezala egonda, zer nahi duzu ba?


Etxebizitza eskubidearena ikusi dudan aldarrikapen burgesena da. Orain arte, jendeak ez du sekula pisu bat erosteko dirurik eduki, edo oso berandu erosi du. Gazteek soldatak bizitza mailaren neurrira igotzea eska dezatela, baina etxebizitza eskubidea? Mesedez!

ASTEKARIA
2008ko irailaren 07a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude