Astekaria

 Liburuak 

Txomin Peillenen azken ipuin sorta heterodoxoa

Irudia

Pilar Iparragirre


2149. alea
2008-09-07
alde 0    kontra 0

Txomin Peillen ::Jende ederrak lanean

Utriusque Vasconiae

orrialdeak ::110

prezioa ::14€

Bere emazte maite irudigilea den Marie Thérèse Olivieri eskaini dizkio Txomin Peillenek Utriusque Vasconiae argitaletxearen bidez kaleratu duen Jende ederrak lanean (Whos’s Who?) liburuan agertzen diren hogei narrazio maltzur bezain ironikoak. Idazle zaildu honek ohikoa duenez, konformismoa du hauetan ere etsaia, eta istorioetan agertzen dituen pertsonaiak, gizon ala emakumeak izan; helduak, edadetuak zein gaztetxoak badute, dudarik gabe, gutako edonoren tankerara, bere alde ona, nor beraren buruari edozertarako aitzakiak aurkitzeko orduan batik bat, baina baita bere alde makurra ere, eta ez txikia. Gizateriaren esparru oso zabalari egiten dio leku Txomin Peillenek narraziotan: ministro izan aurretik bere alprojakeriak eginak dituen gizona bezala, hamalau urterekin egin zuen lapurreta txikiaren erruz epaile lizun baten apetara makurtu behar duen neska umezurtza; telematikazko sendagilea eta senar hartzen duen oro beste mundura bidaltzeko afizioa duen forentsea; epaiketetan lo hartzen duen abokatua eta polizia izatea erruz gustatzen zaiona; Europara etorritako teologo musulmana eta Euskal Herriko erretorea; baita ateo militanteak ere.

«Zoritxarrez edo zorionez ezagutu ditudanak agertzen dira liburuan»

Nolatan sortu zitzaizkizun Jende ederrak lanean liburuko ipuinen pertsonaiak?

Nor den nor? Inor ez eta asmoz edo ekintzez denak hor. Duela hamabost urte jende ospetsu eder eta ohargarrien curriculumetan aurkitzen ez diren sekretuak argitzeko asmoa gogoan sartu zitzaidan. Han hor agertu edo agortu diren aldizkarietan De viris et mulieris inillustribus bat egiteko lehen urratsa.

Asmatuak ala errealitatetik jasoak dira?

Zoritxarrez edo zorionez ezagutu ditudan jende batzuk agertzen dira liburuan; beste asko, berriz, nire asmakizunak, ametsen eta errealitatearen artekoak dira. Sinesgaitz ez dena ere gerta bailiteke, sinesgogorrenak gertatuak dira. Nolanahi ere, irakurleak ez du aurkituko psikologiazko edo moralezko itxurarik ipuinotan, non ez duen ikusten nola bizi diren guri irakasbide ematen dabiltzanak: ez dutela predikatzen dutena gauzatzen, ez eta gauzatu nahi. Mozorroa kendu eta tximinoa biluzik.

Maltzurkeria erabiltzen iaioak izan arren porrotak ere jasaten dituzte zureek. Eta alde askotako jendea da.

Bai. Bi ipuinetan ustez eta hobekienik ezagutzen dudan norbait agertzen da, nire burua. Baina bestelakoan, sarri, notinak ez dira euskaldunak, ez eta, beti, euskal herritarrak, nire biziaren erdia baino gehiago gure herritik kanpo eraman behar izan dudalako. Erbestean ikusi dut nola zakurrak ortutsik dabiltzan han ere, eta baita gehienetan handikien bizitza txikikeriaz betea nola den ere, euren ospea hutsean, hondarrean, harean eraikia dutela. Dena den, ipuinok, kilimon batzuen kontakizunarekin, irria sortzeko ustez idatziak ditut.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza