Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-09-07 -- 2149.zenb

Bego Vicario (Zinema aditua)

Bego Vicario

Ez dakit zergatik ez duten gurekin, emakumezkoekin, haien sekretua partitu nahi, lastima. Laster argitaratuko da Fatima Arranz soziologoaren lana. Bertan Espainiako Estatuko zineman gizonezkoek eta emakumezkoek dituzten paperak ikertu ditu bai kamera aurrean zein atzean. Beste ondorio gordinen artean, 2000 eta 2006 urteen artean emakumeek zuzendutako filmak %7,3a izan da soilik. Beste era batean esanda, gizonezkoek %92,7a zuzendu dute.

Arranzen lanari begiratu bat eman eta aktore lanetan ere gizonezkoak izan dira gehienak urte guzti horietan. Pentsatzekoa da hala ere, urteen buruan hobekuntzaren bat sumatu beharko dela, ezta? Bada, ez, zazpi urte horien datuekin egindako eskemei erreparatu eta datu aldaketa izpirik bat ere ez, denbora aurrera egin ahala. Orduan, aurten estreinatutako filmen artean zenbat emakumezko diren bilatu, eta 46tik bakarrik 6 dira talde honetan sartu litezkeenak. Nire iritziz gizonezkoek egiten duten filmen kopurua handiegia da. Beste arrazoien artean, bertan islatzen diren andreak ez baitira, orokorrean, gu garen bezalakoak, ez baitute erabaki garrantzitsurik hartzen eta ez dutelako gatazkak ebazteko gaitasunik erakusten, nerabe eternalak balira bezala.

Esan diezaguten behingoz gizonek duten sekretua etxetik kanpoko lanak eta barrukoak aldi berean aurrera eramateko. Nola liteke hainbeste estres sortzen duten bileretatik etxeratzea eta lotarako ordura arte egin beharrekoak betetzea? Oso zaila da haurrek eskolan duten ordutegia lanekoarekin parekatzea, baina lortu ere lortzen dute, eta gainera dendatik pasatzen dira jatekoak erostera, gosez ez baita inoiz zinema zuzendaririk hil, nik dakidala behintzat. Oso gogorra egin behar zaie jaietara joan diren seme-alaba adoleszenteen bila joatea ordu txikitan eta gero goizetik altxatu beharra filmatzera joateko. Beste batzuen kasuan bakarrik bizitzen aukeratu behar izan dutela pentsatzen dut, eta arteari bizitza osoa eskaini. Gizon jakintsu handinahi askok esan duenaren arabera, emakumezkoek ez dugu zertan sormenaren ziztada sentitu, haurrak izatearekin soilik betetzen eta asetzen baitugu grina hori. Beraz, alderantziz pentsatuta, gizon gaixoak dira erditzearen suzedaneoa besterik ez den sormenaz arduratu behar direnak, garrak eta txinpartak bertan jarriko baitituzte.

Beti galdetzen digute ea emakumezkoen zinema baden. Erantzuna gero eta garbiago da: ezin izan. Ale nahikorik ez bada, nola izan talderik? Gauza bakarra da seguru, gizonen zinema bai, bada.

Dabid Anaut (Euskara teknikaria)

David Anaut

Uztailaren 31ko Berria egunkarian Andu Lertxundik honako pasartea ekarri zigun, Senekak Luziliori idatzitako gutunak berrirakurtzen ari zela aurkitutako azpimarra batetik berreskuratuta: “Dena komunikatu nahi dizut. Horixe dut, hain zuzen ere, gogoko: zerbait ikasi orduko, nik bildutako oparia zuri eskaini ahal izatea. Doktrina batek, litekeen goratsuena eta osasungarriena izanda ere, ez ninduke sekula beteko, baldin nik bakarrik ezagutuko banu. Jakituria baldintza batekin eskainiko balitzait, dakidantxoa ez zabaltzeko eta ezkutuan gordetzeko baldintzarekin alegia, uko egingo nioke delako jakituria horri: konpainiarik gabe, ondasun baten jabetza ez da sekula atsegina”.

Ideia horrekin oso lotua ikusten dut nire oso gustuko den esaera zahar bat, idatzi honen izenburuan ageri dena: Jakin nahi, konta nahi. Rosa Sestorainek bildu zuen Leitzan, eta 1990eko Plazaola aldizkarian argitaratu. Ondoren, Mikel Olanok jaso zuen Leitzako hizkeraren inguruan osatutako liburuan.

Gustukoa dudala esan dut, iruditzen baitzait egia handia dela. Esaera zaharra ezagutu baino lehen, makina bat aldiz galdetu izan diot neure buruari zerk bultzatzen gaituen honako hau edo harako hura ikastera edo jakitera. Badira, jakina, eguneroko gure bizimodua aurrera aterako badugu ezinbestean jakin eta ikasi beharko ditugun kontuak. Baina badira, izan ere, nekez atarramentu praktikorik emanen diguten jakintza eta ikasketa ugari, eskuratzeak berak izerdia edo nekea besterik ekarriko ez digutenak askotan. Eta horiek ere jakin nahi izaten ditugu sarritan, hala ere.

Gizakiaren betiereko kuriositate eta jakin-min sonatu hori ote da? Zer da jakitearen jakiteaz gizentzen dena? Gure nortasuna? Gure adimena? Gure egoa? Jakin nahi hori bere horretan, huts-hutsean, ulertu al daiteke?

Bada, uste dut esaera zaharraren bigarren zati horrek erantzunaren zati bat bederen ematen digula. Jakin nahi izaten dugu, ondoren kontatu ahal izateko. Ez da egoera bakarra, dudarik ez dena, askotan kontatu gabeko sekretuaren edo jakintzaren jabe izateak eta ez konpartitzeak ere emanen digulako akaso nolabaiteko poza edo botere sentsazioa. Baina sinetsita nago askotan jakin-minaren eta jakin nahiaren sortzailea, gehienbat, kontatu ahal izate hori dela. Informazioak edo jakintza hutsak, maiz, erre egiten digu. Hurkoari kontatzerakoan ematen diogu zentzua hau edo hura ikasteko eta jakiteko ahaleginari, baita kontatu behar ez geniokeela dakigunean ere agian.

Eta orain, horiek esanda, neure buruari egiten diodan galdera: zertarako ari naiz ni hau dena kontatzen?

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan