Astekaria

 Liburuak 

Luis Maria Jimenez de Aberasturiren oroimenak

Irudia

Pilar Iparragirre


2148. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
Memorias

Iñaki Martinez Aldanondo ::Memorias

Txertoa

Orrialde kopurua ::334

prezioa ::15 €

Iñaki Martinez Aldanondok osatu du Memorias de un editor de provincias. Testimonio de un cambio liburua. Txertoa argitaletxearen sortzaile eta hainbat urtez Gipuzkoako Liburu-saltzaileen Elkarteko lehendakari izandako Luis Maria Jimenez de Aberasturiren hitzetatik jaso ditu haren bizitzako nondik norakoak. Ama Berakoa eta aita Arabako Biloda herrikoa zituen. Arrazoi ezberdinengatik, Donostiara bizitzera joatea egokitu zitzaien biei. Aita apaiztegi batean hezitako gizona izaki, seminarioa utzita ere sinesmen hori sutsuki mantendu zuen, baita Donostian ospetsu bilakatuko zen Easo liburudenda ireki eta gero ere. Bost seme-alaben guraso izanik, Luis Maria hautatu zuen bere bidea jarraitzeko. Eta honi, aitaren erabakia onartu beste biderik gelditu ez zitzaion arren, bere benetako asmoen alde borrokatzea egokitu zitzaion. Liburuan, Txertoa argitaletxea martxan jartzeko izan zituen buruhausteak, Francoren garaiko eta Trantsizioko zentsura arazoak, eta orduan eta geroago liburu-saltzaile zein argitaratzaile gisa egindako ezagupenen berri ematen du. Adibidez, Julio Caro Baroja eta Mark Legassekin edukitako adiskidetasuna, edota Jorge Oteizarekin izandako istiluak.

"Beti gustatu izan zait Luisen istorioak eta kontuak entzutea"

Zerk bultza zintuen liburu hau idaztera?

Hainbat urte badira Luis ezagutzen dudala. Eta egia esan behar badut, beti gustatu izan zait bere istorioak eta kontuak entzutea. Kontu kontari ari direnean bereganatzen zaituzten hizlari arin eta bizkorrak ekartzen dizkit gogora. Entzulearen gogoa bahitzeko gai direnak, beste garai batzuetara, bertako kulturaren berri emateko elezaharrak eta pasadizoak erabiltzen dituzten lekutara eramanaz. Beharbada lilura horretatik sortu zitzaidan gure aurrekoen eskarmentutik ikasi eta haien lekukotza sakon ezagutzeko beharra.

Eta zein da Memorias de un editor de provincias-en ekarpen nagusia?

Entzute aitortua duen euskal argitaratzailea, idazlea eta historialaria da Luis. Liburuan zabal garatu duen lekukotasuna, gure oraintsuko historiaren isla zehatza da. Lan honetan, bere ikuspegiaren bidez Euskadiko kultur idatzia ezagutzera eman nahi nuen, irakurleak “desagertzeko zorian dagoen artisau lanbide” batera gerturatu, eta diktaduraren amaiera eta demokraziaren hasierako unea, gizarte mailan eta politikoki irakiten zegoen sormen izugarri aberatseko une historiko hori jendarteratu.

Lortu duzu helburua?

Baietz uste dut. Nolanahi ere, Luis eta Yolanda Apraizek egindakoaren bitartez, kultur munduan saiatu diren emakume eta gizon zintzoen lana eskertu nahi nuke; independente izanik euskal kultura hedatzeko eta aberasteko asmoz ahalegindu diren pertsonak baitira, nire ustez, askatasunaren aldeko borrokalaririk benetakoenak.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza