2008-08-03 -- 2148.zenb
* Xinemi García, 19 urteko ikaslea da.
Xinemi García dut izena eta mexikarra naiz. Duela urtebete Euskadira prestaketa batera joateko aukera izan nuen. Esperientzia hark aukera eman zidan jabetzeko alde handiak daudela eskolak emateko moduan Mexiko eta Euskadiren artean.
Gehien harritu ninduen alderdietako bat, beharbada, eskolak emateko modu tradizionala izan zen. Hau da, katedradunak eskola ematen du edo liburuan jartzen duena azaltzen du, eta ikasleek berriz, ilaratan eserita, irakasleak esandako guztiaren oharrak hartzen dituzte, galderarik egin gabe.
Mexikon eskolak didaktikoagoak dira. Zenbait eskolatan, nik batxilergoa ikasi nuenean esaterako, eskolak ez ditu ematen katedradunak soilik; hau da, ikasleak parte hartzeko aukera du, azalpenaren aurretik (gaia aztertu dezake), bitartean (bere ikerketaren emaitzak azaldu eta galderak egin ditzake) eta eskola ondoren (errefortzu ariketekin).
Eskola horietan erabiltzen diren dinamikei esker, ikasleari ikasgaien inguruko jakin-mina pizten zaio, eta bere kontura ikasten hasten da. Eskolak ez dira bakarrizketak: irakaslea aktorea da, eta ikasleak, ikusleak. Eztabaidek eta ideiak elkar trukatzeak taldea integratzen eta ikasketa prozesua erabatekoa izaten laguntzen dute. Nahiz eta Espainiako hezkuntza maila Mexikokoa baino altuagoa izan, nire ustez gazteei sormena falta zaie, erabakitakotik harago bizitzea; sormena, arazo errealei aurre egin eta irtenbidea emateko.
Mexikoko hezkuntzari, ostera, diziplina, jarraikortasuna falta zaio. Eta hori gure hezkuntza sisteman eta eguneroko bizitzan erabili beharko genukeela uste dut. Mexikon, eskolak bi modutan sailka ditzakegu: pribatuak eta publikoak. Eskola horietako bakoitzean eskaintzen duten hezkuntza oso desberdina da. Eskola pribatuetan edo ordaindutakoetan, “lehen mailako” hezkuntza eskaintzen dute; hau da, “konstruktibismoa” erabiltzen dute. Eskola publikoetan (gobernuarenak) berriz, irakasteko metodoa tradizionalagoa izaten da, nahiz eta azkenaldian eredu didaktikoagoa ezartzen hasi diren lehen eta bigarren hezkuntzan eta batxilergoan.
Gainerakoan, oro har, haur hezkuntzak hainbat alor lantzen ditu; izan ere, umearen abileziak ahalik eta gehien garatzea bilatzen da.
Mexikoko eskoletako sailkapen hori Euskadiko eskolekin konparatuz gero, bietan antzeko zerbait gertatzen da: ikastetxe pribatuek instalazio hobeak dituzte, ikasgai zorrotzagoak, eta horren adibide dira ingeles eskolak. Ni egon nintzen eskolan ingeles maila oso baxua zen, eta ez zaio behar adina garrantzi ematen. Baina eskola pribatuetan ikasitako jendea ere ezagutu nuen, eta haien ingeles maila Cambridge Unibertsitateko Proficiency zen.
Bi hezkuntza sistemek (mexikarrak eta euskaldunak) dituzte abantailak eta desabantailak, eta benetan uste dut sistema eredugarria lortuko litzatekeela biak batuko bagenitu: diziplina eta jarraikortasuna dinamikarekin eta sormenarekin batuz gero, hezkuntzaren maila integrala izango litzateke.
Onartu behar da hezkuntza eredu perfekturik ez dagoela, are gutxiago gureak. Guztiok behar ditugu iritzi berriak, aldaketek aberastu egiten dute eta hazten laguntzen digute. Nire aburuz, hezkuntza alorrean hobetzeko, baita beste alor askotan ere, mexikarrek zein euskaldunek elkarren beharra dugu.
* Gazteleratik itzulitako testua
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa