2008-08-03 -- 2148.zenb
* Maria Julia 21 urteko ikaslea da
14 urte nituela etorri nintzen Argentinatik. Bederatzigarren maila bukatua nuen; han Escuela General Básica (Oinarrizko Hezkuntza Orokorra) esaten zitzaion, eta hiru ziklo zituen. Handik modulu anitzeko eskolara igarotzeko aukera genuen, eta hiru edo lau urteko ikasketak ziren, aukeratzen zen moduluaren arabera. Eta gero, handik zuzenean unibertsitatera pasatzeko aukera zegoen.
Zumaiara iritsi nintzenean, eskolan izan nuen esperientziari dagokionez, ikusi nuen lehenengo aldea irakats zikloa izan zen: hemen urtarrilean hasi nituen ikasketak, han bukatu nituenean. Bederatzigarren maila abenduan bukatu nuen, eta urtarrilaren 8an berriro eskolan nintzen. Hiru hilabete geratzen zitzaizkidan 15 urte betetzeko, eta DBHko hirugarren mailan jarri ninduten.
Arreta eman zidan lehenengo gauza liburuak mahai azpian utz nitzakeela izan zen, bai eta ikasturte osoan neure mahaia izan nezakeela; inork nire gauzak kentzen edo lapurtzen ez zizkidala; eskola txanda bakarra zegoela, baita gela geuretzat bakarrik zela ere.
Hori alde handia izan zen. Argentinan eraikin berean hiru eskola izan daitezke lanean, hainbat txandatan: goizez, arratsaldez eta gauez. Adibidez, ni goizez joaten nintzen, eta eskola hartan bosgarren eta bederatzigarren maila arteko ikasleak izaten ziren; arratsaldez lehenengo maila eta laugarren maila arteko txikitxoak; eta gauez, helduentzako eskola. Beste eraikin batzuetan bigarren mailako hezkuntza edo modulu anitzekoa ematen zuten goizez; lehen hezkuntza arratsaldez; eta eskola teknikoko ikasketak, gauez. Han eskola ordu askoz gutxiago genituen: 08:00etatik 12:00etara izaten zen gure ordutegia; edo, gehienez ere, 07:30etik 13:00etara, helduenek. Arratsaldetan, eskolak 13:00etan edo 13:30ean hasten ziren, eta 17:00etan edo 17:30ean bukatzen. Atsedenaldia hemen ordu erdikoa da; han, bost minutuko bi atsedenaldi genituen, eta hamabost minutuko bat, goiz erdian. Eta liburuak maileguan hartzeko sistema genuenez, ez genuen liburu asko erosi beharrik.
Eskolatze prozesuan, bi gauza konta ditzaket. Alde batetik, neska-mutilen, irakasleen eta eskolako bizitzaren inguruko gauzak; eta, bestetik, euskararen gaia. Izan ere, niri –Zumaiara datozen neska-mutil guztiei bezala– Herri Eskolara joatea egokitu zitzaidan. D ereduko eskola txikia da, eta zentzuzkoa zen hara joatea, izan ere, kontua lagunak egitea zen, eta ez nintzen beste herri batera joango A edo B eredua egitera Zumaian bizi behar banuen, eta hemen lagunak egin eta bizi, beste edonork bezala.
Eskolan, atsedenaldian ikusten zen elkartzen zirela alde batetik gaztelaniaz hitz egiten zuten neska-mutilak, eta euskaraz egiten zutenak beste aldetik. Baziren salbuespenak, baina hori markatuta zegoen. Ikaskideek gaztelania eta matematika ikasgaietan prestakuntza ona zutela ikusi nuen, baina maila baxuagoa zuten biologian eta geografian. Eta, izaerari dagokionez, adin bera izanik, latinoamerikarrak baino haurragoak zirela iruditu zitzaidan; Argentinako nire adiskideekin alderatuz, behintzat.
Deigarria iruditu zitzaidan beste gauza bat ikasleen eta irakasleen arteko harremana izan zen. Hemengo neska-mutilek irakaslearengana zuzentzeko modua han baino informalagoa da, bai eta irakasleek ikasleengana zuzentzeko duten era ere. Gainera, ikasle taldeak bereizten zituzten: batetik ikasi nahi zutenak, eta bestetik ikasi nahi ez zutenak, neska edo mutil bati “ez duzu ikasteko balio” esango baliote bezala.
Niretzat guztiz berria izan zen beste gauza bat: eskolak buru-atzerapenak zituztenekin partekatzea. Haiek bestelako ariketak egiten zituzten gelan, baina beren adineko neska-mutilen artean integratuta zeuden eta dena naturaltasunez gauzatzen zen. Hori Argentinan pentsaezina da: buru-atzerapena edo bestelako ezgaitasunak dituzten gazteak beste eskola batzuetara joaten dira; ez dira eskola arruntetan izaten, eta ez dute bestelako haurrekin batera ezer egiten.
Euskara gai zaila izan zen. Esan dudan bezala, herri eskolan egin nituen ikasketak, eta egin nituen DBHko bi ikasturteak gogorrak izan ziren, gaztelania, matematika edo bestelako ikasgaietatik atera eta banakako eskolak (edo talde txikietan) ematen baitzizkidaten, euskara ikasteko. Astean 12 orduko euskara eskolak izatera iritsi nintzen; gogoan dut, astelehenetan horixe zela nuen bakarra; irakaslez aldatu baino ez nuen egiten. Eta eskolak D eredukoak ziren eta nik ikaskideek zuten liburu bera baina gaztelaniazkoa nuen. Horrela ikasi nuen euskara ulertzen, belarria eginez.
Irakasle batek euskara ikasteko mailakako programa hasi zuen nirekin. Programa hari esker oinarri sendoa lortu nuen. Baina DBHtik batxilergora igaro nintzenean ez zuten programa harekin jarraitu nahi izan, eta salbuespena eskatu behar izan nuen. 16 urte nituela neure kabuz bilatu behar izan nuen euskara ikasten jarraitzeko modua, eta herri eskolan izan nintzen urte eta erdian, aurretik egindako lorpenak ez galtzeko. Orain unibertsitateko ikasketak gauzatzen ari naiz eta euskaltegira joaten jarraitzen dut.
* Gazteleratik itzulitako testua
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa