Astekaria

 Ezpalak 

Abarrak: Suehiro Maruoren amaraunean harrapatuta

Onartzen dut. Ezjakintasunak eta aurreiritziek bultzatuta, manga komikirik ez dut irakurri orain gutxi arte. Adiskide –friki samar– batek utzitako birekin eman ditut aurreneko zupadak. Eta mareatu naiz ia. Suehiro Maruo autore japoniarrarenak dira bi obrak: Midori eta Gichi Gichi Kid. “Helduentzako komikiak” dira, surrealista eta perbertsoak. Maruoren lanetan nagusi diren bi osagaiak, sexuak eta biolentziak, bereziki biolentziak, barrenak gupidagabe astintzen ditu. Ez hainbeste Gichi Gichi Kid-en, baina bai askok Maruoren maisulantzat jotzen duten Midorin –obra hori ere Glénat argitaletxeak kaleratu du–. Hasiberria izateak izangu du zerikusirik, baina nik errazago irentsi dut Gichi Gichi Kid. Inuxenteagoa da, xaloagoa. Sexu eszenarik ez dago ia, eta biolentzia ere gutxi, indarkeria fisiko moduan ulertuta behintzat. Botere bereziak dituen panpin aurpegiko mutikoa da Gichi Gichi. Zintzoa da, baina klasekide nazkagarrienak gogor zigortzen ditu. Eta hor bai, ume baten ikuspegia baino, Maruoren narratiba perbertsoa nagusitzen da, liburuaren bigarren parte ikusgarrian batez ere. Dena den, komikiak umore punttua ere badauka, eta marrazkiek trazo garbi eta atsegina daukate. Horregatik uste dut manga oldarkorrenean lehenengo urratsak emateko Midori baino aproposagoa dela.   Umekeriak alde batera utzi eta gauza gordinagoak probatu nahi dituenak Midori: la niña de las camelias irakurri dezake. Patuak zirko surrealista batera eraman duen neska gaztea da protagonista. Mundu krudel batean bizirautera behartuta, mago nano baten babes eta maitasuna topatuko ditu Midorik. Maruoren istorioek muzan-e –basakeriak islatzen dituzten estanpa edo eskulturak– tradiziotik edaten dute, eta komiki hau horren erakusgarri da, ezbairik gabe. Pertsonaia zatar, desitxuratu eta ankerrak, biolentzia, bortxaketak...   Ia ahaztu zait. Bi komikiak atzekoz aurrera irakurtzen dira, eskuin ezker. Azkar ohituko zara. Oreka galdu eta barrenak nahasten bazaizkizu ez da horregatik.

Jon Torner

Jon Torner


2148. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
Gichi Gichi Kid


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia