Astekaria

 Denboraren makina 

Izar bat jaio da: FBI

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


2147. alea
2008-07-27
alde 0    kontra 0
FBIko agenteak

Washington, 1908. Uztailaren 26an, AEBetako Justizia Ministerioko buru Charles Bonapartek ordura arteko ohitura eten eta zerbitzu sekretuei konturik eman behar ez zioten agente taldea kontratatu zuen. 34 lagun ziren eta Bureau of Investigation delakoa osatu zuten.
 
Lehen Mundu Gerran, herrialde etsaietako etorkinak zelatatzen jardun zuten buru-belarri. 1929ko porrot ekonomiko ezagunak, ordea, gero eta lasaiago zebiltzan gangsterrei begira jarri zituen bulegoko agenteak. Bigarren Mundu Gerran, sabotajea, subertsioa, espioitza eta desertzioa bilakatu ziren taldearen jomuga.
 
Ordurako J. Edgar Hoover zen zuzendaria; ia 50 urte emango zituen karguan. Hark eman zion taldeari gaurko izena (Federal Bureau of Investigation) eta, neurri handi batean, izana. Erakundearen itxura behintzat ederki zaindu zuen; besteak beste, agenteak gero hain berezkoa bilakatu zitzaien janzkera eramatera behartu zituen: trajea, gorbata eta kapela, eta neguan gabardina eta beroki luzea.
 

Gerra amaituta, sobietarrak bilakatu ziren etsai nagusi, eta mehatxu gorria edonon ikusten zuten Hooverren gizonek. Sukar antikomunista Sorgin Ehiza deitutakoarekin iritsi zen gailurrera. Intelektualak kriminalak bailiran tratatzen zituzten bitartean, J. Edgar Hooverrek benetako kriminalekin, Mafiako buruekin, afaldu ohi zuen jatetxe ezagunetan.
 
Baina abila zen FBIko burua bere gaineko susmoak uxatu –besteak beste, homosexuala izatea, publikoki joera hori gaitzetsi eta horren aurka jazarri arren– eta besteei egozten. Hollywoodeko hainbat izar estu hartzen zituela, FBI bera pantailetako izar bihurtu zuen.
 
1959an hasi ziren The untouchables telesaila emititzen, Elliot Nessen gorabeherak kontatuz. 60ko hamarkadan gorbata eta kapeladun heroiak pantailan ugaltzen ziren bitartean, bulegoak ez zuen hamarkadako kasurik garrantzitsuenak argitzea lortzen: Kennedy eta Luther Kingen hilketak. Hoover 1972an hil zen eta harekin batera amaitu zen mende erdiko agintaldi zorrotza. FBIk ez zuen berriro izango hamarkada haietan lortutako boterea.
 
1974an, Watergate eskandaluan, CIA izan zen protagonista. 2005. urtera arte ez genuen jakin kasu hartako giltzarria, Deep Throat (Eztarri Sakona) ezizenez ezaguna, Mark Felt zela, orduko FBIko bigarren burua.
 
Ehun urtean, munduko agenterik ezagun eta mediatikoenak, haien inguruko film eta telesailak bezala, izugarri ugaldu dira. 34 lagunentzako bulegotxo hark 30.000 langiletik gora dauzka egun.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia