Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-07-27 -- 2147.zenb

Hizkuntz aniztasuna

Nola kudeatu migrazioa etxean anfitrioi ez bagara

Onintza Irureta

argazkia

Monika del Valle/Argazki Press

EHUko Udako Ikastaroetan, Aniztasun berrien harira izeneko ikastaroan nortasunaz eta hizkuntzaz aritu ziren hizketan joan den astean. Jon Sarasuak, besteak beste, euskarak hizkuntza hegemonikoa izan gabe errealitate anitzean bizirauterik izango al duen galdetu zuen.

XXI. mendean, aniztasun berriaren gizartean zein espazio dagokio euskarari? Zein espazio Euskal Herriko bi erdara handiei? Eta etorkinen hizkuntzei? XXI. mendean euskarak hegemonikoa izan gabe bizirauteko aukerarik izango al du?
 
Jon Sarasuaren galderak dira. Berak gogoeta inpresionista egingo zuela aurreratu zuen hizketan hasi aurretik. Segidan koadro horren pintzelkada batzuk jaso ditugu bere hitzetan.

Euskarak estatua behar al du?

Hizkuntz hegemoniari lotuta hiru bide aipatuko ditut. Lehena: etsi dezagun euskarak bere lurraldea izango duenaren ideia horrekin eta lurralderik gabeko sare izaten asma dezagun, neurri batean behintzat. Sor dezagun beraz, euskal sare minoritarioa. Bigarrena: pentsa dezagun euskarak biziraun dezan lurralde hegemonia behar duela. Ez dezagun ideia hori baztertu eta etorkizunerako has gaitezen lurralde hegemoniaz eztabaidatzen. Hirugarrena: eman diezazkiogun lurralde kontzeptuari adiera metaforikoak, lurralde hegemonikoez hitz egin dezagun, hau da, pluralean mintza gaitezen. Sortu edo garatu ditzagun hegemonia guneak. Esate baterako, unibertsitateko fakultatea izan daiteke bat.
 
Onartzen dut hegemonia guneen sorrera planteatzea ihesbidea izan daitekeela batzuetan, erretzen gaituen gaiari heltzen ez diogulako, alegia, lurraldearen beharrari. Hegemonia guneak nahikoa al lirateke euskarak bizirauteko? Ez dakit. Horregatik, hiru bideak osagarritzat ditut.

Diskurtso modernoek ez digute biderik ireki

Modernitatearen balore nagusiak josi ezinik dabiltza. Askatasunak eta berdintasunak hartu dute elkar josteko ardura, haurridetasunak labain egin du eta identitatea falta da. Nortasunaren gramatikarik ez du sortu modernitateak. Eskema zahar horretatik saiatzen gara gauza berriak asmatzen, hizkuntz komunitateen ezagutza minimorik gabe. Ez sozialismoak, ez liberalismoak, ez digute balio hizkuntz dinamikez aritzeko. Eleaniztasun politika korrektoei kutsu bera darie, ez dute proposatzen hizkuntz nortasunerako biderik, ez da sakontzen sakondu behar den lekuraino.
 
Badut arrangura gai horri lotuta. Euskal Herrian, azken hamarkadatan, eta bereziki azken hamarkadan, hizkuntz nortasunari buruz hitz egiterakoan fundamentu falta dago. Fundamentu eskasa agertu dute hizkuntzaren alorrean dabiltzan politikoek eta baita idazleek, behi sakratuek ere.

Minduaren bagajea aniztasun berrian

Gure egoera existentzialak baliabideak ematen dizkigu migratzailearen aurrean. Badugu begirada etikoa, ekologikoa, enpatia migratzailearekiko. Badakigu zer den hizkuntza maitatzea, zaintzea. Euskarak hedapena baino iraupena izan du amets. Erresistentziaren, porrotaren, liseriketaren ondarea jaso du euskal komunitateak. Galtzaileak min dutenei ez die zanpatzaileak edo hedatzaileak bezala begiratzen. Ume beltzak euskaraz egiten duenean euskaldunak sentitzen duena eta gaztelaniaz egiten duenean erdaldunak sentitzen duena, ez dira gauza bera.
 
Dena dela, ez gaitezen inozoak izan. Migratzaileekiko, ez gara anfitrioi etxeko salan, gure etxean gaztelania da nagusi. Gu ez gara ez nagusi, ez zerbitzari. Nola kudeatu orduan migrazioak dakarkiguna? Eleaniztasunaz hitz egin dezakegu, baina ez gaude Londresen ezta Parisen ere. Aniztasun berriaren aurrean bi begiratu daude: bizi kinkan dagoen hizkuntzarena eta hegemonia duten hizkuntzena. Azken horiek hitz egin dezakete eleaniztasunaz, kulturartekotasunaz eta akademikoek teorizatu egin behar dute horri buruz. Alabaina, gutxi daukagu hortik ikasteko, haiek bizirauteko gramatikaren beharrik ez dute, guk bai.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan