2008-07-27 -- 2147.zenb
Frantziako estatuko ostrategietako ostra gazteek izugarrizko hilkortasuna dute, eta zientzialariek ez dakite ziur horren arrazoia. Orain bizpahiru aste nabaritu zuten hazitzaileek hilkortasuna oso handia zela. Ifremer institutuaren arabera, hamabi eta hemezortzi hilabete bitarteko ostra gazteen hilkortasuna %40tik %100erakoa da, lekuaren arabera. Horrela jarraituz gero, 2009-2010 urteetako uzta hutsaren parekoa izango dela uste dute.
Estatuko uzta handiena Normandian izaten da. Bada, une honetan ez da ostra gazterik hango haztegietan. Beste era batera esanda, 30.000 tona ostra hil dira. Ez da ahaztu behar Frantziako estatuak, Europako ekoizle nagusiak, urtero 130.000 tona ostra hazten dituela.
Zientzialariak hiru hipotesiren arabera ari dira lanean: uraren tenperatura handitzeak sentiberago bihurtu ditu ostrak bakterioen aurrean, alga toxikoren bat da; edo birus berria azaldu da.
Lehen ikerketen arabera, badirudi uren tenperaturaren igoerak zerikusi handia duela hilkortasunaren hazkundean, ostra helduak jada hasi omen baitira gametoak askatzen, eta normalean abuztu edo irailera arte ez da hori gertatzen.
Duela hamar urte agertu zen “pilula urdina”, eta adituek diotenez mugarri garrantzitsua izan zen gizonezkoen disfuntzio sexualak konpontzeko aspaldi hasitako borrokan. Viagrari esker, sexu-jarduera bertan behera uzteko tenorean zeuden gizonezko askok berriro ere arrakasta osoz eduki ahal izan dituzte sexu-harremanak, bestelako metodo erasokorragoetara jo beharrik gabe. Viagraren erosotasuna eta eraginkortasuna ukaezinak diren arren, botika horrek badu eragozpen bat: bere eragina denbora batez atzeratzen dela, hau da, ez dela erabiltzaileak nahi lukeen bezain azkarra.
Viagraren lehengai aktiboak nekez disolbatzen dira heste meharrean, eta hortik odolean sartzen dira. Prozesu horrek atzeratu eta zaildu egiten du Viagra odol-zirkulazioan sartzea, eta horregatik erekzioa gertatzeko 30-45 minutu bitartean behar izaten dira. Orain ikertzen ari diren botika berria arnastu egiten denez, ez da heste meharrean barrena metabolizatzen, eta horrexegatik askoz ere bizkorragoa da, tentetzea ia berehala gertatuz.
Botikaren bi agerpen horien arteko aldeak ez dira hor amaitzen. Viagra pilulek zakilera iristen den odol-fluxua gehitzen dute, nolabait esateko. Ondorioz, beharrezkoa da aurretik estimulu sexualen bat egotea, zakilaren tentetzea lortu eta ondoren hari eusteko. Aerosolean komertzializatuko den Viagra berriak, berriz, ez du zakilaren gainean jarduten, zuzenean garunean baizik; erekzioa izan dezala “agintzen” dio garunari, eta beraz, ez da aurrez sexu-kitzikadurarik behar izango. Itxura guztien arabera, jatorri psikologikoa duten inpotentziak zuzentzeko oso eraginkorra izango da botika berria.
Oraindik ere ikerketa fasean dago botika berria, baina adituen usteak eta aurreikuspenak ondo bidean, bizpahiru urte barru merkatuan egongo dela esan dezakegu. Beste kontu bat izango da zein preziotan, eta noren kontura izango ote den: erabiltzailearen kontura ala Gizarte Segurantzako diruen, alegia gu guztion diruen kontura.
Sagarrek eta udareek airea gordetzeko eta zirkulatzeko sistemak dituztela jakin badakite ikerlariek, baina orain arte ez dira ongi ezagutu mekanismo horiek. Duten garrantzia begien bistakoa da, horren arabera lehenago edo beranduago usteltzen baitira.
Belgikako Leuven-eko Unibertsitate Katolikoko bi ikerlarik hiru dimentsiotan ikusterik izan dituzte bi fruta horien aire-sistemak, ESRF erakunde europarraren teknologia erabiliz.
Sagarretan, aire-sistema zelulen arteko zulo ez-erregularrek osatzen dute. Udareetan, berriz, elkarrekin konektatutako tutueriak topatu dituzte aipatutako ikerlariek.
Sagarrek eta udareek, osasuntsu irauteko, airea izan behar dute barnean, bestela usteltzen hasten dira. Ikerlariek ez dute oraindik topatu aire-sistemen logika; lortutakoan, izugarrizko aurrerapausoa egingo da sagarren eta udareen kontserbazioari dagokionez.
Liztor eta erle burrundan, etxe aurreko belazeko malkar eta pendizetan zeharka-saiheska, jorraia eskuan, kardu ehizan nabil. Tupa gaineko buztin lurra da, luizigai aproposa, egutera eta artaldearen urte osoko bazkalekua. Lur mehea eta ardi-kaka, hots, nitrogeno gehitxo dituen sail bero eta lehorra. Kardu-leku aparta, bai alajaina. Eta kardu jendetik bada. Cirsium generoko astakardu eta kardu latzak nagusi: eriophorum, filipendulum, palustre, arvense eta vulgare espezieak behintzat badira. Hau da hau esposizioa! Berozalea izaki, honek ere alde du klima aldaketa. Azienda behar baino gehiago ibiltzen den tokietan izurrite larria da, eta pozoirik erabili nahi ez duenak asto karduzale amorratuak zaldaleak irabazten ikusi edo jorraia dantzatu beste aukerarik ez du. Etxeko astoa mendiaren beste aldeko itsas-bista ederrak dituen hegalean dabil, urteroko sexu-turismo bueltaxkan, eta haren arrantzen hotsera jorraia eta biok dantzatu behar.
Ez zahagi, ez zahato gabeko jorrai-dantzan ari naizela, maldan zeharka, gurdia irauli gabe zamatu eta eraman ahal izateko gurpil-zuloaren ertzean bi marrubi gorrimin. Eskua luzatzen eta alferrik ari nintzela jabetu naiz, berriz ere ziria sartu dit sasi-marrubi, Duchesnea indica, arraioak! Laster lehortu zaizkit ahoko urak! Marrubiaren bixkia da sasiko hau. Antza ikaragarria dute, hark zuria eta honek horia duten lorea izan ezik. Jatorri duen Asiako hegoaldetik XVII. mendean ekarria da, ur-aska eta lorategi ertzen apaingarri. Txingurriek eta txoriek zabaltzen dizkiote haziak eta XIX. mendearen amaierarako Europa osoan bertakotua zen. Fruitua marrubiaren oso berdina da, baina beste muturrekoa. Jateko txarra da, aho sabaian latza da eta liseriketa berotzen du. Dastatu eta ez duzu sekula ahaztuko. India eta Txina alde horietan sendabelar ezaguna dute. Azaleko txaplata edo enplastoan hemen berbena (Verbena officinalis) erabiltzen dugun tankeran eta bere ura hartuz, aldiz, gure pasmo-belarraren eran (Anagallis arvensis), gorputz osoa garbitzeko. Minbizi batzuei aurre egiteko beste landare batzuekin nahasian erabiltzen dute. HIESa eragiten duen GIB birusa astindu eta apaltzeko bere balizko kemenaz ikerketa bat baino gehiago burutzen ari da. Badaezpada ere, etxeko pendizean zaindu beharko dut...
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa