Astekaria

 Liburuak 

Pirata baten kutxan aurkitutako uharteko mapa

Irudia

Pilar Iparragirre


2147. alea
2008-07-27
alde 0    kontra 0
Altxor uhartea

R.L. Stevenson ::Altxor uhartea

Elkar

Orrialde kopurua ::316

prezioa ::19,45€

Ametsak eta desirak ez al dira errealitatearen atal? Izan al da sekula urre bila ibili ez den umerik? Edo pirata, militar buruzagi ala bide-lapur izan ez denik? Honelako gogoetak zituen buruan R. L. Stevensonek Altxor Uhartea abenturazko nobela idazterako orduan. Jim Hawkins mutikoa du kontalari eta heroi nagusi eleberriak, eta haren begietatik ikusiko ditu irakurleak altxor bila espedizioan parte hartzen duten guztien ezaugarriak. Helduen mundura egindako lehen bidaia da hura gaztearentzat, eta maiz nahastuta geratzen da ezagutzea egokitu zaion jendearen aurrean, ez baita gai haien artean zintzo-zintzorik, ez gaizto-gaiztorik aurkitzeko. Batere gustuko ez zuen pirata baten marinel-kutxan aurkitu zuen Flint itsaslapur beldurgarriaren altxorra gordetzen zuen uhartearen mapa. Konfiantzako pertsonari bere aurkikuntzaren berri eman orduko, harantz abiatzea erabaki zuen espedizio oso batek, mutikoa tartean zela, Hispaniola baleontzian. Eskifaian, ordea, isilka sartu zitzaizkien altxorraren mapa bereganatzeko grinaz zebiltzan itsaslapur ugari. Baina horretaz berandu ohartu ziren, enbaten erasoa itsasoan jasaten ari zirenean.

Irrealtasunak duen errealtasunaren aldeko manifestu bat da

Nola sortu zen nobela magiko hau?

Mila zortziehun eta laurogeita bateko goiz euritsu batean, R. L. Stevensonek uharte baten mapa marrazteari ekin zion topografo baten arretaz. Laster erabaki zuen uhartearen xehetasunak, muino zein leize, kala zein ainguraleku edo zingira eta toki bakoitzaren izena. Baita uhartearen izena ere: Altxor Uhartea. Irudizko mapa hark erabaki zuen, neurri handi batean, uhartean gertatuko zen istorioa. Idazleak berak esanda dakigu mapa hartan ikusi zituela estreinako aldiz piraten aurpegi likitsak eta altxor bilatzaileen joan-etorriak, orain mozkortuta, orain borrokan.

Zein testuingurutan idatzi zuen egileak nobela?

Garai horretan, naturalismoa zen jaun eta jabe Europako literaturan. Hila zen erromantizismoa, eta abentura nobelen garaia berarekin. Baina Stevensonek, lan honekin, bizkarra erakusten die nobelari dokumentu baten objetibotasuna eman nahi diotenei. Marcel Schowbek liluraturik irakurri zuen Altxor Uhartea, bere iritziz abentura nobelen artean ederrena; are gehiago, liburu hura manifestu bat ere badela irudituko zaio, irrealtasunak duen errealtasunaren aldeko manifestu literario bat, hain justu, literaturari bide berriak zabaltzen dizkiona. Eta ez zebilen oker Marcel Schowb liburuaren alderdi teoriko hori aipatzean.

Zergatik?


Altxor Uhartea
, Stevensonen gainerako saiakera, ipuin, poema eta abar guztiak bezala, gogoeta sakon baten ondorio delako. Eta nobela honek, bere modura, giza esperientziaren berri ematen du.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza