Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Landareak

Bakioko liztorrak

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2146. alea
2008-07-20
alde 0    kontra 0
Eukalitoa

Gero eta maizago ikusten da eukalitoa (Eucaliptus globulus, E. nitens...). Garai batean gozokietan eta belar dendetan, bere hostoen lurrinarekin karkaixen gora-beherakoa arindu eta bere onera ekartzeko, burutiko beheragalea eta biriketako goragalea; gero, bere enbor-kumeak paper-fabriketako zelaiguneetan piramide erraldoiak egiteko txotx gisa; konturatzerako, Bizkaiko paradisu tropikalekoa uste genuena han-hemen landatua dago, bere usain oliotsua hedatzen; berdantzart, lagun baten etxe berrian zoruan ikusi dut, tarima legez. Eta gutxiena uste dugunean, Martin sukaldariren batek azken puntako “belar” izendatuz otorduren batean muturraren aurrera aterako digu. Honelatsu osatuko da eukalitoa geureratze lokarria.
 
Lokarriari, bidean, hariak eta sokak eteten ari zaizkio, ordea, eta sendoa amestutako lotura zarpaildu eta erdipurditutakoa izango da. Baita eukalitoarekin ere, nahi ahala ahalegin eta eginahal eginagatik, edo ez. Erreginaldirako bidean, naturan beti, lagun minak, aprobetxategiak... denetatik izango du aldamenean.
 

Gonipterus scutellatus, eukalitoaren gurgurioa aitatu nizun azkenekoan. Hostoak jaten dizkio zuhaitzari eta eraso kaltegarrienak landareak hiru eta bost urte artean dituenean antolatzen ditu, egurra gero zur izateko modukoa izango ez eta paper-orea ez beste egiteko balioko ez duelarik. Tasmaniatik zuhaitzari atzetik segika, Australia, Afrika, Italia eta Frantzian barrena iritsi da geurera. Baita eukalitadiak topatu ere. Euskal Herrian 13.000 inguru hektarea eukalitadi dugu, Bizkaian ia erabat. Eta Bizkaiko paradisuetako batean, Bakion, 1996an gurgurioa topatua zuten.
 
Gurgurioak bere erreginaldirako bidean ere badu, naturan beti, lagun minetik, izorratzailetik... Anaphes nitens izena duen liztortxo bat bada potro-zorri baten moduan gurgurioari arrautzak ukitzen dizkiona. Gurgurioak jartzen dituen arrautzen barruan jartzen ditu bereak. Haiek janez hazten da liztorkumea eta heldutakoan makina bat arrautza gehiago jarriko du... bien arteko oreka eraiki arte. Eukalitadietan zabaltzeko liztortxo honen ekoizpena negozio da egun Galizian.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia