Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • >
  • Gidari gutxi baina eskuzabalak (Lorena Zabalaren kronika)

2008-07-20 -- 2146.zenb

Gidari gutxi baina eskuzabalak (Lorena Zabalaren kronika)

Lorena Zabala

argazkia

Lorena Zabala


Ikasketek Uruguaira eraman ninduten duela bost urte, eta hango egonaldiak Hego Amerikarekin maiteminarazi. Itzultzeko promesa eginez joan nintzen Euskal Herrira, eta berriki ametsa gauzatu ahal izan dut. Zortzi hilabeteko bidaia Uruguai, Argentina, Txile, Peru eta Bolivian zehar, planifikaziorik gabe, unean unekoaz arduratzen. Eta autostop asko eginez, nahiz eta beste modu batzuetan ere mugitu naizen. Edo hobe esanda, mugitu garen. Zati batzuetan bakarrik ibili naiz, baina gehienetan lagunduta. Eta argi utz dezadan: ez nuke sekula nik bakarrik egingo autostopik.
 
Buenos Airesetik Montevideora itsasontziz joan eta gero, Cabo Poloniora abiatu ginen autobusez. Ekialdean dago Cabo Polonio, Atlantikoaren kostaldean, eta Uruguaiko lekurik liluragarrienetakoa duzu. Itsas lehoiz betetako penintsula da, udan turistaz lepo eta gainerako sasoietan lau katuren bizileku. Herriak jatorri bitxia du: naufragoek eraiki zuten, lau ohol zatirekin, eta ez pentsa gehiegi aldatu denik. Gaur egun argindar eta urik gabe jarraitzen dute. Jorge Drexler kantariak bere azkenaurreko diskoa eskaini zion leku xarmangarri horri: Doce segundos de oscuridad. Hamabi segundoko iluntasuna, hori baita faroaren argiak buelta osoa egiteko behar duen denbora. Gauez ibiltzean, hiruzpalau urrats egin ditzakezu hamabi segundoro.
 
Cabo Poloniotik Treinta y tres hirira joan ginen, eta han hasi zen autostop festa. Uruguai ekialdetik mendebaldera zeharkatu genuen ia osorik, eta hori ez da eman dezakeen bezain erraza. Kontuan hartu hiru milioi biztanle dituela herrialde osoak, eta horietatik erdia hiriburuan bizi dela. Uruguai hutsik dago; jende gutxi eta are kotxe gutxiago. Baina borondate ona gainezka: ez genuen inoiz luzeegi itxaron behar izan norbaitek gu hartzeko, behin izan ezik. Bide batez, kamioilarientzat besarkada bat lerro hauetatik. Haiek izan genituen sostengu handiena, bai Uruguain bai autostopean zeharkatutako beste herrialdeetan.
 
Uruguai laua da, eta paisaia polita dauka, baina azkenerako aspergarria. Mendixka, zuhaitza, behia, zuhaitza, mendixka. Berderik ez da falta, hori bai. Lehenengo eguna, dena dela, leku menditsu batean amaitu genuen: Quebrada de los Cuervos Parke Nazionala. Egurgile batzuen kamioian joan ginen haraino, enbor erraldoien gainean eserita. Egia esan, askotan egokitu zitzaigun kamioien edo furgoneten atzeko aldean joatea, auskalo zein zamarekin espazioa partekatzen. Horrelakoa da autostopa Hego Amerikan.
 
Hurrengo etaparen amaiera Tacuarembo hiria izan zen, Uruguairen erdian gutxi gorabehera. Biharamunean, handik irten ondoren, bidaia osoko unerik txarrena bizi izan genuen. Berehala hartu gintuzten hiritik irteteko, baina gidariak inon ez batean utzi gintuen. Hiruzpalau orduz alferrik jarri genuen behatz lodia tente, han ez zebilen ia inor eta zebiltzanek ez zuten balazta zapaltzeko keinua ere egiten. Itxaronaldiak eta bero ikaragarriak borondatea xurgatu zidaten azkenerako, eta aurreko orrialdeko argazkian ikus daitekeen bezain lur jota geratu nintzen. Baina azkenean Marcelo agertu zen, puskatzear zirudien kamioi txiki batean. Laranjak zeramatzan atzean; haien zaporeari eta Marceloren elkarrizketa abegitsuari esker, itxaropena berreskuratuz joan ginen pixkanaka. Autostop egiteko ez da sekula itxaropena galdu behar. Autostopa konfiantza da. Jarrera. Orduan ikasi nuen ez dela amore eman behar gidariek ikusi ere egiten ez zaituztenean. Eta irribarrea beti ahoan, norberaren aurkezpen txartelik onena da hori. Emakumea izateak ere laguntzen du, egia esan behar bada.
 

Ande handiak

Azkenik Salto hirira iritsi ginen, Argentinako muga ondora. Han bukatu zen lehenbiziko autostop etapa, Argentina osoa beste bitarteko batzuekin zeharkatu genuen eta. Ibilian-ibilian, Susques-era, hau da, Txile aurreko azken herrira ailegatu ginen halako batean. Tira, herrixka esatea hobe.
 
Susquesen hiru kaleak –lurrezko zorua dute, noski– muga pasatu behar duten kamioi gidariz gainezka egoten dira. Taldetxo batek gu adoptatu gintuen. Kanpin-denda kamioi baten barruan paratu genuen, eta hantxe aurkitu gintuen loak. Biharamunean, Batucoren kamioi gorrian abiatu ginen mendietarantz. Paisaia ikaragarri ederra munduaren alde honetan, arnasa ere estutzeraino. Batucorekin, mendilerroaren atariko punatik Andeen bihotzeraino joan ginen, eta berriz jaitsi 1.000 metroko altueraraino.
 
Aduanatik hurbil gosaldu genuen kamioilariak zabaldu zigun arrain lata, itsasoa baino 4.000 metro gorago, inolaz ahaztuko ez dudan paisaiak inguratuta. Gero, ia hiru ordu eman genituen etengabe jaisten. “Altuera gaitza existitzen da”, esaten zigun Batucok, “baina garrantzitsuena zein altueratan zauden ez jakitea da, psikologia kontua da hein batean”. Arrazoi zuen. Behe-behean egon arte ez zigun esan zenbateko garaieran ibiliak ginen, eta horri esker –koka hosto apur batek lagunduta, hori bai– ez genuen aparteko arazorik izan kondorren erresuman.
 
Txileko San Pedro de Atacama hirian utzi gintuen Batucok, izen bereko basamortuaren ertzean, munduan den inguru idorrenetako batean. Handik Aricara, amaigabeko errepide zuzen-zuzenak eduki gintuen apopilo. Ilargia gogorarazten duen paisaia txundigarria ikus genezakeen lau haizeetara, baina landarerik ia batere ez. Txiletarrak uruguaitarrak bezain eskuzabal agertu ziren, eta gorabehera handirik gabe heldu ginen Aricara, Ozeano Bareko kostaldean.
 
Autostoparenak egitear ziren, baina artean astia izan genuen berriz mendilerrora igotzeko, kasu honetan Severino kolonbiar kamioilari gogoangarria gidari. Chungara lakuaren inguruan eman genituen hiru egun, 5.000 metro baino gehiagoko altueran, eta beharbada Batuco falta zitzaigulako, orduko hartan bai, oxigeno urritasunak bete-betean jo gintuen. Gorputzak berriz jaistera behartu arte, alabaina, parada izan genuen Andeetako goi lautada dastatzeko. Hitzik gabe uzten zaituzten paisaiez bete genituen begiak, hangoekiko solasaldiez arimak. Irakaspen garrantzitsua utzi dit bidaia honek: lautadako jendea herri bat da, estatuen mugen gainetik.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan