Astekaria

 Denboraren makina 

Futboleko Mozarti requiema

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


2146. alea
2008-07-20
alde 0    kontra 0
Matthias Sindelar futbolaria

Austria, 1938. Anschluss delakoa gauzatu zen. Hitlerren Alemania naziak Austria anexionatu zuen, alegia. Handik aurrera Austria Ostmark izango zen (Ekialdeko Marka). Hitlerrek ederki zekien propagandak eragin handia zuela eta kirola mesedegarri zela bide horretan. Eta Anschlussak aukera ederra eskaini zion Alemaniako futbol selekzio boteretsua eramateko Frantziako Mundialera. Austria garaiko talderik onenetakoa zen, herrialdeak inoiz izan duen selekziorik bikainena. Wunderteam esaten zioten, hots, talde liluragarria.
 

Taldeko izarra Matthias Sindelar zen. Iskin egiten eta erritmoa aldatzen oso azkarra zen, eta baloia eramaten abila. Futboleko Mozart esaten zioten horregatik, eta Papierenne (paperezko gizona) izenez era ezaguna zen, oso arina zelako eta, meharra izaki, hauskorra zirudielako. Goleatzaile bikaina zen gainera, eta taldeko kapitain eta liderra Vienako Austria taldean nahiz selekzioan. Bere dohainen artean duintasuna ere bazegoen ordea, eta Hitlerren ametsezko taldean parte hartzeari uko egin zion. Ez zuen Austriakoa ez zen elastikorik jantziko. Familia xume batean 1903an jaioa, Lehen Mundu Gerran aita hil eta gorriak ikusi zituzten, Matthiasek, futbolari esker, familia osoa aurrera ateratzea lortu zuen arte. Ez zion inoiz bere jatorriari uko egin. Austriako herritarrentzat Sindelar heroia zen.
 
Ezezkoa kolpea izan zen Reicharentzat, eta ez zuen soilik selekzioaren jokoan eraginik izan. Alemaniarrek Sindelarren irudia zikindu behar zuten eta zurrumurruak bota eta bota aritu ziren. Helduleku sendoa topatu zuten, gainera, haren aurka jotzeko: Matthiasen andregai Camilla Castagnola italiar juduen alaba zen. Ederki zekien bikoteak egoera hura oso arriskutsua zela eta ezkutatzea erabaki zuten. Baina egun batzuk geroago 1939ko otsailaren 10ean, Sindelar hilik topatu zuten Vienako apartamentu batean eta Camilla handik ordu gutxira hil zen ospitalean. Karbono monoxidoa arnasteagatik hil omen ziren, beren buruaz beste eginda edo istripuz, bertsio ofizialaren arabera. Baina askok SSen eskua ikusi zuten hor.
 
Manifestazioak guztiz debekatuta zeuden Austrian, baina 15.000 lagun bildu ziren Vienan Sindelarri agur esateko.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia