2008-07-20 -- 2146.zenb
Unai Brea / Ander Izagirre / Lorena Zabala / Edu Montero
Edu Montero
Errepide ertzean paratu, besoa luzatu atzamar lodia ondo erakutsiz, eta itxaron. Mundu osoan egiten da autostopa, bidaiatzeko modu merkeenetakoa, inoiz etsigarria suerta daitekeen arren. Suerte kontua ere bada, eta ondorengo orrialdeetako protagonistei ez zaie falta izan. Edu Monterok eta Lorena Zabalak Amerikan izandako esperientzien berri eman digute. Iparraldean ibili zen bata, Hegoaldean bestea. Beste ikuspegi bat ere jaso dugu Ander Izagirreren eskutik: errepide ertzetako bidaiaria bere autoan hartzen duenarena, non eta Marokon. Europarrok zaletasuna dugu autostopa, han beharra da.
Abenturazaletasunak mundu osotik ibiltzera eraman nau. Dozenaka herrialdetan ibili naiz, era askotako garraiobideak erabiliz, baina behin baino ez dut autostop egin. Nire lehenengo bidaia luzea zen, 23 urte neuzkan, eta gerora nire bizimodua zuzendu duen barruko harra orduan hazi zitzaidan. Kanada alderik alde zeharkatuz ikasi nuen hurrengo urteetan hainbeste aldiz praktikara eraman dudan filosofia: Goes around, comes around. Itzulpena, ondoko lerroetan.
Motxila bete arropa eta lau hilabete libre besterik ez nituen Torontora heldu nintzenean. Mundua ikusteko eta ingelesa praktikatzeko grinak mugiarazi ninduen, eta ez nekien nora joko nuen hurrena, are gutxiago nola. Piraguismoa egiteko asmo lauso bat banuen, baino askoz gehiago ez. Azkenik, aterpetxe batean izan nuen drive away auto-alokairuaren berri. Urruneko hiri batera hegazkinez joan den norbaitek agentzia batean uzten du autoa, eta norberak aukera du auto hori erabiltzeko, ugazabak adierazitako lekuan eta epean uzteko konpromisoa hartuz gero. Halaxe abiatu ginen bertan ezagututako lagun australiarra eta biok, Kanadako mendebalde basatirantz.
Calgaryraino bidea zazpi egunetan egin genuen. Bidaiaren zatirik aspergarriena izan zen, paisaiak ez zeukalako zerikusirik postaletako Kanada horrekin: 2.000 kilometro inguruko basamortua, errepide zuzen amaigabeak eta oso jende gutxi. Azkenik, Calgaryn utzi genuen autoa, eta hor hasi zen benetako abentura.
Paul, oraindik lagun handia dudan australiarrak, Edmontoneraino autostop egitea proposatu zidan, eta ni ez nengoen ezeri ezetz esateko tenorean. Natura bilatzen nuen, eta Edmontonek zirudien helmugarik aproposena horretarako, Mendi Harritsuen ataria baita.
Calgaryren kanpoko aldean jarri ginen beraz, errotulu batekin. Ez genuen presarik, mendia gozatu nahi genuen, han-hemen gelditu, bizi. Ohiko bidetik joan beharrean, mendikateko herriak ezagutzea erabaki genuen; ez geneukan inor inon zain.
Kanada primerako lurraldea da autostoperako, hango kultura desberdina da. Jende gaztea, zoragarria, betiere zerbait eskaintzen zidaten sentsazioak bizi ninduen. Behin, diru apur bat eskaini nion gidari bati ordainetan, eta haren erantzunak betiko aztarna utzi zidan: ordaindu nahi banion, hurrengo batean autostop egiten ari zena hartu behar nuen nire autoan. Goes around, comes around. Une hartatik aurrera, hango biztanleak filosofia hori praktikara eramaten saiatzen direneko sentipenak ez ninduen behin ere abandonatu.
600 kilometro daude Calgary eta Edmontonen artean, eta lau egunetan bete genituen. Aterpetxeetan egiten genuen lo; egur mozteko edo ate bat pintatzeko eskaintzen genuen geure burua, eta horren trukean lortu ohea. Auto-gidariek eramaten gintuzten, kamioilariek, itxura denez, debekatuta dutelako autostopean dabiltzanak hartzea. Eta nire ingeles jarioa gero eta oparoagoa zen, ordu luzeetako elkarrizketekin trebatua.
Edmontonen banatu ginen. Paul Alaskara joan zen, ni kontrako noranzkoaren zaleago nintzen: Vancouverrera joan nahi nuen, baina aurretik hamar egun eman nituen Mendi Harritsuetan. Trekking egin nuen, piraguaz ibili nintzen Athabasca ibaian, Banff eta Jasper herri zoragarriak bisitatu nituen. Autostop eginez mugitu nintzen une oro, eta behin ere ez nintzen berandu heldu inora.
Vancouverrerainoko 1.000 kilometroak ia aldi bakarrean egin nituen, japoniar gidari batekin. Hiri ederra da Vancouver, itsasoa alde batean eta mendiak bestean dituela. Euskaldunen gustukoa. Haren aurrean dago Vancouver uhartea, eta bertan, munduko trekking ederrenetakoa omen dena. Baimena behar da egiteko, egunero jende kopuru zehatza baizik ezin da sartu. Astebetez gozatu nituen hango bakardadeak; goizetan, bale eta orken jauziek diosala egiten zidaten.
Abentura amaitzear zen. Vancouverretik Puerto Ricora abitu nintzen abioiz, anaia han bizi zen-eta garai hartan. Abioiz itzuli nintzen Torontora halaber, eta oraindik autostop apur bat gehiago egin nuen Montrealeraino. Askok hartu ninduten beren autoetan, askok eskaini beren etxea, inork ezer eskatu ez. Geroztik neure egin dut goes around, comes around leloa, eta uste dut dagoeneko ordaindua edukiko dudala Kanadan hartu nuen zorra.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa