Astekaria

 Bestelakoak 

Ate bat ireki dugu

Ez dakit 2008ko ekainaren 27a Euskal Herriaren historian urrezko letretan idatzita geratuko den. Ez dakit egun historikoa izan zen ala ez; hori denborak esango digu, baina bai izan zela egun garrantzitsua, eta ondorio positiboak ekarriko ditu gainera. Gure herriko egoera politikoa desblokeatu nahian, bakea eta normalizazioa bilatu nahian, Eusko Legebiltzarrak herriari hitza ematea ahalbidetuko duen legea onartu zuen. Oinarrizko ariketa demokratikoa izan da eta etorkizunean beste ariketa demokratiko batzuk ere egin beharko ditugu, honako hau lehenengo urratsa baino ez baita izan.   Ez dago gizarteari bere iritzia eskatu eta errespetatzeko konpromisoa hartzea baino ezer demokratikoagorik. Zinez, alderdikeriak alde batera utzi eta gatazka politikoa behingoz konpondu nahi dugunok aukera paregabea dugu. Konponbidearen oinarriak –indarkeriaren desagerpena eta erabakitzeko eskubidea– ipini ditugu mahai gainean, eztabaida politikoaren erdi-erdian. Kontsultaren inguruko iskanbila mediatikoak eta hika-mika politikoak, hala ere, PSOEren eta PPren beldurra agerian utzi dute. Galdeketaren muinera joan ordez, euren Konstituzioa hartu eta legezkotasunaz hitz egiten digute, baina mamiari dagokionean ez dute inolako argudiorik ematen. Euskal herritarrek hitza hartzeko zilegitasun osoa dute, arazoa PSOEren eta PPren borondate politiko falta da. Beldur diote euskal gizartearen erantzunari, beldur diote demokraziari.   Ezker abertzalea ere beldurrez jokatzen ari da. Beldur dio benetako konpromisoak hartzeari. Besteen ustezko kontraesanak bilatzea ez da modurik eraginkorrena guztiok egin beharreko bidean aurrera egiteko. Aurkako jarrera ez eraikitzaile hutsak behingoz baztertu eta konpromiso serioak hartzeko ordua heldu zaio. Ezker abertzaleak erabaki behar du, edo kritika hutsean geratu, hasitako prozesuari kanpotik begiratuz, edo Euskal Herri independentea eraiki nahi dugunokin bidea egin, herri galdeketan jasotako bi printzipioak oinarritzat hartuta.   Ate bat ireki dugu, lehena, eta etorkizunean beste ate batzuk ere ireki beharko ditugu. Batzuek sarraila bortxatu omen dugula argudiatuz, Auzitegi Konstituzionala harresi gisa erabili nahi dute, baina herri borondatea geldiaraz dezakeen harresirik ez dago. Mehatxuek eta gehiengo arrotzak herri ahotsa isilarazteko inposatu nahiak ezingo dute euskal gizartearen bake nahia geldiarazi. Atea ireki dugu eta bidean hasteko prest gaude. Eusko Alkartasunako gizon-emakumeok bide horretan aurkituko gaituzte, bidelagun, bakarrik gure eskubide nazionalen aldeko gehiengo demokratiko zabala egituratzeak ekarriko duelako gatazka politikoaren konponbidea.

Irudia

Onintza Lasa Arteaga


2146. alea
2008-07-20
alde 0    kontra 0
Onintza Lasa
(Alberto Elosegi)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia