Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-07-20 -- 2146.zenb

Genetika

Joxerra Aizpurua

2005ean national geographic society eta IBMk Genographic proiektua planteatu zutenean ondoko erako galderei erantzuna bilatu nahi zieten; gehienok ezagutzen ditugu bi edo hiru belaunaldietako arbasoak, baina orain dela 60.000 urtekoak zeintzuk izan ziren? Nola egon naiteke erlazionatuta Tibeteko andere batekin edota masai batekin?
 
Ikerketa proiektua zuzentzen duen Wells ikerlariaren arabera, gure ADNa historia liburua da eta 2010. urte bitartean 100.000 ADN lagin bildu nahi dituzte mundu osoko populazio indigenengandik; horrela garaian garaiko migrazioak eta bideak ezagutzeaz gain, pertsonen arteko antzekotasunak aurkitzen saiatuko dira.
 
Hori dela eta, ikerlariek deialdi zabala egin zioten gizateriari proiektuan laguntzeko; nola? Norberaren ADNa azaltzeko beharrezkoa dena eginez. Ondoren, ikerlariek parte hartutakoei euren ADNa zein den esango die eta baita zein beste pertsonekin duten antzekotasuna ere.
 
Zeintzuk dira proiektuan parte hartzeko eman beharreko urratsak?
 
Lehenbizi 65 euro balio duen kit-a erosi behar da; bertan DVDa, ADNrako laginak hartzeko tresnak, liburuxkak eta mapak daude. Laginak hartzeko tresnarekin txistu pixka bat hartu, poto berezian sartu eta adierazitako helbidera bidali behar da.
Ondoren laborategian aztertuko dituzte laginak, gizonenak era batean eta andereenak bestean; eta zortzi aste barru emaitzak igorriko dizkizute etxera.
 
Emaitza horietan ez zaizu adieraziko zure arbasoak hemengoak edo hangoak diren, baizik eta ezaugarri hau edo bestea zuregana iritsi den ala ez. Alabaina, ikerketa lana amaitutakoan, 2010etik aurrera, agian, norberaren zuhaitz genealogikoa ezagutzeko datu gehiago argitara emango dituzte.
 
Azterketa horretan asko zaindu nahi izan da anonimotasuna, jakina baita informazio genetikoa oso informazio garrantzitsua dela norberaren bizitzarako.
 
Orain dela gutxi hainbat berriemailek “euskaldunak desberdinak” garela azpimarratu du. Irakurritako hainbat izenbururen arabera, euskaldunak ez dakit zer garela pentsatzea bultza daiteke. Baina orain arte datu horien arabera ziurta daitekeen gauza bakarra da euskaldunak beste batzuk baino isolatuagoak bizi izan garela, eta kito!
 
Artikulu honetan azaldu dizugun proiektuan parte hartu nahi baduzu jo helbide honetara: https://www3.nationalgeographic.com/genographic/participate.html

Osasuna

Madrileko unibertsitate autonomoko katedraduna den Juan Luis Hernández Alvarezek koordinatu duen ikerketa taldeak errealitate beldurgarri eta kezkagarriarekin egin du topo: 9 urtetik 17ra bitarteko haur eta gazteak sedentarioak dira, gainpisua dute eta duela gutxi arte hirugarren adinekoenak baino ez ziruditen ajeak dituzte.
 
Eskola umeen %45ak, adibidez, ezin ditu ukitu bere oin puntak hatz puntekin (belaunak tolestu gabe, noski). Malgutasunik gabeko umeak dira; luzarora bizkarreko min gogorrak jasango dituzte. Eta zergatik ote hori?
 
Ariketa fisikorik apenas egiten dute gazte askok. Gutxi eskolan edo institutuan, eta okerrago, ezta kalean jolasean ibili ere, garai batean ohikoa zen bezala. Jadanik ez da ikusten futbol partidarik kalean, ezta harrapaketa saiorik ere edo sokasaltorik parke eta jolaslekuetan, eskolatik atera ondoren. Telebistak eta bideojokoek hartzen dituzte aisialdiko tarte ia guztiak. Eta zenbat dira eskolara bizikletan, edo besterik gabe, oinez joaten diren haur eta gazteak?
 
Jolas-orduetan, neskak batez ere, txutxu-mutxuka aritzen dira –eserita, ezta patioan bueltaka ere–. Eta panorama are gehiago iluntzeko, azken aldian Gorputz Hezkuntzari eskainitako orduak murriztu nahi dituztela dirudi.
 
Ikerketa hori Espainiako Estatuko sei autonomia erkidegotan egin da –ez da EAEko edo Nafarroako daturik agertzen–, baina konklusioak gurera ekartzeko modukoak dira. Nerabeek duela hamar urte baino ariketa fisiko gutxiago egiten dute. Eta zer esanik ez gu gazte gineneko garaiekin –orain 30 edo 40 urteko garaiekin– konparatuta. Eta sedentarismo horretatik datozen arazoak kezkagarriak dira. Eskola umeen heren batek, gutxienez, ez du behar adina ariketa fisiko egiten, eta jakina, bizimodu sedentarioari lotutako arriskuak prebenitzeko ezin hobea den jarduera fisikoaren onurak hartu gabe geratzen da. Horrek epe ertainera, hainbat gaitz –obesitatea, hiperkolesterolemia, II tipoko diabetesa edo koloneko minbizia– areagotzea ekarriko du. Hobe, beraz, neurriak garaiz hartzea.

Landareak

Jakoba Errekondo

Eukalitoa

Gero eta maizago ikusten da eukalitoa (Eucaliptus globulus, E. nitens...). Garai batean gozokietan eta belar dendetan, bere hostoen lurrinarekin karkaixen gora-beherakoa arindu eta bere onera ekartzeko, burutiko beheragalea eta biriketako goragalea; gero, bere enbor-kumeak paper-fabriketako zelaiguneetan piramide erraldoiak egiteko txotx gisa; konturatzerako, Bizkaiko paradisu tropikalekoa uste genuena han-hemen landatua dago, bere usain oliotsua hedatzen; berdantzart, lagun baten etxe berrian zoruan ikusi dut, tarima legez. Eta gutxiena uste dugunean, Martin sukaldariren batek azken puntako “belar” izendatuz otorduren batean muturraren aurrera aterako digu. Honelatsu osatuko da eukalitoa geureratze lokarria.
 
Lokarriari, bidean, hariak eta sokak eteten ari zaizkio, ordea, eta sendoa amestutako lotura zarpaildu eta erdipurditutakoa izango da. Baita eukalitoarekin ere, nahi ahala ahalegin eta eginahal eginagatik, edo ez. Erreginaldirako bidean, naturan beti, lagun minak, aprobetxategiak... denetatik izango du aldamenean.
 
Gonipterus scutellatus, eukalitoaren gurgurioa aitatu nizun azkenekoan. Hostoak jaten dizkio zuhaitzari eta eraso kaltegarrienak landareak hiru eta bost urte artean dituenean antolatzen ditu, egurra gero zur izateko modukoa izango ez eta paper-orea ez beste egiteko balioko ez duelarik. Tasmaniatik zuhaitzari atzetik segika, Australia, Afrika, Italia eta Frantzian barrena iritsi da geurera. Baita eukalitadiak topatu ere. Euskal Herrian 13.000 inguru hektarea eukalitadi dugu, Bizkaian ia erabat. Eta Bizkaiko paradisuetako batean, Bakion, 1996an gurgurioa topatua zuten.
 
Gurgurioak bere erreginaldirako bidean ere badu, naturan beti, lagun minetik, izorratzailetik... Anaphes nitens izena duen liztortxo bat bada potro-zorri baten moduan gurgurioari arrautzak ukitzen dizkiona. Gurgurioak jartzen dituen arrautzen barruan jartzen ditu bereak. Haiek janez hazten da liztorkumea eta heldutakoan makina bat arrautza gehiago jarriko du... bien arteko oreka eraiki arte. Eukalitadietan zabaltzeko liztortxo honen ekoizpena negozio da egun Galizian.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan