Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-13 16:35:30
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-07-20 -- 2146.zenb

Julen Arzuaga (33/01 auzian epaitua)

Julen Arzuaga

Amaitu da Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren (AAM) kontrako ahozko bista Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hogeita zazpi herritar erakunde armatuko ustezko kide izateagatik egindako epaiketa.
 
Francoren garaiko Tribunal de Orden Públicoren oinordekoa den auzitegi horren ibilbide historikoa ezagututa...
Euskal Herrian garatzen diren ekimen politiko, sozial, kulturalen aurka izan duen jarrera eta –zehatzago, Haika-Segi auzian eta berrikiago 18/98 auzian izan duen portaera kontuan hartuta– auzitegi horren izaera politikoa etengabe mahai gainean jarrita...
Berme juridikoak eta justizia printzipioak baino, mendeku politikoa lortzeko tresna errepresiboa bezala ulertuta...
 
Eskubide politikoak –adierazpen askatasuna, elkartzeko eta manifestatzeko eskubideak– ezin direla negoziatu, fiskalizatu, baldintzatu, beti pentsatuta, gure kontrako epaia idatzita dagoela eta, momentu politiko honen gidoiak exijitzen duen moduan, zigor larriak izango direla argi edukita...: gure defentsa juridikoa egiteari uko egin genion.
 
Bi hilabete hauetan, auzitegiaren aurrean gure portaera pasiboa izan bada ere, lekuko deserosoak izan gara berriro ere: Euskal Herria denik ere onartzen ez duen epaimahaia ikusi dugu. Ekinbide sozial eta politiko bat zertan datzan eta herriaren ekimenak nola gauzatzen diren ulertzen ez duena. Denak etsaitzat hartzeko betaurrekoak jantzita, zozketa, txosna eta elkarretaratzeak, edozein arrazoirengatik antolatuta egonda ere –arrazoi horiek guretzat behintzat ezagunak eta gardenak izan arren–, era kriminalizatzailean interpretatzen ditu. Baina, hala eta guztiz ere, gure ekimenak torturaren existentzia, espetxe-politika basatia eta Estatuaren terrorismoaren ondorio zuzenak direla ikusi dugu bai guk bai epaileek ere. Errealitate horiek ageri-agerikoak baitira beti Amnistiaren Aldeko Mugimenduaz ari garenean.
 
Auzitegiaren aurrean izan dugun pasibotasun horrek gure herriarekin izan dugun jarrera aktibo eta ozenarekin kontrastatu du, argi eta ozen esan baitugu errepresioa dagoen bitartean, horren kontrako salaketa egongo dela. Inork Estatuaren bortizkeriaren atzaparkadak sufritu baditu, ez duela bidea bakarrik egingo. Gu ez bagara ere, beste batzuk izango direla gure herri honetan errepresioaren kontrako bandera altxatuko dutenak eta guztion artean olatu-horma bat eraikiko dugula, herri honen eskubideen kontrako erasoei aurre egiteko.
 
Izan ere, preso politiko gehiago sortuz Amnistiaren Aldeko Mugimendua galaraziko dutela uste al dute?

Onintza Lasa Arteaga (Eusko Alkartasunako legebiltzarkidea)

Onintza Lasa

Ez dakit 2008ko ekainaren 27a Euskal Herriaren historian urrezko letretan idatzita geratuko den. Ez dakit egun historikoa izan zen ala ez; hori denborak esango digu, baina bai izan zela egun garrantzitsua, eta ondorio positiboak ekarriko ditu gainera. Gure herriko egoera politikoa desblokeatu nahian, bakea eta normalizazioa bilatu nahian, Eusko Legebiltzarrak herriari hitza ematea ahalbidetuko duen legea onartu zuen. Oinarrizko ariketa demokratikoa izan da eta etorkizunean beste ariketa demokratiko batzuk ere egin beharko ditugu, honako hau lehenengo urratsa baino ez baita izan.
 
Ez dago gizarteari bere iritzia eskatu eta errespetatzeko konpromisoa hartzea baino ezer demokratikoagorik. Zinez, alderdikeriak alde batera utzi eta gatazka politikoa behingoz konpondu nahi dugunok aukera paregabea dugu. Konponbidearen oinarriak –indarkeriaren desagerpena eta erabakitzeko eskubidea– ipini ditugu mahai gainean, eztabaida politikoaren erdi-erdian.
Kontsultaren inguruko iskanbila mediatikoak eta hika-mika politikoak, hala ere, PSOEren eta PPren beldurra agerian utzi dute. Galdeketaren muinera joan ordez, euren Konstituzioa hartu eta legezkotasunaz hitz egiten digute, baina mamiari dagokionean ez dute inolako argudiorik ematen. Euskal herritarrek hitza hartzeko zilegitasun osoa dute, arazoa PSOEren eta PPren borondate politiko falta da. Beldur diote euskal gizartearen erantzunari, beldur diote demokraziari.
 
Ezker abertzalea ere beldurrez jokatzen ari da. Beldur dio benetako konpromisoak hartzeari. Besteen ustezko kontraesanak bilatzea ez da modurik eraginkorrena guztiok egin beharreko bidean aurrera egiteko. Aurkako jarrera ez eraikitzaile hutsak behingoz baztertu eta konpromiso serioak hartzeko ordua heldu zaio. Ezker abertzaleak erabaki behar du, edo kritika hutsean geratu, hasitako prozesuari kanpotik begiratuz, edo Euskal Herri independentea eraiki nahi dugunokin bidea egin, herri galdeketan jasotako bi printzipioak oinarritzat hartuta.
 
Ate bat ireki dugu, lehena, eta etorkizunean beste ate batzuk ere ireki beharko ditugu. Batzuek sarraila bortxatu omen dugula argudiatuz, Auzitegi Konstituzionala harresi gisa erabili nahi dute, baina herri borondatea geldiaraz dezakeen harresirik ez dago. Mehatxuek eta gehiengo arrotzak herri ahotsa isilarazteko inposatu nahiak ezingo dute euskal gizartearen bake nahia geldiarazi. Atea ireki dugu eta bidean hasteko prest gaude. Eusko Alkartasunako gizon-emakumeok bide horretan aurkituko gaituzte, bidelagun, bakarrik gure eskubide nazionalen aldeko gehiengo demokratiko zabala egituratzeak ekarriko duelako gatazka politikoaren konponbidea.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan