Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Osasuna

Giltzurruneko tumorea bagina bidez erauzia

Jabier Agirre

Jabier Agirre


2145. alea
2008-07-13
alde 0    kontra 0
Rufina Gilo, ebakuntza egin zion mediku taldearekin

Rufina Gilo du izena istorio honetako protagonistak. 66 urteko emakume honek, hiru seme-alabaren ama, giltzurruneko tumorea zeukan, eta bere medikuak teknika berri batekin operatu nahi zuela esan zionean ez zuen inolako zalantzarik izan. “Dena hobe beharrez izango zela esan zidan medikuak, eta hortaz, zenbat eta lehenago egin, orduan eta hobe” pentsatu zuen. Esan eta egin. Arrakasta osoz gainera.
 
Teknika berriak pazientearen zulo edo hutsune naturalak aprobetxatzen ditu (ahoa, bagina, uzkia, etab.), egin beharreko ebakiak gutxitzeko. Horri esker, ebakuntza-ostea ez da hain mingarria, eta gainera laburragoa izaten da. Kasu honetan, Bartzelonako Clinic Ospitaleko Urologia Zerbitzuko Alcaraz doktoreak koordinatu zuen ebakuntza –baginan zeharreko nefrektomia– eta hiru egunera alta ematen zioten gaixoari.
 

Operazioa teknika tradizionalekin egin izan balitz, laparoskopia bidez hain zuzen ere, aurrena sei zentimetroko ebakia egin behar izango zioten gaixoari, handik tresna eta instrumental kirurgikoa sartzeko. Eta horrek, zilborraren inguruan orbain handi samarra uzteaz gain, suspertzeko denbora luzatu eta molestia gehiago eragin izango lizkioke.
 
Europan aurreneko aldiz egindako ebakuntza horren ondotik –duela hilabete batzuk antzeko bat egin zen Brasilen aurreneko aldiz–, pentsatzekoa da teknika berria gero eta gehiago erabiliko dela. Oraingoz 25 gaixo ingururi operazioa egitea aurreikusten dute, urtero, ospitale horretan. Giltzurrun osoa edo haren zati bat ere erauzi behar zaien emakumeentzat teknika egokitzat jotzen da baginan zeharreko erauzketa, betiere erauzi beharreko alea ez bada 14-15 zentimetro baino luzeagoa, eta haren diametroak ez baditu hamar zentimetroak gainditzen. Aurretik seme-alabak izan dituzten emakumeetan ebakuntza errazagoa izango litzateke, beren erditze-kanala zabalagoa baita.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia