Astekaria

 Bero-beroan 

Erbeste ekonomikoa Iparraldean

Iparraldeko biztanleria, gazteak batez ere, erbeste ekonomikoa nozitzera behartua dago. Horietatik askok beren lurra utzi behar izaten dute, bai ikasteko, bai lan egiteko. Frantziar Estatuko beste zonalde batzuetara joaten dira. Gero ez dira itzultzen, edo hala egiten badute ere, urte asko ondoren izaten da. Hegoaldea gehienentzat ez da helmuga erakargarria izaten. Hala diote Hemen-ek eta Gaindegiak iragan astean Baionan aurkeztutako datuek. Gauza jakina da Iparraldeko sare ekonomikoa batez ere turismoan eta merkataritzan oinarritzen dela eta horren ondorioz Iparraldeko langabezi tasa Euskal Herriko altuena da. 2005eko datuen arabera, EAEko langabezi tasa %7,3 zen, Nafarroan %5,6koa eta Pirinio Atlantikoetan, Iparraldeko biztanleria kokatzen den lekuan, %9,2koa. Betiko legez, emakumezkoak eta gazteak dira langabezia gehien nozitzen dutenak, Iparraldean %23,2 izatera iristen baita. Ez da harritzekoa Iparraldeko gazteek Hegoaldean lan eta ikasketa arloko aukera erakargarririk ez topatzea, nahiz eta izan badiren ikasteko eta lan egiteko aukerak, Iparraldean bizitzen jarraitzea ahalbidetuko lieketenak. Euskal Herriko bi aldeetako administrazioek egoera hori aztertu eta irtenbideak bilatzeko ez dute apenas ahaleginik egin. Administrazio bakoitza bere lurraldeaz arduratzen da, eta Euskal Herriaren osotasunaz ahazten da. Beharrezkoa izango da administrazio guztiek, alderdi politikoek, eragile ekonomiko, sozial eta sindikalek ahalegina areagotzea; Hegoaldearen eta Iparraldearen artean komunikazio eta kooperazio handiagoa sustatzeko, Euskal Herri bateratuagoa eta integratuagoa lortzeko. Besteren artean Iparraldeko geure gazteriaren erbeste ekonomikoa saihesteko.

Juan Mari Arregi

Juan Mari Arregi


2145. alea
2008-07-13
alde 0    kontra 0


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia