Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-07-13 -- 2145.zenb

Pako Sudupe (idazlea)

Pako Sudupe

Hala zioen Nemesio Etxanizek 1951n, Bizi nai artikuluan: “Onenbeste erdal-burruka ondoren, erri asko erori dira. Azkoitik euskaldun dirau oraindik, Jaunari eskerrak. Baña ari zaizkio azpi-jorran”. Oso kontziente zen espainolek zer-nolako borroka egin zuten euskara euskaldunen ezpainetatik kenarazi eta espainola ezartzeko batere begiramenik gabe. Jakina, esango duzu, irakurle, diktadura garaia zen; eta hizpidean zaude, baina halere axola handikoa iruditzen zait gogoratzea –neure buruari ere– euskaldun ezpainetan euskarak bizi duen egoera kaxkarra borroka eta azpi-jorra horien ondorio (ere) badela.

Egun, txitean-pitean egiten dugu topo euskaraz soilik haurrekin egin nahi duten euskaldunekin, euskara ere praktika horren eraginez, haurrekin hitz egiteko bestetarako ez dutenak, haur-hizkuntza, eta iruditzen zaigu jai daukagula, barruan dugula harra barrua usteltzen ari zaiguna, eta euskal praktika baino aurreratuago sumatzen dugun kontzientzia politikoa gorabehera, gure nazioaren porrota ezin saihestua dugula.

Politikari abertzaleek zer egin dute, aspalditik datorren erdal borroka eta azpi-jorren aurka azken hogeita hamar urteetan, Hego Euskal Herrian bereziki? Erakundeak sortzeari, lurraldetasunari eman diote garrantzia, eta ez euskara nagusiarazteko borrokari, berak nagusiki, eta aldeak alde, erdararen inposizio-kate horretan kokaturik ari baitira politikagintza espainolez lantzen, hondarrik hondarrenean, Francoren diktadurapean bezalatsu, hizkuntza-borroka askatasunaren biharamunerako utzirik, irakaskuntzak mirariak egin arte edo, eta horrela Irlandaren eredurantz urratsak egiten. Euskalgintza eta aberrigintza uztarturik ez eramatekotan, bietan porrota!

Euskal erakundeetan nagusi direnek behin eta berriz adierazten digute espainola ere gurea dela, eta bi hizkuntzak baliatu behar ditugula gureak direnez gero, espainol totalitarioek hainbeste konplexu ereinez gure baitan sarrarazia, eta N. Etxanizek “bide ertzeko belarra”ren metaforapean agertzen ziguna, publikoki hiltzera kondenatua. Frankismoaren pean deslegitimatuak zeuden espainiar hizkuntza, kultura eta identitatea abertzaletasunak legitimatu egiten ditu, eta nazio euskaldunaren ezaugarri nagusiak deslegitimatu, nazio menderatzailearen identitate-balioak erabiliz. Adierazgarria: hogeita hamar urteren ondotik euskara jakin beharrik ez hauteskundeetara aurkezteko.

Nazio euskaldunaren gainbehera iraultzea, bi borroken arteko simetria, merezi digun iraultza bakarra, bizi nahi baitugu euskaldun gisa. Bat nator Joxe Manuel Odriozolarekin!

Jexux Mari Ariznabarreta (LABeko kidea)

Jexux Mari Ariznabarreta

Munduan 850 milioi pertsonak gosea nozitzen du, eta oinarrizko elikagaien prezioen gorakada izugarriaren ondorioz, 950 milioi izango dira laster. Adibidetzat, gariaren prezioa: %130eko igoera mundu mailan azken urtean. Elikagaien inportazio dependentzia handia duten herrialdeetan, oraindik okerrago, zerealen prezioa bikoiztu eta hirukoiztu egin da. Kontu oso larria benetan, 5 segundoko haur bat hiltzen da gosez munduan, eta egoera okertuz doa.

Banekien FAOk, NBEren Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundeak, ekainaren lehen astean Erroman egin zuen goi bilerak ez zuela ekarriko elikagaien krisiari eta gosete gordinari aurre egiteko neurri zehatzik. Hala ere, egoeraren sakoneko zergatietara jo eta egungo nekazaritza ereduen gutxieneko salaketa espero nuen. Ezta horixe ere! FAOk, alarma egoerak derrigortuta, bere burua zuritu du asmo oneko adierazpenak erabiliz, baina, berriro ere, zergati estrukturalak aztertu gabe multinazional erraldoien interesak babestu ditu milioika pertsonen elikadura beharrizanen gainetik.

Nahiz eta gezurra dela ondo jakin, eskaintza eta eskaera arazoa bailitzan aurkeztu dute krisia, eta elikagaien produkzioa handitzea eta esportazio mugak guztiz deuseztea planteatu dute, merkatuaren auto-erregulatzeko gaitasunaren eskuetan utziz arazoaren konponketa. Hots, eredua aldatu ordez, krisia eragiten duten elementuak areagotu.

Ez! Ez dago elikagaien eskasiarik. Zereal garauen ekoizpena %4 igo zen iaz. Eta azken 50 urteotan munduko biztanleria bikoiztu egin bada, garauen produkzioa hirukoiztu egin da. Kontua da milioika pertsonak ezin dituela elikagaiok erosi ez ekoiztu. Tokian tokiko merkatuak eta lurrak nekazal-negozioen transnazional monopolisten espekulazioen eskuetan jarri dituzte eta herrialde aberatsetako elikagaien sarrera bultzatu dute. Ondorioz, nekazal egitura propioak desegin eta nekazari txikiak eurentzako eta ingururako elikagaiak sortzetik gosetea nozitzera pasatu dira. Globalizazio neoliberalaren logika perbertsoa: munduan gosea sufritzen duten pertsonetatik %80a nekazari txikiak dira.

Zenbat eta gosete handiagoa, hainbat eta gorakada handiagoa nekazal-negozioetako multinazionalen mozkinetan. Potash Corp, Mosaic, Cargill, ADM, ConAgra, Nestlé, Uniliver, Monsanto, Dupont eta abar luzeak, 2007an %30tik %150ra doazen gorakadak izan dituzte 2006arekin alderatuz. Mozkin izugarriak milioika pertsonaren gosete krudelaren kontura! Gosez hiltzearen negozioa!
Elikadura burujabetzaz serio hitz egiten hasteko ordua da. Geure herritik bertatik hasita.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan