Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-07-13 -- 2145.zenb

Abertzaleak eta euskara (J. M. Odriozola)

Pako Sudupe (idazlea)

Pako Sudupe

Hala zioen Nemesio Etxanizek 1951n, Bizi nai artikuluan: “Onenbeste erdal-burruka ondoren, erri asko erori dira. Azkoitik euskaldun dirau oraindik, Jaunari eskerrak. Baña ari zaizkio azpi-jorran”. Oso kontziente zen espainolek zer-nolako borroka egin zuten euskara euskaldunen ezpainetatik kenarazi eta espainola ezartzeko batere begiramenik gabe. Jakina, esango duzu, irakurle, diktadura garaia zen; eta hizpidean zaude, baina halere axola handikoa iruditzen zait gogoratzea –neure buruari ere– euskaldun ezpainetan euskarak bizi duen egoera kaxkarra borroka eta azpi-jorra horien ondorio (ere) badela.

Egun, txitean-pitean egiten dugu topo euskaraz soilik haurrekin egin nahi duten euskaldunekin, euskara ere praktika horren eraginez, haurrekin hitz egiteko bestetarako ez dutenak, haur-hizkuntza, eta iruditzen zaigu jai daukagula, barruan dugula harra barrua usteltzen ari zaiguna, eta euskal praktika baino aurreratuago sumatzen dugun kontzientzia politikoa gorabehera, gure nazioaren porrota ezin saihestua dugula.

Politikari abertzaleek zer egin dute, aspalditik datorren erdal borroka eta azpi-jorren aurka azken hogeita hamar urteetan, Hego Euskal Herrian bereziki? Erakundeak sortzeari, lurraldetasunari eman diote garrantzia, eta ez euskara nagusiarazteko borrokari, berak nagusiki, eta aldeak alde, erdararen inposizio-kate horretan kokaturik ari baitira politikagintza espainolez lantzen, hondarrik hondarrenean, Francoren diktadurapean bezalatsu, hizkuntza-borroka askatasunaren biharamunerako utzirik, irakaskuntzak mirariak egin arte edo, eta horrela Irlandaren eredurantz urratsak egiten. Euskalgintza eta aberrigintza uztarturik ez eramatekotan, bietan porrota!

Euskal erakundeetan nagusi direnek behin eta berriz adierazten digute espainola ere gurea dela, eta bi hizkuntzak baliatu behar ditugula gureak direnez gero, espainol totalitarioek hainbeste konplexu ereinez gure baitan sarrarazia, eta N. Etxanizek “bide ertzeko belarra”ren metaforapean agertzen ziguna, publikoki hiltzera kondenatua. Frankismoaren pean deslegitimatuak zeuden espainiar hizkuntza, kultura eta identitatea abertzaletasunak legitimatu egiten ditu, eta nazio euskaldunaren ezaugarri nagusiak deslegitimatu, nazio menderatzailearen identitate-balioak erabiliz. Adierazgarria: hogeita hamar urteren ondotik euskara jakin beharrik ez hauteskundeetara aurkezteko.

Nazio euskaldunaren gainbehera iraultzea, bi borroken arteko simetria, merezi digun iraultza bakarra, bizi nahi baitugu euskaldun gisa. Bat nator Joxe Manuel Odriozolarekin!

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan