Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-07-06 -- 2144.zenb

Ustelkeria erakunde publikoetan

Guggenheimeko desfalkoak erbia altxatu du

Daniel Udalaitz

Apirilean Guggenheim museoan agerian geratutako funts-desbideratze larriak mahai gainera ekarri ditu erakunde publikoen mendekoak diren enpresa, elkarte edo fundazioetan atzemandako beste hainbat ustelkeria kasu. Batzuk, gainera, argitu gabe daude oraindik.Are gehiago, oraindik estalita dauden baina azaldu litezkeen beste kasuen inguruko duda-muda handiak sortu dira.

Egia da ustelkeria politikoa ez dela orokorra Euskal Herrian. Baina Guggenheimeko funts-desbideratzearen ondoren EAJko Jose Antonio Rubalkaba parlamentariak baieztatutakoa ere ez da egia: “Euskadin ez dago ustelkeria politikorik. Jokabide egokia izan ez duten pertsonen kasu puntualak besterik ez dauzkagu”. Eta ez da egia Iñaki Azkuna Bilboko alkateak esandakoa ere, lapur banaka batzuk besterik ez direla, alegia; edo mintzagai dugun euskal museoko zuzendari nagusiak, Juan Ignacio Vidartek, esandakoa: “Ardi beltza” dela, besterik ez. Honakoak dira ondoren aipatuko ditugun kasurik esanguratsu eta berrienak: Guggenheim, Bizkaiko Foru Ogasuna eta Irungo Foru Ogasuna, Jon Jauregi afera, Sondikako Aireportuko zuzendariaren ondarea, Gasteizko Udaleko irregulartasun urbanistikoak, Getariako Balentziaga Museoa, Laguardia eta Bastidako golf zelaiak, Gizarte Laguntzako Oinarrizko Errenta, eta abar.

Kasu horiek euskal erakunde publikoekin zerikusia duten enpresa, elkarte eta fundazioei eragiten diete eta batzuetan neurri handiagoan, bestetan txikiagoan, baita EAJ, PP eta PSOEko politikariei ere. Akaso ustelkeria interpretatzeko modu horrekin, alegia, ustelkeria indibidualizatu eta pertsona oso konkretu batzuei egotziz, ustelkeriaren testuingurua ezkutatu nahi da. Testuinguru horretan erantzule politikoak azaltzen dira eta haiei eragiten die, ez direlako zorrotzak izaten kontrol neurri estuak eskatzeko garaian eta gehiegizko konfiantza izaten dutelako karguak betetzeko beraiek jarritako “konfiantzazko pertsonengan”.

Aspaldian ez zen ustelkeria kasurik azaleratu. Ahaztuta geratu da 1980ko hamarkadan Osakidetzan izandako eskandalua. Garai hartan, euskal nazionalismoak hasieran egin zuen bezala baina modu baldarragoan eta delitua eginez, agintariek gertuko pertsona ugari sartu nahi izan zituzten administrazioan. Gogoratu makina txanponjaleen garai bertsuko kasua ere, EAEko finantzaketa bideekin lotu zen hura. Eta guztien gainetik, eskandalurik handiena izan zelako, nola ahaztu Gabriel Urralburu eta Javier Otaño Nafarroako lehendakari ohiak eta Aragoiko Jorge Esparza eta Luis Roldán tartean izan zituen kasua. 1987 eta 1991. urteen artean obra publikoak esleitzearen truke eraikuntzako enpresei komisioak kobratzeagatik etengabeko funtzionario eroskeria egotzi zitzaien eta espetxera bidali zituzten.

Guggenheim, kontrol eza

Joan den apirilean ezagutu genuen Bilboko Guggenheim museoko funts-desbideratzea. Kudeatzaile administratibo nahiz politikoen konfiantzazko gizona zen finantza zuzendariak, Roberto Cearsolok, aitortu zuen 1998az geroztik ia milioi erdi (486.979) euroz jabetu dela. Desbideratzearen berri izan zenean, 251.900 euroko txekea aurkeztu eta gainontzeko guztia itzultzeko konpromisoa hartu zuen. Jabetzan hartutako zenbatekoa artelanak erosteko sortutako Tenedora elkartearena eta eraikinaren jabearena da. Euskal pinakotekatik ziurtatu dute BBK-k eman zizkiola finantza zuzendariari kontuen gakoak eta hark bere karguaz baliatuz lortu zituela, Zuzendaritza Nagusiaren baimenik gabe.

Begi-bistakoa da kontrol ezak erraztu zuela finantza zuzendaria diruaz bidegabe jabetzea. Izan ere, sortu zenetik euskal erakundeetatik 90 milioi euro jaso dituen Tenedora elkarteari –artelanak eskuratzeko eman zaio diru hori– kanpoko kontu ikuskaritzak egin zitzaizkion 1995, 1996 eta 1997. urteetan. Baina ikuskaritzak egiteari utzi zitzaion eta 2007ko ekitaldira arte, hain zuzen ere dibisen erosketan galerak antzeman zirela-eta oposizioa presioa egiten hasi arte, ez zen berriz konturik ikuskatu. Epaitegian salatutako gertakariak delituak izan litezke: bidegabe jabetzea eta merkataritzako dokumentua faltsutzea. Delitu larriak izan daitezke, gainera, behin eta berriz egin direlako. Akusatuaren alde egin edo zigorra arindu dezake lapurtutako diru-kopuruaren zati bat itzuli izanak. Momentuz, finantza zuzendaria kargutik kentzea besterik ez da gertatu; kudeatzaile administratibo edo politiko bakar batek ere ez du dimisiorik eman, nahiz eta beraiek izendatzen dituzten konfiantza handieneko kargu horien lana zaintzeko arduradun nagusiak.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE) ziurtatu du Guggenheim museoko iruzur eta irregulartasunak saihestu ahal izango zirela 2001 eta 2005. urteetan emandako aholkuak kontuan hartu izan balira. Museoko zuzendari nagusi Juan Ignacio Vidartek ordea, ezetz esan du, kontuak manipulatuta zeudela argudiatuz. Nolanahi, justizia epaitegien esku dago iruzurra argitzea. Horretarako, joan den maiatzean hasi ziren instrukzioko Bilboko epaitegi batean deklaratzen iruzurra egin zuen finantza zuzendaria eta zuzendari nagusia. Bitxia bada ere, bere burua erruduntzat jotakoak libre eta kautelazko inongo neurririk gabe jarraitu zuen epaitegian deklarazioa egin ondoren.

Ogasunak eta Gasteizko Udala. Erantzukizun politikoak?

Ustelkeriak Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiak ere zipriztindu ditu. Bizkaian oraindik irekita jarraitzen du garai hartan ikuskari burua zen Juan Ramón Ibarraren aurka 2003an hasitako instrukzio judizialak. Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak bere aurkako kereila jarri zuen ustez prebarikazioa eta dokumentu publikoak faltsutu izanaren delituak egiteagatik. Ustez sistema informatikoa manipulatu izanaz dago akusatuta, ehun bat lagunez osatutako zergadun babestuen zerrenda bat ikuskatzaileek ez aurkitzeko edo ikuskaritza paraleloak egitea saihesteko asmoz. Dirudienez, prozesatuak babes ekintza hori ez zuen beretzat etekinik lortzeko erabili.

Babestutako zenbait enpresek euskal nazionalismoaren kutsua badute ere, orain arte ezin izan da lotura garbirik egin. Jatorri oso desberdineko enpresak azaltzen dira aipatutako zerrendan. Ibarra kargutik kendu eta auzipetu egin zuten. Ogasuneko zuzendari nagusia, ordea, Javier Muguruza, ikertu eta kargutik kendu zuten, baina auzipetu gabe.

Gertatu berria izateagatik ezagunagoa dugu Irungo Foru Ogasuneko kasua. 1989. eta 2004. urteen artean 8,1 milioi euroko iruzurra egin zen bertan. Inputatu nagusia, Jose Maria Bravo, bidegabe 1.638.552 euroz jabetzearen akusaziopean, espetxean dago. Alabaina, herri akusazioak bestelako salaketa egin du: “Aldundian antolatu eta planifikatutako iruzurra”. Bestalde, ziurtatu eta salatu du elkarrekin ados jarrita izendatu zirela Ogasuneko karguak eta kargu horiek iruzurra erraztu eta kontrol sistemek huts egitea eragin dutela. Kasu honek justiziaren eskuetan jarraitzen du, baina oraindik ez zaio inori erantzukizun politikorik egotzi. Hori dela-eta, irekitako zigor arloko prozeduran herri akusazio izateari utzi dio LABek, eta administrazioarekiko auzien bideari ekin dio, erantzukizun politikoak eskatzeko.

Ustelkeria politikoaren beste kasu batek ere eragina izan du Aldundi horretan bertan, Jon Jauregik, bere ondareari buruzko filtrazioen ondorioz, uko egin behar izan baitzion ahaldun nagusirako hautagai izateari. Datuak Babesteko Euskal Bulegoak ezagutarazi du filtrazio hori (deklaratu gabeko zenbait etxebizitzari buruzko datuak) Gonzalez Txabarriri lotutako aurreko Ogasun Departamentuaren zuzendaritzatik atera zela, foru eta udal hauteskundeetarako kanpaina bete-betean zela, EAJren barne borroken ondorioz.

Gasteizko Udala ere ez zen onik atera ustelkeriaren zipriztinetatik PPko Alfonso Alonso alkatearen eta Hirigintzako Jorge Ibarrondo zinegotziaren kudeaketarekin. Oraindik irekita jarraitzen du bi txalet-urbanizaziotan egindako ustezko irregulartasunak argitzeko ikerketak. Nolanahi ere, PPko politikariek ukatu egiten dituzte irregulartasun horiek.

Sondika eta Balentziaga, arropa opari

Balentziaga Fundazioan eta Eusko Jaurlaritzak, Getariako Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak osatzen duten Berroeta Aldamar Elkarte Publikoan ere irregulartasun zantzuak daude lehengo urteaz geroztik. Mariano Camio EAJko Getariako alkate eta museoko kudeatzaile izandakoa judizialki ikertzen ari dira, dirua bidegabe erabili, dokumentuak faltsutu eta administrazio desleiala egin ote duen jakiteko; izan ere, justifikatu gabeko proiektuen fakturak ordaindu zitzaizkion enpresa bati. Fakturatutako gehiegizko zenbatekoa gutxienez 439.905 eurokoa da. Gainera, Eusko Jaurlaritzak eskuratu eta fundazioan gordetako Balentziaga jostunaren hainbat jantzi desagertu egin dira edo Getariako EAJko kargudunen emazteak oparitan jaso dituzte.

Bestalde, Espainiako Estatuko AENA erakunde publikoarentzat lan egin eta Sondikako Aireportuko zuzendari izandako Segismundo Lopez-Santacruzi bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri diote aireportu bizkaitarra kudeatzen zuen garaian (1997tik 2001era) bidegabeko erabilera eta funtzionarioak erosi izana egotzita. Lanak nahi bezala esleitu, egin gabeko lanak ordaindu eta gutxienez 948.000 euro jaso zituen komisiotan. Beste bi auzi ditu argitzeke: dokumentu pribatua faltsutzeagatiko delitu bat Iruñean, eta Getxoko pisu baten salmentan ondasunak ostentzeagatiko beste bat Bilbon.

Politikari erostezinak ere badaude

Euskal politikarien artean, arlo guztietan gertatzen den bezala, denetarik dago; badira erostezinak direnak ere. Esate baterako, hortxe dugu Bastidako Udaleko Gregorio Lopez EAko zinegotziaren orain dela gutxiko kasua. Bastidan golf zelai bat jarri eta ehunka etxebizitza eraikitzeko plana zegoen. EAko zinegotziak, ordea, salatu zuen enpresaburu errioxar bat, Gregorio O., bere botoa erosten saiatu zela golfaren ondoan aurreikusita zeuden 120 etxebizitza eraiki beharrean 320 eraikitzeko. Enpresaburu errioxar horrek 90.000 euro eskaini zizkion proiektatutakoak baino etxebizitza gehiago eraikitzeko PPk egin zuen proposamenaren aldeko botoa eman zezan. Bere botoa erabakigarria zen, EAJ eta PPren arteko launako berdinketa apurtzen baitzuen, baina azkenean ez zuen aldeko botorik eman.

Zinegotzi abertzalearen salaketaren ondorioz, eginbide judizialak hasi ziren eta berehala beste bi pertsona auzipetu zituzten, mahastizaintza eta ardogintza sektoreko bi enpresaburu hain zuzen ere; bata Logroñokoa (España) eta Arabako Errioxakoa bestea. Ministerio Publikoak irregulartasun zantzuak ikusi ditu bai Laguardiako proiektuaren plangintzan eta bai Bastidakoan. Bi kasuek dute zerikusia lursailen salerosketako hainbat eragiketetan informazio pribilegiatua erabiltzearekin.

Halere, azken boladan izandako ustelkeria kasuek agerian utzi dute “kasu puntualak”, “lapur bakan batzuk” edo “ardi beltzak” baino zerbait gehiago dagoela. Zein izango da hurrengo eskandalua?

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan