2008-07-06 -- 2144.zenb
Medioek zer nolako jabetza sistema aplikatu beharko liekete euren edukiei?
Marko Txopitea: Zergatik daude hedabideak? Jendeak informazioa nahi duelako ezagutu, elkartrukatu eta abar. Hedabide digitaletan hedabide fisikoetako copyright ereduak erabiltzeak ez dauka zentzurik. Une honetan mundu osoko hedabide guztiek copyleft erabiliko balute, ez litzateke ezer gertatuko, ez lirateke ez salmentak, ez hedabideak desagertuko. Zu hedabide batera bazoaz, hedabide horrek albisteak sortzeko duen gaitasunarengatik zoaz. Informazio digitalaren munduan kopiatzeari trabak jartzeak ez du zentzurik. Egia esan, zure nabigatzailearekin bideo bat ikusten duzunean, jada kopiatzen ari zara; webgune bat ikusten dugunean, orri hori gure disko gogorrean kopiatzen da. Creative commons lizentziak erabiltzen dituzten hedabideek euren informazioa gehiago zabaltzea lortzen dute, eta azken finean egiletasuna mantendu egiten da.
Joxe Rojas: Batzuek hedabidea informazioa zabaltzeko tresna gisa ulertzen dute, baina beste batzuek dirua irabazteko.
Marko Txopitea: Informazioa zabaltzeak diru gehiago ekartzen duela erakusten duten datu piloa daude, baina hedabideek, kudeaketa enpresek, diskoetxeek ez dute hori onartu nahi. Nik beti Paulo Coelhoren adibidea jartzen dut. Coelho oso idazle famatua da, best seller ugari dituena. Diru asko dauka eta duela 3 edo 5 urte blog bat zabaldu zuen. Bertan bere liburuak eta horien itzulpenak argitaratzen hasi zen. Alkimista liburuaren errusierazko itzulpena argitaratu zenean, Errusian urtean 1000 ale inguru saltzen ziren. Errusierazko itzulpena Interneten jarri zuenean, liburuaren salmentak izugarri handitu ziren.
Jabi Zabala: Joan den egunean irakurri nuen, zenbait egunkarik Google salatu dutela Google News zerbitzuan komunikabide horien albisteak jartzeagatik. Nola gerta liteke hori gaur egun? Nor da komunikabide horietako zuzendaria? Zuzendari horrek ba al daki zerbait bisitei buruz? Trafikoari buruz? Page rank-ari buruz? Hedabide batek Google edo Google News-etik datozen bisitak galtzen baditu, hedabide hori ez dago, ez da existitzen.
Euskal Herriko komunikabideen artean badago bateren bat bere edukiak copyleft bidez ematen duenik?
Jabi Zabala: Irratia.com-ek bai.
Joxe Rojas: Tokikoen artean, bateren batek ere baduela uste dut. Baina nahiz eta ofizialki copyleft lizentzia ez izan, tokiko hedabideetan maiz agertzen da edukiak iturria aipatuz kopiatu ahal daitezkeela dioen ohartxoa.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa