I Ez dut izan nahi gaiztoegia, sobera ironikoa baina herri hau ikus dezaket ur zikinetan itoa. Tarte txiki hau hartu nahi nuke Argiak emanikoa esplikatzeko ze gaitz mota den bileritis kronikoa. II Talde bateko parte bazara –kultur-talderen bat kasu–, nonbait ta noizbait nor izatea helburutzat badaukazu, uste baduzu ez dizutela sekula egiten kasu: zure bizitza monotonoan bilera bat jar ezazu. III Liberatua da bileretan falta ezin den figura hark ekartzen du “dokumentua” hark antolatu bilkura. Speecha ere moldatu ohi du Arnaldoren azentura ta beti dauzka boligrafoa eta agenda eskura! IV Liberatuak profesionaldu ondoren bileragintza beti behar du nork entzun eta konpartitua speecha. “Taldekidea” han egongo da (hori da bere baldintza) ezer esan ez baina bileran beti hartuko du hitza. V Ketu denean udalarekin noizbait hitzartu zen gela akta bere gain hartzen du batek (inork ez du nahi ahal dela). Eta kalera irtengo dira bileraero bezela beste behin elkar konbentzituaz zeozer egin dutela. VI Irten gelatik eta tabernan tragoa eskatzerako galdetzen dute nor gelditzen den afari-mokadurako. Jan-hitz-edan-hitz mingaina lodi jarririk azkenerako data ta ordua ipintzen dira hurrengo bilerarako. Doinua: “Andre txarraren bentajak”.
![]() | Aitor Sarriegi2008-07-06 |