Astekaria

 Termometroa 

Itzulpengintza administrazioan

Itzultzaileek ez dute dena euskaratu nahi

Hizkuntza-koofizialtasunak lanez gainezka ditu EAEko administrazioan dabiltzan itzultzaileak. Kasu gehienetan erdararen gotorleku den horretan, haiek arduratzen dira gaztelaniaz sortutakoa euskaratzeaz, azken produktuak behintzat legea bete dezan. Baina kexu dira: askotan alferrikakoa da euren lana, inork irekiko ez dituen tiraderak betetzeko baino ez du balio eta.

Unai Brea

Unai Brea


2143. alea
2008-06-29
alde 0    kontra 0
Artxibategia
Artxibategia (Dani Blanco)

Administrazio publikoetako itzultzaileak ez daude lan faltan Euskal Autonomia Erkidegoan. Testu asko eraman behar da gaztelaniatik euskarara, eta inoiz, oso gutxitan, euskaraz sortutakoa itzuli behar da gaztelaniara. Lan izugarria, sarritan behar adina fruitu ematen ez duena. EAEn diharduten itzultzaileen artean guztiz zabalduta dago kezka: euskaratzen dutenaren zati handiegia alferrik euskaratzen dute.

Euskararen aldekoak ari dira eskatzen gutxiago euskaratzeko. Tiraka bloga Eusko Jaurlaritzan lan egiten duten hainbat euskaltzalek sortu zuten; bertan pixka bat ibilita, gaiari buruzko hausnarketa bat baino gehiago ikus daiteke. Denak ildo beretik: gauza gehiegi itzultzen dira. Blogaren sortzaileetako batek, Martin Rezolak, uste du gogoeta egin beharko litzatekeela, zer euskaratu behar den eta zer ez finkatze aldera. “Orain ia dena itzultzen da, ohituraz”, diosku.

Duela hilabete batzuk, Edorta España itzultzaileak antzeko kezkak plazaratu zituen, Administrazioa euskaraz aldizkarian argitaratutako artikulu mardulean. Españak Uribe Kostako Mankomunitatean egiten du lan, Bizkaian, eta berak eta beste lankide batek dute zazpi udalerrik sortutako testuak itzultzeko ardura, ia beti gaztelaniatik euskarara. Betebehar eskerga, inondik ere. Azken legealdian, gainera, handitu egin da, lehen bidaltzen ez zizkieten zenbait agiri mota jasotzen baitituzte orain. Ez da harritzekoa, hortaz, zeregin horren zati bat kanpoko enpresa bati bideratu behar izatea. Eta hala ere atzerapen handiz entregatzen dituzte lanak, guztira iritsi ezinik. EAEn baliabide asko xahutzen da administrazioko testuak itzultzen, Españak gogorarazten duenez; “askotan alferrik, gero ez duelako inork irakurtzen”.

Rezolak bezala, ea dena itzuli behar ote den hausnartzeko eskatzen du Españak. Beste irizpiderik ezean, administrazioko langileen barne-kontsumorako agiri, txosten eta abarrak gaztelania hutsez uztearen aldekoa da, baldin eta erabiliko duten guztiak erdaldun elebakarrak badira. Besterik da herritarren eskura jartzen dena: arauak, ordenantzak...

Elebakartasunaren alde

Harago doa Martin Rezola, Tiraka blogean idatzitako gogoeta honetan antzeman daitekeenez: “Itzulpen-kopurua murrizteko eskariari halako eskubide-printzipio ukiezin bat kontrajarri ohi zaio: euskaldunok eskubidea dugula hainbat eta hainbat informazio eta dokumentu euskaraz ere izateko. Eta hortik beldurra. Nik, alabaina, beldur horren funtsa zalantzan jarri nahi nuke”. Besteak beste, euskaraz inork irakurriko ez duena gaztelania hutsean utzita, gordinago ikusiko da zein den euskararen egoera, eta agian baten bat suspertu egingo da. Bestalde, agirien elebakartasuna ez litzateke gaztelaniaren mesede hutserako izan behar: euskaraz testu gehiago sortzearen aldekoa da Rezola. Eta gaztelaniara ez itzuli.

Ildo beretik mintzo da, beste artikulu batean, Malores Etxeberria Hernaniko Udaleko euskara teknikaria. Dioenez, administrazioan ustez dagoen elebitasuna azal hutsezkoa da. Praktikan, gaztelaniaz lan egiten da gehienbat, eta amaieran euskarazko ukitua ematen zaio produzitutakoari, euskarazko itzulpena jarriz erdal jatorrizkoaren aldamenean. Orobat, elebitasunaren aurkako iritziak oso zabalduta daude administrazioko langile euskaldunengan. Elebitasuna modu horretan ulertuta, beti ere.

Irizpide finkorik ez Euskararen Legean

Euskararen Legeak ez du zehazten zer itzuli behar den eta zer ez, eta ez dio den-dena elebidun izan behar denik ere, Eneko Oregik, Herri Arduralaritzako Euskal Erakundeko (HAEE) Itzulpen Zerbitzu Ofizialeko buruak adierazi digunez. “Legeak esaten du herritarren eskubideak bermatu behar direla, eta hori betetzeko gauza asko itzuli behar dira”.

EAEko administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko laugarren plangintzaldia ezartzear da, eta hark gehiago itzuli beharra ekarriko du, Oregiren esanetan, baina orain baino gehiago itzuliko da euskaratik gaztelaniara. “Egin dira aurrerapausoak horretan hala ere, oraindik euskarazko produkzioa apala den arren”, azpimarratu nahi izan du.

Erabilpena sustatzea, hori da gakoa Oregiren ustez. Zerbait aurreratu dela dio, baina funtzionario asko euskaraz aritzeko trebatu izanak ez du erabilpena areagotu. Horrek “malenkonia” halakoa eragin die administrazioko langile askori, egindako lanak emaitzarik ez duela ikusi dutenean. Funtzionarioek euskaraz lan egin ahal izateko ahalegin asko egin behar da oraindik, aitortzen du Oregik, eta zeregin horretan funtsezkoa izango da itzultzaileen parte hartzea; ez itzultzaile modura, trebatzaile modura baizik.

Horixe aldarrikatzen du, hain zuzen, Edorta Españak: “Itzulpen-kopurua murriztu eta ordu gehiago eskaini beharko genioke langileekin egoteari”. Bide luzea da baina. Españak salatzen duenez, langile batzuek hizkuntza-perfila lortu eta hortxe amaitzen dute euskaraz jarduteko trebakuntza; praktikan ez dira gauza euskaraz ezer ekoizteko. Beste batzuek berriz, ezta perfila lortu ere.

Euskara argiaren bidean

Duela hamar urte inguru, HAEEk euskara argiaren aldeko apustua egin zuen. Horren ondorioz, gaur egun administrazioek argitaratzen dituzten euskarazko testuak ulergarriagoak dira ordukoak baino. Baina ez askoz ulergarriagoak, Edorta Españaren ustetan. Errua itzultzailearen trebezia falta izan daiteke batzuetan; beste askotan, gaztelaniazko jatorrizkoaren mordoilokerian bilatu behar da arrazoia, euskarazkora igarotzen baita. Zortzi lerrotan hiru koma besterik ez dituen esaldia gaztelaniaz ulergaitza bada, hagitzez ulergaitzagoa izango da euskaraz. Gehitu egiozu dozena erdi hitz tekniko, eta hor duzu antilingua.

Itzultzaileek, gero eta gehiago, irizpide horiek dituzte gogoan, eta denak bat datoz aurrera egin dela, baina Españaren esanetan asko dago oraindik egiteko. “Orain dela hamar 8-10 urte HAEEk bide hori zabaldu zuenean, prestakuntza ikastaroak egin ziren hainbat administraziotan, euskara garbiaren beharra denon ahotan zegoen... Baina iruditzen zait hasierako ahalegin handi hura apur bat motelduta dela. Gauza bat da irizpide sorta bat jasotzea liburu batean, eta beste bat hori nola gizarteratu den, ea benetan itzultzaileengana zein gainerako langileengana ondo iritsi den”.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
  • 1# | Oskar Arana Ibabe (itzultzailea) eta Zelai Nikolas Ezkurdia (legelaria) | 0000-00-00 00:00:00

    ARAU-IDAZKETA ELEBIDUNAREN BEHARRA

    Administrazioan lan egiten dugunontzat legeria da (legeak, erregelamenduak, aginduak, ebazpenak...) gure lanabes nagusia. Hori horrela izanik, lanabesaren kalitatea zaintzea ezinbestekoa da lanabes horrekin egindako lana kalitatezkoa izango bada.



    Azken boladan hainbat tokitatik ohartarazi zaigu ezagutza hutsaren eta itzulpen hutsaren aldiak gaindituta daudela, azken 30 urteko esperientziak argi utzi baitu ez batak eta ez besteak ez dutela bermatzen euskal administrazioek euskaraz normaltasunez jardutea.



    Asmoa joera horiek garaitzea bada ere, ez da inor harrituko esaten badugu gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan euskarazko lege-testuak, oro har, itzulpenaren bidez sortuak direla. Alegia, lege-testuak gaztelaniaz landu eta sortzen dira eta euskarazko itzulpena legea onartzeko bidean izapide huts bat baino ez da, azkena. Horrez gain, euskarazko lege-testua itzultzaileak bakarrik egiten duen lanaren ondorio da, hau da, ez dago inolako harreman egituraturik lege-testua landu eta sortu duten teknikari eta itzultzailearen artean.



    Merezi du ohartarazteak itzulpena, berez, ez duela zertan bide desegokia izan behar lege-testu bat dena delako hizkuntzan jartzeko. Horren adibidea Europar Batasuneko legeria da. Europar Batasunean testuak gehien bat ingelesez eta frantsesez prestatzen dira, eta gero, itzultzaile talde batek Estatuen gainontzeko hizkuntzetara itzultzen du. Gaztelaniaz irakurtzen ditugun Europako lege-testuak, hortaz, itzulpen hutsa dira, baina egokiak dira eta funtzionatzen dute.



    Eztabaidak, beraz, ez du zertan itzulpenaren aldekoa edo kontrakoa izan behar derrigorrez, izan ere, onartu beharra dago itzulpena oraindik ere urte askotxotan euskal administrazioen lan-tresna izango dela lege-testuak Euskal Herriko hizkuntza ofizialetan egon daitezen bermatzeko, alegia, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.



    Eztabaidaren muina, hortaz, harago dago nire ustez: ¿Zein euskaratze-teknika erabili behar dugu administrazioaren testuak ulergarriak eta zuzenak izateko? Zergatik beti testuak euskarara itzuli behar izate hori? Batzuetan euskaraz sortutako testuak gaztelaniara edo frantsesera ere itzul daitezke, ez ala? Korredakzio-teknikek badute tokirik gure eguneko jardueran? Nork izan behar du ardura administrazio-testua hizkuntza ofizialetan egon dadin? Beti itzultzailearen lana izan behar du edo teknikariek ere elebitasun-trebeziak landu behar dituzte zenbait kasutan haiengan ardura hori uzteko? Zein kasutan, ordea? Ezin liteke hizkuntzalari eta legelarien arteko harreman egituratu baten ondoriozko testua izan?



    Beti bezala, galdera mordoxka eta erantzun biribilik ez. Hala ere, eguneroko esperientziak intuizioan oinarritutako hainbat bide jorratu behar direla esaten digu. Lehenbizikoa kalitatearena: lege-testuak (legeak eta dekretuak batez ere) sortzeko prozeduran bertan aintzat hartu behar da testu hori euskaraz ere egon behar duela eta euskarazko testuak gutxienez gaztelaniazko kalitate bera izan behar duela.



    Gaur egun, tamalez, legeak prestatzeko indarrean dugun hainbat legetan kezka hori ez da jasotzen, ikus esaterako Eusko Legebiltzarreko 8/2003 Legean, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarena, edo Eusko Jaurlaritzaren Idazkaritza Nagusiak onartu zituen Lege Egitasmoak, Dekretuak, Aginduak Eta Erabakiak Lantzeko Jokabideetan. Ez batean ez bestean ez da aipamenik egiten lege-testuak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu behar izateari eta horrek prozeduran ekarri beharko lukeen urrats eta kalitate kontrolei. Hala ere, arau horiek Euskararen erabilera normalizatzeko 10/1982 oinarrizko Legearekin uztartu behar dira eta lege horren 8. artikuluak honela dio:



    8. artikulua


    1. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan kokatutako herri-aginteek emandako arau-xedapen zein ebazpen ofizial orok bi hizkuntzetan idatzita egon beharko du zabalkunde ofíziala egiteko.



    2. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan kokatutako herri-aginteek esku hartzen duten egintza guztiak eta baita administrazioaren jakinarazpen eta adierazpenak ere bi hizkuntzetan idatzita egon beharko dute, salbu eta interesdun partikularrek Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat berariaz erabiltzea aukeratzen badute.


    Lege-prozeduretan, gure ustez, hizkuntzak eta bere kalitateak trataera sistematikoa eduki behar du eta erakunde guzti hauen artean hizkuntzen kalitatea bermatuko duten bide egonkorrak eratu behar dira, prozeduraren urrats bakoitzean hizkuntzalari eta teknikarien arteko elkarlana bermatuz.



    Bide hori da hain zuzen Europar Batasuneko legeria itzultzeko jarraitzen den bidea, besteak beste. Suitzan ere bide horri jarraitzen zaio, Kanadan…Euskal Autonomia Erkidegoak ere bide horri ekin beharko lioke eta lehenengo urratsak teknikariak horretarako prestatzea izan beharko luke.



    Nolanahi ere, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoa xede horretatik urruti badago ere, Jaurlaritzak badu hizkuntzalari eta legelarien arteko elkarlanerako esperientzia pilotu bat, arau-idazketa elebidunerako esperientzia baliagarria izan litekeena eta esperientzia horren berri eman nahi izan genuen Deustuko Unibertsitateak antolatutako jardunaldietan.



    Azken hiru urteetan, Lehendakariordetzako legelari bat eta IVAPeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialeko itzultzaile bat elkarlanean aritu izan gara Euskadiren Eskumenak izeneko datu-basea euskaratzen.


    Gernikako Estatutua onartu zenetik gaur arte Euskadik bereganatu dituen eskumenen inguruko informazio garrantzitsuena biltzen duen kontsulta-tresna da. Bertan, Administrazioaren arlo guztietako zereginei buruzko informazioa biltzen da, eta, euskaratzeko zeregin horretan, administrazio-arlo guztietako hizkera juridikoa landu behar izan dugu.



    Orobat jasotzen dira eskumen-eskualdaketetan sortu diren auziei buruz Konstituzio-auzitegiak eman dituen epai batzuk, eta, hala, eskumenen inguruko konstituzio-zuzenbidearen hizkera ere landu behar izan dugu. Izan ere, datu-base honek etorkizuneko datu-base osoago baten aurrekaria izan nahi du.


    Egitasmo honetan parte hartu dugun teknikariontzat oso esperientzia positiboa izan da eta beste saio batzuetarako aurrekari izatea gustatuko litzaiguke. Azpimarratzekoa da, zentzu horretan, arduradun politiko eta zerbitzu-buruek izan duten pazientzia eta jarrera baikorra eta hori esker esan dezakegu gaur egun Eusko Jaurlaritzan posible ikusten dela arau-testuen idazkera elebidunen aldeko urratsak ematen hastea, duela urte batzuk ezinezko ikusten zena.

Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia