2008-06-29 -- 2143.zenb
Berbaro
1989an sortu zen Berbaro Elkartea (www.berbaro.com). Durangoko euskaltzale batzuk batu eta beste herri batzuetako erreferentziak jarraituta, zuzendaritza-batzordea, azpitaldeak, egoitza… jarri genituen martxan. Gehienok, jakina, ez ginen euskara-normalkuntzako profesionalak, gehienok intuizioarekin, motibazioarekin eta euskaraz bizitzeko gogoarekin parte hartzen genuen ekitaldien antolaketan.
Intuizioz hasi genuen ibilbidea baina urteetan Berbaron lan egin duten langile, boluntario eta zuzendaritzako kideen lanari eskerrak, gure egitekoa profesionalizatu dugu, euskararen aldeko lanean eraginkor izateko modua horixe dela sinesten dugulako. Hala, Berbarok, apurka-apurka, fruituak emateari ekin zion; zuhaitzak, gero eta sendoago, berbaro-kimuak emateari ekin zion:
Durangoko Liburu eta Disko Azokan umeei begira prestatzen den Haur Literatur Aretoa Berbaro da. Ume eta gaztetxoen artean euskarazko irakurzaletasuna sustatzea helburu duen egitasmo hau Liburu Azokan ez ezik, Durangaldeko beste hainbat herritara ere eramaten dugu. Iaz adinez nagusi egin zen, hemezortzi urte bete zituen.
Gaur egun 8.000 etxetara heltzen den Anboto aldizkaria ere Berbaro da. Durangaldeko astekari bakarrak 24.000 irakurle inguru ditu eta proiektu honen hegapean sortu dira bai web gunea (www.anboto.org) bai eta Anboto Irratia ere.
di-da Koop. Elkartea (www.di-da.com) Berbaro da. Komunikazioa bere zabalean lantzen duen enpresa honetan hamar lagunek egiten dute lan eta besteak beste azken hiru Korrikak eta Ibilaldiak eta 2007ko Bizkaiko Bertsolarien Txapelketa antolatu ditu.
Durangoko Euskara Zerbitzua ere Berbaro da. Berbaroren bi langilek kudeatzen dute Durangoko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, Udaleko euskara teknikariarekin batera 1999tik.
Durangoko Plateruena Kafe Antzokia (www.plateruena.net), jakina, Berbaro da, baina historian atzera egin behar dugu eraikin honen hasierako teilak non jarri genituen gogoratzeko: elkarteak zituen proiektuetarako dirua lortzeko Berbaro taberna zabaldu genuen 1994an. Horrela konturatu ginen hizkuntza ohiturak aldatzea oso zaila bada ere, egunero zabalik dagoen txiringito batean batzen den jendearen hizkuntza ohiturak euskararantz bideratzerik badela.
Proiektu “txiki” hartatik lortu genuen esperientziak eta ilusioak bultzatuta, Durangalde mailan eta Euskal Herri osoan erreferente bihurtuko zen euskararentzako “txoko” handiago bat erditu genuen, proiektu erraldoi hura gauzatzeak itzelezko esfortzua eskatu zigulako eta azken batean… gure barren-barrenetik sortutako umea ere badelako. Gaur egun, Plateruena antzokiak hogeita hamar langile ditu, mundu osoko hainbat eta hainbat musikari eta artista hurreratzen da bertara, iaz 130 ekitaldi inguru antolatu ziren eta 30.000 lagun pasatu zen bertatik. Koxkortuz doa gure umea; datorren urrian beteko ditu lau urte.
Berbaro taberna martxan jarri eta urtebete geroago, goiko pisuan gure bazkideentzako txokoa ere zabaldu genuen, gure herrian jatekoaren inguruan batzeko daukagun ohitura ezin saihestuz!
Antzokiaren proiektua errealitate bihurtu genuenean, elkarteak etorkizunean hartuko zuen norabidea definitzeko gogoeta prozesua egin zen bazkideekin batera, eta gogoeta prozesu hark finkatu du azken urteetako gure lan ildoa:
Ume eta Gazte Arloa sendotzea. Gazteei zuzendutako ekintzak antolatu eta gazteak elkartera nola erakarri asmatu nahian gabiltza. Gure erronka: egun elkartera hurreratzen diren gaztetxoak etorkizuneko berbarotar izan daitezela.
Bestalde, Haur Literatura Aretoa inoiz baino indartsuago badago ere, egungo beharrizan eta teknologia berrietara egokitu eta itxura fresko eta modernoagoa eman nahian gabiltza.
Herrian presentzia handiagoa izatea. Herrian antolatzen diren hainbat eta hainbat ekintzen gidari garen arren, egiten duguna eta transmititu nahi duguna hobeto helarazi gura dugu, egindakoa ikusten ez bada, sarritan egin izan ez balitz bezala delako.
Etorkin gazteak euskalduntzea. Ume eta gazte etorkinek euskara ikasteko dituzten arazoei aurre egin nahian, Berbaro elkarteak AEKrekin eta Udalarekin elkarlanean etorkin hauentzako eskolaz kanpoko errefortzu klaseak antolatu ditu, umeak euskarara era ludiko batean hurbil daitezen.
Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi epe laburrean martxan jarriko dugun euskara hutsezko telebista. Telebista hau ere Berbaro izango da, besteak beste. Berbarok zirikatu baitzituen Gerediaga Elkartea, Anboto eta beste erakunde batzuk, Hamaika ikus-entzunezkoak S.L.rekin batera eskualdeko kalitatezko telebista euskaldun eta lehiakorra sortzeko.
Datorren urtean 20 urte beteko ditu Berbaro elkarteak eta zer ospatu badugunez (aurreko lerrootara begiratzea baino ez dago!), urteurrena behar bezala ospatzeko prestaketa lanetan buru-belarri aurkituko gaituzu hemendik aurrera. Zer… bazatoz?
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa