Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-02-09 16:49:58
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
  • Hasiera >
  • >
  • Euskalgintza aktibatu eta sarea sendotzea beharrezkoa da (Ainara Vazquez, Bagera elkarteko langilea)

2008-06-29 -- 2143.zenb

Euskalgintza aktibatu eta sarea sendotzea beharrezkoa da (Ainara Vazquez, Bagera elkarteko langilea)

Ainara Vazquez (Bagera elkarteko langilea)

argazkia

Bagera


Bagerak, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea izanik, ez du Euskal Herrian diren beste edozein euskara elkarteekiko desberdintasun handirik bere barne funtzionamenduan, eguneroko jardunean eta helburuetan. Hau da, Bageraren funtzio nagusiak euskararen eta euskal kulturaren sustapena eta hedapena dira, etorkizunean euskaraz biziko den Donostia bat izateko. Bide horretan hainbat ekimen burutzen ditugu, batzuk euskararen normalizazioan eragiteko xedez; hala nola, Mintzalagun programaren bidez euskararen erabilera bultzatuz, Donostiako ekitaldi nagusietan euskararen erabilera neurtuz, eta abar. Beste ekimen batzuk berriz, euskal kultura sustatzeko: Mari Domingi ikastetxez ikastetxe, San Joan lore-sortak, Kantuz taldeak, kultur emanaldiak, ... Guztiek parte hartze ahalik eta zabalena izateko asmoa dute, batzuek beste batzuek baino hedapen murritzagoa izango dutela jakin arren. Gehienetan, elkarlana beharrezkoa eta desiragarria da; bai beste enpresekin, norbanakoekin edo taldeekin, euskalgintzarekin eta baita administrazioarekin ere. Administrazioen artean, Donostiako Udalarekin dugu harremanik zuzenena, eta hainbat ekimen antolatzen ditugu elkarlanean. Hala ere, sekula ezin dugu ahaztu Bagerari Udalaren begirale eta akuilu izatea ere badagokiola, normalizazioaren helburutik urrundu ez dadin, besteak beste, nagusiki, udan Donostian egiten diren aisialdi ekimen garrantzitsuenen behaketak (Aste Nagusian, Zinemaldian, Jazzaldian eta beste) eta Donostiako Euskararen Plan Orokorraren jarraipena eginez.

Hau da Bageraren egunerokotasuna. Aurrera begira berriz, beharrezkoa iruditzen zaigu, lehenik, arrakasta duten ekimenekin jarraitzea eta ahal den heinean horiek zabaltzea eta sendotzea, dela jende kopurua handituz, dela auzo gehiagotara zabalduz edota maiztasuna handituz. Bigarrenik, birmoldaketa edo planteamendu berria behar duten ekimenak eta proposamen berriak jaso eta bideratzea. Horretarako ezinbestekoa izango da bagerakide gehiagoren parte hartzea lortzea; bai ekimen puntualetarako eta bai aldizkako jardueretarako. Azkenik, Bageraren etorkizuneko egitasmo garrantzitsuenetako bat, Donostian dagoen euskalgintzaren sarea zabaldu eta sendotzea izan beharko luke dauden harremanak sendotuz eta berriak sortuz.

Hasieran esan dugu Bagerak ez duela beste elkarteekiko desberdintasun handirik, baina Bagerak Donostian egiten du lan, hiriburu batean, eta, gainera, hiribururik euskaldunenean. Ezaugarri honek berezitasunak sortzen ditu lan egiteko orduan. Hauetako batzuk aipatu baino lehen, esan behar da guztiek badutela beren alde ona eta beren alde txarra, zoritxarrez. Batetik elkartearen tamaina izango litzateke berezitasunetako bat; gaur egun Bageran 2 langile aritzen gara, honek ematen dituen aukerekin. Hala ere, horrek bagerakideen lasaitzea dakar eta langileen esku uzten da lanaren ardurarik handiena, beraien parte hartzea, aberasgarria izateaz gain, premiazkoa dela ahaztuta. Bestetik, honekin lotuta, hiriburuan hainbat arlotako elkarte guztiz ezberdinak biltzen dira eta maiz norbanakoek nahiago duten beste arlo bati eskaintzen diote beren denbora. Neurri batean horretan eragiten du Donostia hiribururik euskaldunena izateak, beste hiriburuek baino egoera hobea izanda, askok euskararen arloari ez diotelako beharko lukeen lehentasunik ematen. Dena den, elkarte eta erakunde desberdin askoren bilgune izateak, elkarlanerako aukera asko ematen ditu arlo diferente gehiago jorratu ahal baita. Egia da bestalde, hiriburu batean erdigune bat izatea oso zaila dela eta Bagerak hainbat eta hainbat ekimen auzoetan eta, hein batean, auzotarrentzako antolatzen dituela, bertakoen laguntzaz. Honek, askotan, auzo batzuetara ezin iristea eragiten du, eta zabalpenean hanka motz gelditzea. Azkenik, ezin aipatu gabe utzi kultura arloan hiriburu batean dagoen lehia. Egunero makina bat ekitaldi antolatzen dira Donostian eta Bagerak hutsuneak antzematen eta eskaintzaren osagarri izaten asmatu behar du. Gaur egun, Udala da kultur ekitaldi gehienen antolatzailea, eta, zoritxarrez, eskaintzaren zatirik handiena gazteleraz izaten da, baita beste ekimen pribatuetatik sortzen den eskaintzaren zati handiena ere. Horretan ere lan egin behar du Bagerak, administrazioaz kanpoko ekimenak euskaraz izan daitezen. Beste biderik ez dago euskararen normalizazioa lortuko badugu.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan