Galdeketa ikusmiran

  • Iragana baino are interesgarriagoa du Eskoziak egun uztartzen ari den eztabaida nazionala. Euskal Herrian galdeketa antolatzeko dauden zailtasunak ezagututa, prozesu guztiz demokratiko baten adibidea aurkitu dugu han. Europako herrialde honetan gizartea bera da etorkizuna erabakitzen ari dena, eta okerrik gertatzen ez bada, bere ahotsa izango da azken hitza.
Eskozia
Lander Arbelaitz
Zilarrezko ezpata txikia gona eskoziarra eusten, belaun-buruak agerian uzten dituzten galtzerdi beltzak, alkandora zuria eta jaka iluna soinean, erraz nabarmentzen da John, Inverness herriko gida turistiko dotorea. Bost kanpotar erakartzea lortu du oraingoan. Hamar liberaren truk (12,6 euro) Ness lakuaren iparraldean dagoen herri lasaiaren historia in situ kontatu die, aurrez prestatutako txiste eta anekdotaz arindua. Ibilaldia ia bere osotasunean ingelesekin izandako gudek hartu dute. “Hona etorri eta gure etxeak erre zituzten, milaka hildako eragin, beste horrenbeste Ameriketara eta Australiara bidali, gaelera, musika tresnak eta gure jantziak debekatu… Orain ulertzen al duzue zergatik gorrotatzen ditugun horrenbeste ingelesak? Bada garaia berriz independente izan gaitezen”, bota du ibilaldia amaitzean. Gero eta gutxiago falta da erreferendumerako eta nabari da giroa berotzen ari dela.
 
Iazko hauteskundeetan Alderdi Laboristak baino legebiltzarkide bat gehiago aterata, luzaroan pentsa ezina lortu zuen Alex Salmonden SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak: agintea lortu eta gutxiengoan gobernua eratzea. Hauteskunde kanpainan hitz eman bezala, herrialde independente izan nahi duten ala ez erabakitzeko 2010. urteko erreferendumari tinko eusten diote Eskoziako Gobernutik –abertzaleek ez diote Eskoziako Exekutiba deitzen, Eskoziako Gobernua baizik–. Alderdi Laboristak, independentziaren aurka dagoen alderdi nagusiak, galdeketa begi onez ikusten duela gehiegi esatea den arren, onartu egiten du. Hala ere, oposiziotik galdeketa zenbait eta arinen burutzeko presioa egiten ari dira, Erresuma Batuarekiko zatiketa babesten duten herritarrak pixkana gora doazela baitiote inkesta gehienek.

Independentistak baikor

“Egizu lan nazio hobe baten lehen egunetan biziko bazina bezala”, irakur daiteke Eskoziako Parlamentuko paretetako batean Edinburgon. Omenaldi gisa Robert Louis Stevenson, Walter Scott, Robert Burns eta beste hainbat poeta eta idazle eskoziarren esaldiak horman geratu dira. Historiaz beteriko hiriarekin kontraste bizia egiten du eraikin modernoak. Autonomia 1999an berrezarri bazen ere, 2004an ireki zuten Parlamentua hartuko zuen eraikina.
 
Eskoziako arrantzaleen omenez olatu forma du sabaiak. Azpitik igaro eta azken solairuan zain dugu Stuart MacMillan, SNP alderdi abertzaleko legebiltzarkidea. Eraikina bera bezain berritzailea da bulegoa. Paretetako batean independence dioen itsaskin horia erraz nabarmentzen da. SNPko legebiltzarkide izan arren, Ingalaterran jaioa da; hala ere, alderdikide bakarretakoa izango da San Andresen gurutzedun bandera zuri-urdina bulegoan zintzilik duena.
 
Pozik daude alderdi abertzalean, herritarrengana iristea lortzen ari direla eta eskoziar nortasuna indartzen ari dela uste dutelako. Laboristen krisiak ez omen du behea jo, oraindik orain Erresuma Batuko hauteskundeak galduko baitituzte MacMillanen ustez. Norvegia, Danimarka eta Irlanda bezalako herrialde “txikiak” ditu hizpide independentziaren onurak aldarrikatzeko, biztanle kopuruan eta tamainan antzekoak baitira. Laboristak erreferenduma aurreratzeko egiten ari diren presioaz dio hauteskundeetara aurkeztean SNPk argitaratu zuen Manifestoan argi jartzen duela galdeketa 2010ean egingo dela, beraz, hor ez dutela ezer eztabaidatzeko.
 
– Irabaziko al duzue erreferenduma?
 
Azken hitza ahoskatu orduko zabaldu zaio irribarrea ahoan. “Bai”. Segundo bateko pausa, eta tinko amaitu du esaldia. “Eskozia herrialde independente izango den eguna iristeko irrikitan nago; geure buruaren jabe izateko irrikitan; nazioarteko geure ordezkaritzarekin, Eskozia herrialde normal bilakatuko den eguna noiz helduko irrikitan”.
 
Baikor dira abertzaleak Caledonia zaharrean. Behin elkarrizketa amaituta, Euskal Herriarekin lotura garbia eginda dio, bera ez zatekeela sekula SNP alderdian sartuko Eskoziako independentziaren izenean jendea hilko lukeen talderik balego, “independentzia atez ate jendea konbentzitzen lortzen da, eta ez inor hilez”. MacMillanen hitzetan, herritarren gehiengoak biolentziaren bidea arbuiatzen du. Datu zehatz gutxi aurki badaiteke ere, orain urte batzuk Scottish National Liberation Army (SNLA) izeneko taldeak eraso batzuk egin zituen. Alde batetik, whisky botiletan pozoia sartuz; eta bestetik, Margareth Thatcher eta Diana Galesko printzesari lehergailu gutunak bidaliz. Ez zen inor hil. Zurrumurruek diotenez, ingelesen inteligentzia zerbitzuko kideak izan ziren talde hau antolatzen saiatu zirenak.

Laboristen presioak

Ingalaterra eta Eskoziaren arteko batasuna inoiz baino auskorrago dagoenean, hirugarren mendeurrena ospatu zuten iaz britainiar sentitzen direnek –Eskozian geroz eta gutxiago, datuen arabera–. Londrestik autonomia eman dieten hiru lurraldeetan (Ipar Irlandan, Galesen eta Eskozian) abertzaleak daude gobernuetan, bakarrik edo koalizioan.
 
SNPren garaipenak Eskoziako politikagintzan aldaketa handia eragin duela agerikoa da. Iazko maiatzeko hauteskunde garaian, Eskoziar Legebiltzarrari eskumen gehiagoren transferentziaren aurka agertu zen Alderdi Laborista; egun berriz, zein eskumen hartu behar lituzkeen negoziatzeko sortutako taldearen buru da. Hala ere, independentzia alde batera utzi dute aipatu batzordean, hasieratik.
 
Parlamentuko lehen solairuan daude Alderdi Laboristako legebiltzarkideak. David Whittonekin geratu gara egungo egoera aztertzeko. Segurtasun irudia ematen saiatzen badira ere, agerikoa da krisian daudela laboristak. Elkarrizketan azkenerako aitortu du urte zaila izaten ari dela bere alderdiarentzat. Hauteskundeak orain egingo balira, ia inkesta guztietan laboristak asko jaitsiko lirateke, eta abertzaleek hamar aulki gehiago lortuko lituzkete. “SNPk urtebete honetan oso neurri erraz eta popularrak hartu ditu herritarrak bere alde jartzeko, baina funtsean, hitz emandako neurri guztietan hitza jan du”. Laborista eskoziarren webgunean sartuta, alderdiari buruzko informazioa bera baino lehenago “SNP, urtebete hitza jaten” mezuak hartzen du pantaila bere osotasunean.
 
– Zergatik zaude independentziaren aurka?
 
– Politikoki bai Europan eta, zergatik ez esan, mundu zabalean egin den batasunik garrantzitsuena delako Ingalaterra eta Eskoziak orain 300 urte egin zutena. Herrialde hau oso txiroa zenean, batasunari esker egin genuen aurrera, eta orain, burua altxa dugunean, ez zait egokia iruditzen alde egin nahi izatea. Gainera, hobeto biziko gara elkarrekin.
 
Eskozia independente izan daitekeela ez du dudan jartzen Whittonek, baina ez litzatekeela komenigarri uste du. Bigarren eskuko auto saltzailearekin alderatu du Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa. “Autoak bezala, bere ideiak saltzen oso ona da, eta jendeak erosi egiten dizkio; gero konturatuko dira ordea autoek motorrik ez dutela”.
 
Halaber, hainbat dira galdeketaren gainean sortutako eztabaidak. Behin baino gehiagotan beren jarrera aldatu badute ere, laboristak galdeketa 2009ra aurreratzeko eskatzen ari dira. David Whittonen hitzetan beraiek herritarren nahia jakitearen alde daude, baina egungo egoera kaltegarria da ekonomiari begira. “Enpresek zein izango den etorkizuna jakin nahi dute, ez dute ez atzera ez aurrerako egoera honetan bizi nahi 2010a arte”. Galdeketak izango lituzkeen aukera kopurua ere zehaztu gabe dago oraindik.
 
Whittonek azpimarratu nahi izan du SNP gobernuan bada ere, Legebiltzarrean independentziaren aldeko gehiengorik ez dela eta ez duela zilegitasunik erreferenduma konbokatzeko. Dena den, Euskal Herrian ez bezala, beren diskurtsoa horretara mugatu beharrean, herritarrak independentziarekin okerrago biziko liratekeela “ohartarazten” saiatzen ari dira laboristak.

Etorkinen babesa

Orain urte batzuk, tartan izeneko ohial eskoziarrarekin erkatu zuen bertako gizartea Alex Salmond lehen ministroak. Integrazioa ardatz, kolore ezberdineko marrak elkar gurutzatuz, etorkinen komunitateari bere proiektua babesteko mezu garbia bota zien. Glasgowko unibertsitateko ikerketa baten arabera, Eskoziako hiru etorkinetatik bik independentzia babesten dute.
 
Pakistango aita eta Kenyako ama ditu Humza Yousafek. Duela 23 urte jaio zen Glasgown, gurasoak bertara bizitzera joan ostean. Independentzia edozein herrirentzat ona dela esaten omen zion aitak gaztetan. Lasai eta garbi egiten du hitz, SNPko Bashir Ahmad legebiltzarkidearen idazkari lanean diharduen gazteak: “Ingalaterran eta beste zenbait herrialdetan baino askoz hobeto gaude integratuta etorkinok Eskozian, hemen inork ez digu eskoziar ala asiar garen aukeratzera behartzen. Hemen bi gauzak batera izan gaitezke”. Horren adibide da, SNPren barne-adar gisa, 2005ean berak sortutako taldearen izena: Young Asian Scots for Independence (Asiar Eskoziar Gazteak Independentziaren alde).
 
“Errespetua da gakoa, eta behin herri batean errespetuz hartzen gaituztenean, duda barik, guk ere bertakoei gure laguntza eskainiko diegu beren proiektua aurrera ateratzeko”. Bere hitzetan, independentziaren borrokak zilegitasun osoa du Eskozian, sinesmen ezberdinetako jende ezberdina biltzen baitu bere baitan. Laboristek Irak eta Afghanistango gudak babestu izanak ere lagundu ei du etorkinak SNPren altzora eramateko.
 
– Independentzia beraz, noizko?
 
– Gure aitak, orain hamar urtetik esan izan dit: “Humza, independentzia bost urte barru lortuko dugu”, beti bost urte. Orain galdetzen badiozu ere bost urte erantzungo dizu; ni baikorragoa naiz, erreferenduma irabazi egingo dugu, eta gazte naizela ikusiko dut herrialde honen independentzia. Ondoren, bizitza osoa izango dut Eskozia independenteaz gozatzeko.
 
Elkarrizketa amaitu eta argazkiak ateratzera bidean, Bashir Ahmad bilera batetik iritsi da bulegora. Ahmad da Eskoziako historian hautatu duten asiar jatorriko lehen legebiltzarkidea. 68 urterekin, baxu egiten du hitz, baina beti begietara begira.
 
– Zergatik babestu behar luke etorkinak Eskoziaren independentzia? –bota diogu galdera boteprontoan, aurkezpenen ostean.
 
– Errespetu handiz guregana hurbildu den herria delako hau eta bidea batera egitera gonbidatu gaituztelako. Horrez gain, herri honen partaide izaki, hobe bizi nahi dugulako.
 
Legebiltzarreko korridoreetan dabiltzan zurrumurruek diotenez, Bashir Ahmad laster erretiratuko da eta Humza Yousaf gaztea izango da bere lekua hartuko duena.

Politikak baztertuta

Eskoziar nortasunaren berpizkundearen kapitulu berri gisa bataiatu dute zenbait egunkari britainiarrek azken urte hau. Kaleko giroan ere nabari da zenbait lekutan. Beste batzuetan ez ordea. Badituzte politikaz haratago beste kezka batzuk.
 
Glasgowk ez du zerikusik Edinburgo, Stirling edo Inverness bezalako hiriguneekin. Arnasten den giroa oso ezberdina da eta pobrezia maila askoz altuagoa. Ehun urtean milioi bat pertsona bertara bizitzera joan izanak badu zerikusirik horretan. Industri iraultzatik aurrera, Eskoziako ekonomia Glasgowko untzigintza astuna, ikatza eta altzairua lantzen zuten meategiek bultzatu izan dute. Egun ostera, hiri grisaren irudia aldatu nahian dabiltza, gauez koloreztatzen dituzten zubi metalikoen antzera. Hirigunea dotorea da, museo, bulego eta komertziorik gehienak hartuz. Baina eskean dabiltzan pertsonak ere gehiago dira nabarmen hemen.
 
Afrikako zenbait herrialdetan baino bizi itxaropen baxuagoa dute Glasgowko hainbat auzotan, eta txiroetan txiroenetakoa Cranhill izenekoa da. Bertan zaila da aurkitzea egunkariek islatzen duten baikortasun girorik. Elizak orain zortzi urte sortu zuen Cranhill Community Project (CCP) elkartea, auzotarren beharrei erantzuteko. Egunero 200 bat pertsona pasatzen dira bertatik, ikastaroak, talde dinamikak eta abar direla medio. Marie Ward arduradunak auzoan egindako zenbait ikerketaren datuak erakutsi dizkigu: Cranhillgo haurren erdia baino gehiago langabezian dauden gurasoekin bizi da, eta ez omen da harritzekoa etxe berean soldatapeko lanik ez duten hiru belaunaldi batera bizitzen topatzea. Bizilagunen %40ak diru-laguntzak behar ditu bizitzeko; %70ak ez du autorik. Bihotzeko eritasunak dituztenen kopurua herrialdeko batez bestekoa baino %94 altuagoa da; drogekin lotutako heriotzak %158 altuagoak. Cranhillen, %60tik gora pobrezia mailatik behera bizi da. 60ko hamarkadan girotutako Ken Loachen My Name is Joe (Nire izena Joe da) filma dakar auzo honek gogora.
 
– Zein dira inguruotako jendearen arazo nagusiak?
 
– Horrenbeste dituzte… –hasi da Marie Ward arduraduna begirada zabaira zuzenduta. Osasuna eta hezkuntzari ematen diote garrantzia elkartean, baina bestela, langabezia, zorrak, familia hausturak, alkohola eta drogek pisu handia dutela dio. Garraioarekin ere arazo handiak ditu Cranhillgo jendeak. Erdigunera joateko zerbitzua oso txarra da, eta auzoan dendarik ez eta auto-jabeak gutxi direnez, oinez egin behar izaten dituzte kilometro batzuk supermerkatura heltzeko.
 
Elkarteko kafetegian Leeann Gear eta Leslie Grieverekin izan gara. Gear 24 urteko neska da, eta proiektua hasi zenetik sartu zen bertan, bere txirotasunean auzokideei lagundu nahiak bultzatuta. Grieve helduagoa da, 50 urte ditu nortasun agirian, baina 60tik gora izan litzake bere larruazal zigortuari erreparatuko bagenio. Bizitzaren gogortasunak zaildutakoak biak, beren Glasgowko azentu itxia ongi ahoskatzeko ere arazoak dituzte. Politikak ez du gehiegi kezkatzen Gear. Bozkatu ere, ez omen du egiten, eta independentziak bere bizitza ez duela gehiegi aldatuko dio. Aitortzen dutenez, auzo hauetan bizi den gehiengoak independentziaren inguruko eztabaida oso urrun ikusten du. Grieve nolabaiteko salbuespena da eta sutsu aldarrikatzen du independentzia bere herrialdearentzat. Arrantza sektorea du hizpide. “Londresko Gobernuari Eskozia ez zaionez axola, Europan ez zituen iparraldeko gure arrantzaleak batere defendatu, eta begira orain, pikutara joan dira denak. Guk gure ahotsa izan behar genuke, geurea guk baino hobeto ez baitu inork defendatuko”.
 
Auzora itzulita, garraio publikoa eta denda falta dute hizpide. Ez ospitale, ez dentista, ez farmaziarik ez dute auzoan, eta edozer gerta ere, kanpora joan behar dute. Garraio publikoak zerbitzu hobea eskaintzea da bizilagunen eskaera nagusietakoa.
 
Erdigunera joateko autobusa hartu behar dugu. 20 minutu barru etorri behar luke batek, eta ez bada etortzen, 40 minuturen buruan etorriko dela hurrengoa esan digu geltokian zain dagoen emakume batek. Askotan ez direla etortzen gehitu du gero. Halaxe gertatu da eta geltokian dauden 15 bat pertsonak, batere kexatu gabe, hurrengoaren zain jarri dira. Batzuk beste zigarro bat piztu dute.
 
Eskoziaren autoestima berritua kolokan uzteko modukoa da Cranhillen arratsaldea igarotzea. Eskoziako Gobernuak badu zer hobetua Cranhill bezalako zenbait lekutan bere proiektua babestuko duen oinarri sozial handia irabazi nahi badu.

Gaeleraren suspertze geldoa

Eskozia iparraldera bidean, tren geltokietako seinaleekin batera hasten da taupaka ia hila dirudien gaelera eskoziarraren kardiograma. Inverness herrian (Inbhir Nis gaeleraz), Lachlann MacColla bere semeekin jolasean ari da eguraldi ona baliatuz. Hiru semeak, Sian (12), Ceallach (10) eta Rònan (6) gaelerazko haur-eskolara bidaltzen ditu. Bera ere gaelera hiztuna da, eta hau dute etxeko hizkuntza. Hala ere, ez da gauzarik ohikoena horrelako adibideak bilatu gabe aurkitzea.
 
Presentzia hutsala du hizkuntzak herrialdearen erditik hegoaldera. Egun, 60.000 hiztun inguru ditu gaelera eskoziarrak. Mendebaldeko kostara eta irletara joan ezean, zaila da kalean entzutea. Egoera horri aurre egin asmoz, Eskoziako Legebiltzarrak Gaelic Language Scotland Act delakoa onartu zuen 2005. urtean eta lehendik sortua zen Bòrd na Gàidhlig taldeari gaelera babesteko Gobernuak izendatutako talde ofizial izaera eman zioten diru-laguntzekin batera. SNP alderdiak, horrez gain, hizkuntza zeltiarra berreskuratzea bere helburuen artean jaso du. Lehen aldia da historia hurbilean gaeleraren aldeko giro politikoa dagoela Eskozian.
 
Korrika eta presaka harrapatu dugu Kenneth Murray, Bòrd na Gàidhlig taldeko burua. Hebrida irletara joatekoa da. “Han bai, han jendeak gaeleraz hitz egiten du eta horrela jarraituko dutela ziurtatu behar dugu”, dio elkarrizketa hasi aurretik. Lanpetuta dabiltza Edinburgoko festibalerako kale izenak eta seinaleak itzultzen, hizkuntzaren irudi normalizatua bilatu asmoz.
 
Gaelerarentzat Plan Nazionalaren bidez, 2041. urterako 100.000 hiztunera iristea jarri du helburu gobernuak eta urtero 21 milioi euro bideratuko ditu berau berreskuratzeko.
 
“Gu izan ginen hizkuntza galdu zuen belaunaldia”, dio Janet Macleodek penatuta. Jaio zenetik etxean gaeleraz egin bazioten ere, eskolaren eraginez, gaelera mespretxatzera iritsi zela dio, eta orain, 50 urteren inguruan dabilenean konturatu da zelako altxorra den hain hizkuntza txikiko parte izatea. Egun, Eskozian propio gaeleraz soilik irakasteko egin den lehen eskolako zuzendaria da bera, Invernessen. Pozik gogoratzen du nola etorri zen Alex Salmond lehen ministroa eskola berria irekitzera. Lehen ikasturtea dute eta 109 ikasle hartzen dituzte zazpi mailatan (bostetik hamaika urtera), baina hiru-lau urterekin 59 ikasle daudela azpimarratu du, datozen urteetan izango den gorakada nabarmenduz.
 
“Nahiz eta pentsatu nahi dudan edozein alderdi agintean izanda ere lagunduko gaituztela, eskoziar abertzaletasunak babes handia eman dio gaelikoari”, aitortzen du eskolako zuzendariak.
 
Semeak jolasean utzi eta Lachlann MacCollak dio Eskozia uztera behartu zituzten nekazariak, egungo AEBetako ingelesean gaeleraren arrasto nabarmenak aurki daitezkeela. Independentzia babesten du sutsuki, baita hizkuntzaren ikuspuntutik ere. “Irlanda adibide hartuta, gaelerari ere independentziak mesede egingo lioke Ingalaterratik aparte bizitzeak, dudarik ez izan horretan”.

Etorkizuna erabakitzeko

Independentzia nahi ala ez, eskoziarren %85 inguru beren etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde dagoela ondorioztatu dute soziologo zenbaitek.
 
Erresuma Batuko lehen ministro Gordon Brown –eskoziarra bera ere– erreferenduma gelditzen saia litekeen galdetuta, buruari buelta pare bat ematen geratu da Stuart MacMillan SNPko legebiltzarkidea. “Laboristak beren posizioa aurkitu ezinik ibili dira azken asteetan eta nork jakin zer defendatuko duten bi urteren buruan”. Beraiek independentziaren aldeko kanpaina egingo dutela ziurtatu du, eta laboristek egin dezatela batasunean jarraitzearen aldekoa, “baina ez daitezela hiritarrei beren etorkizuna erabakitzeko eskubidearen aurka joan, hori gaizki aterako baitzaie”, dio segur asko. Whitton laboristari galdera bera bota diogu. “Ez dut uste Brown erreferenduma gelditzen saiatuko denik; herriari galdetzearen aurka ezin gara joan”. Laboristak posizio zailean dauden arren, beraiek ere ez dute begi onez ikusten herriari galdetzeko aukera kentzea.
 
Behinola lurralde misteriotsu eta urrun izandako Eskoziak, bi urteren buruan herrialde independente izan nahi al duen aukeratu beharko du. Britainia Handiko prentsak sinesgarritasun handia eman dio Alex Salmonden proiektuari, eta jada karrikaratu dituzte umore ukitu batekin Bizitza Eskoziarik Gabe bezalako erreportajeak. Eskoziarrek independentzia aldarrikatzen dutenerako prest, Erresuma Banandua eta Britainia ez-hain-Handia bezalako terminoak ere asmatu dituzte.
 
“Aukeran emango banizu, zein aukeratuko zenuke?”, bota du galdera airera irribarrez Stuart MacMillanek: “Pozik ez dagoen gonbidatua, ala gustura bizi den bizilaguna?”. Umore eskoziarra.
 
 


Eskozia kanalean bidaiaren egunerokoa eta bideoak
Stuart McMilan. SNP
“Herritarrei frogatu behar diegu herrialde normal batean hobeto biziko garela. Ezingo ditugula denak konbentzitu? Tira, beti egongo dira ezetz diotenak”.
David Whitton. Alderdi Laborista
“Ez dut uste Gordon Brown erreferenduma gelditzen saiatuko denik, eskoziar herriari bere etorkizunari buruz galdetzearen aurka ezin gara joan”.
Humza Yousaf. Asiar Eskozia Gazteak Independentziaren Alde
“Ingalaterran eta beste zenbait herrialdetan ez bezala, hemen etorkinoi ez gaituzte eskoziar ala asiar garen aukeratzera behartzen”.
Scotsera
Ingalaterrarekin duen muga inguruan hitz egiten da gehienbat. Ingelesarekin dituen antzekotasunak ikusita, eztabaida dago ea hizkuntza ala ingelesaren Eskoziako aldaera den. Hain zuzen, bertako hiztun askok uste du scotseraz mintzo denean ingelesez ari dela, baina Eskoziako azentuarekin.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Alex Salmond
2019-01-24 | ARGIA
Eskoziako lehen ministro ohi Alex Salmond atxilotu dute, bi emakumeri sexu jazarpena egotzita

Eskoziako lehen ministro ohi Alex Salmond atxilotu dute, bi emakumek bere aurka sexu jazarpen salaketak jarri ostean.


Alex Salmondek iradoki du 2015ean legebiltzarkide izan daitekeela

Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak BBCn egindako elkarrizketa batean esan du ez duela erabakirik hartu parlamentura itzultzearen inguruan, baina ateak “irekita” daudela.


Salmond nagusi independentziaren inguruko azken buruz burukoan

Astelehen gauean izan dute Eskoziako lehen ministro Alex Salmondek eta independentziaren kontrako kanpainako buru Alistair Darlingek independentziari buruzko bigarren eta azken telebistako eztabaida. The Guardian-ek eginiko galdeketaren arabera, Salmondek erraz irabazi duela... [+]


Independentzia Berriak Europan
Eskubidea... eta patrika

Estatu independente izan nahi duen erabakiko du Eskoziak 2014an eta Europa osoan helburu bera duten herrientzat erreferente bihurtu da. Krisiak indartu egin ditu mugimendu independentistak Katalunian eta Flandrian ere. Europako puzzlea pieza txikiagoz osatzen hasteko lehen... [+]


2012-10-16
Ofiziala da Eskoziak hasiko duen erreferendum prozesua

Eskoziak erreferenduma egiteko zuen oztoporik handiena gainditu da Erresuma Batuak aurrera jarraitzeko akordioa historikoa sinatu ostean. Erresuma Batuak aukera eman orduko hasi du Eskoziak prozesua.


Eguneraketa berriak daude