Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Landareak

Uraza guztien amona

Iruditzen zaigunaren aldean sarri galduko gara hemen, nonbait. Hegoaldeko lautada beroetan ezaguna den iparrorratz landare bat Atlantiko aldeko lurretan pixkanaka zabaltzen ari da, asta-uraza (Lactuca serriola). Norakorik gabe bazabiltza eta asta-urazarekin topo egiten baduzu, horra bertantxe zure norakoaren muga. Gararen zurtoinari hostoak heltzen dion oina bihurritu eta hostoa bera zut jartzen du. Zut jartze horrekin Larrea-tarren xede bera lortu nahi du: hego-ipar lerrokatuz eguzki beroenari ihes egitea. Ur eskasiak eta bero galantek erretako lurretakoa dela argi da. Norabidea argitu eta aldamenetik uxatu nahi zaitu, baina pixka batez begiraiozu. Urteko landarea da, azkarrenak oraintxe loretan eta abuztura arte ez dira ugaltze lan horretan nekatuko. Aurten bat den tokian hurrengo urtean ehunka eta hurrengoan milaka. Lur lehorrak ditu maite: luberri, bide bazter, bete lan... Uraza bat da, uraza guztien amonetako bat. Ohikoa dugun uraza aukeraren sortzaileetako bat, Eurasiako beste batzuekin batera. Duela 6.500 urte inguruko arrastoek diotenez Egipton lantzen omen zuten, dagoenerako; ez ordea berdea jateko, haziak jakien bizigarri eta oliotarako gai zirelako baizik. Ia erabat ura den landare honek A bitamina eta latex edo esne zurizta du izerdi. Mikatzetan mingotsena den esnea. Mikaztasun hori kentzea izan da milaka urtetako selekzioaren joera, hortik egungo ehunka letxu barietateak. Jangarria da, baina gazte-gaztetan ere baduen esne zuria kontuz ibiltzeko modukoa da. Lohasma eragiten du, duela 3.000 urte Hipokratesek aitatua, eta XIX. mendean Ingalaterran opioaren ordezko izan da. Bestengusu kanadarrari, Lactuca canadensis-i, “opio basatia” deitzen diote. Sendagarri ezaguna da, baina gehiegi hartzeak eragindako komak ezagutzen dira. Era guztietako karretoen ugaritzeak bere haziak nonahira iristea samurtzen du. Bestalde, berotze orokorrak bere bizimodurako egokiak diren lur kolonizagarrien muga hegotik iparrera, goitik behera dakar Euskal Herrian. Amonak hor dirau baratzetako bilobak, heren-, lauren-, bosten-ilobak... zaintzen.

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2142. alea
2008-06-22
alde 0    kontra 0
Lactuca serriola
Lactuca serriola


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia