Astekaria

 Kultura 

Komikiaren oinarrizko gida

Ez dirudi pertsonaia hau haserre dagoenik...

Gasteizko Krea kultur zentroak Komikiaren oinarrizko gida argitaratu du. Mauro Entrialgo komikigileak dozena erdi trikimailu eta aholku bildu ditu eskuliburu txiki horretan. Elkarrizketetako bunbuiloetan hitzak behar bezala kokatzeko, testuaren eta marrazkiaren arteko orekari eusteko, pertsonaien keinuak sinesgarri egiteko, onomatopeiekin gustuko efektua lortzeko eta lerro zinetikoak –irudiei mugimendua gehitzen dioten lerroak– zuzen erabiltzeko trikimailuak jaso ditu Mauro Entrialgo komikigile gasteiztarrak Komikiaren oinarrizko gida. Zure istorioak hobetzeko trikimailuak eta aholkuak eskuliburuan. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu du Krea kultur zentroak, eta sortzaile hasiberriei zuzendurik dago bereziki. Dena den, Entrialgok dioenez, edonork ikas dezake zerbait gida horrekin, edo, gutxienez, bi minutuz dibertitzeko balio diezaioke. Aholku gutxi bildu ditu Entrialgok. Oso praktikoak dira, ordea. “Ibilian ikas daitezkeen plano motak, elipsiak eta beste tentelkeria batzuk ez ditut aipatu. Askoz ere garrantzitsuagoa da, adibidez, hitzak bunbuiloetan zuzen sartzeko zer egin behar den jakitea”, adierazi digu komikigileak. Teknika kontrolatu ala ez, komikiak marrazteko aitzakia handirik ez dela behar uste du Entrialgok: “Komikiekin asmatutako gauzak konta daitezke, baina ez hori bakarrik. Zuri gertatutako zerbait (jolas parke batera egindako bisita, mendi ibilaldian ikusitakoak...) edo egiten dakizun zerbait (postre baten errezeta...) ere deskriba daitezke, adibidez”. Eta gauzak kontatu, kontatzen dira. Baina ez omen gara horretaz jabetzen, komikiak ihesbide soila direla uste dugulako. “Hori ez da egia. Hizkuntz eskoletan komikiak erabiltzen dira, egunkarietako infografiek komikien ohiko baliabideak erabiltzen dituzte, umore grafikoa komikiaren adar bat da, sekta batzuek komiki bidez erakartzen dituzte jarraitzaileak...”. Komikien presentzia uste baino handiagoa da, baina irakurle gutxi dituzte. Zergatik? Entrialgo saiatu da gure galderari erantzuten: “Hasteko, kontuan izan behar da liburu eta komikirik irakurtzen ez duen, antzerkira ez doan eta mastekatuta ez datorkion ezer –telebista kasu– interesatzen ez zaion jende mordoa dagoela. Ameba hauek albo batera utzita, liburuak irakurtzen dituzten lagunek batez ere ezjakintasunagatik ez diete komikiei kosk egiten. Pertsona horiei, komikiaren mundura hurbildu nahi izanez gero, adiskide baten edo gidaliburu on baten aholkuei jarraitzea gomendatuko nieke. Komiki denda batera sartu eta zerbait halabeharrez erostea absurdoa da. Inoiz filmik ikusi ez duen pertsona batek, haren harribitxiak ezagutzeko kalean topatzen duen lehenengo zinema aretora sartu eta amerikanada bat ikustea bezala litzateke”.

Jon Torner

Jon Torner


2142. alea
2008-06-22
alde 0    kontra 0
Komikiaren oinarrizko gida
komikiaren oinarrizko gida

Mauro Entrialgoren aholkuak
  • Idatzi hitzak bunbuiloak marraztu aurretik.
  • Sentimendu bat nola marraztu ez dakizunean, jar zaitez ispiluaren aurrean eta aztertu zure begi, bekain eta ahoak eratzen dituzten lerroak.
  • Beste komiki batzuetan ikusitako eta asmatutako onomatopeiak erabili, istorioari emozioa eta umorea gehitzeko.
  • Lerro zinetikoek istorioak dinamikoagoak bihurtzen dituzte.
  • Zerbait marrazki batekin azaldu badugu, testuan ez dago berriro kontatu beharrik, errepikakorra eta aspergarria litzatekeelako.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia